Bille August eta François Ozonen lanak Sail Ofizialean emango dituzte

Zinemaldiko sarietarako lehian daudenen artean dago Christian Petzolden azken pelikula ere

John Malkovich aktorea, Michael Sturmingerren Casanova Variations pelikulako eszena batean..
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Sarien lehian ariko diren filmen zerrenda osatzen ari dira. Donostiako Zinemaldiko antolakuntzak jakinarazi duenez, Billie Augusten eta François Ozonen azken filmekin batera, Mia Hansen-Love, Christian Petzold, Michael R. Roskam, Shim Sung-bo eta Michael Sturmingerren pelikulak proiektatuko dituzte Sail Ofizialean. Horiekin batera, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak, Alberto Rodriguez La isla mínima eta Carlos Vermuten Magical Girl zuzendarien lanek osatzen dute, oraingoz, zerrenda. Pablo Maloren Lasa eta Zabala ere Sail Ofizialean izango da, baina lehiatik kanpo. Irailaren 19tik 27ra arte egingo da Zinemaldia.

Orain dela bi urte Urrezko Maskorra irabazi zuen Ozonek, Dans la maison (2012) filmarekin. Augustek, berriz, atzerriko film onenari Oscar saria irabazi zuen 1988an, Pelle the Conqueror pelikularekin.

'UNE NOUVELLE AMIE' François Ozon (Frantzia)

Txikitako lagunak diren bi emakumeren istorioa kontatzen du. Ezkonduak dira, eta horietako batek haur bat izango du. Haurra izan duena, ordea, larri gaixotuko da ama izan eta denbora laburrera. Lagunak senarra eta umea zainduko dizkiola zin egiten dio, eta, hura hil ondoren, haren familia bisitatzera joango da, sekulako ezustea hartuko du, ordea, bisita horretan.

'EDEN' Mia Hansen-Love (Frantzia)

French house deituriko musika estiloan oinarritutako istorioa kontatuko du. Musika elektronikoa abiadura bizian garatu zen 1990eko hamarkadan. Parisko gau bizietan DJ lanean hasiko da Paul.

'STILLE HJERTE' Bille August (Danimarka)

Drama intimista bat izango da Bille Augustek Zinemaldian aurkeztuko duena. Familia bateko hiru belaunaldi asteburu bat igarotzeko elkartu dira. Sanne eta Hedidi ahizpen ama hilzorian dago. Egoerak okerrera egin aurretik hil egin nahi duela jakinarazi die amak alabei. Alabek hasiera batean ontzat joko dute, nahiz eta asteburuak aurrera egin ahala erabakia ez duten horren begi onez ikusiko. Egoera horretan, aspaldiko gatazkak azaleratuko dizkiote elkarri.

'CASANOVA VARIATIONS' Michael Sturminger (Frantzia-Austria-Alemania)

Giacomo Casanovaren Mémoires de Casanova liburuan dago oinarrituta pelikula, eta Wolfgang Amadeus Mozart eta Lorenzo da Ponteren ariak izango ditu. Casanova inoiz inon izan den seduktorerik handienaren mitoa antzeztuko du Jonh Malkovich aktoreak. Fikzioarekin eta antzezpenarekin kontatuko dituzte Casanovaren abenturak, pasioak, eta, batez ere, heriotzari zion beldurra.

'THE DROP' Michael R. Roskam (AEB)

Hollywoodera joan denetik egin duen lehendabiziko filma da. Dennis Lehane idazlearen eleberri bat egokitu du Michael R. Roskamek, eta Tom Hardy, Noomi Rapace eta James Gandolfini dira hango protagonistak. Krimen antolatuak New Yorkeko tabernetan dirua nola zuritzen duen erakutsiko dute pelikulan. Bob Saginowski Brooklyngo tabernari bat da, eta Nadia emakume misteriotsuarekin elkartuko da, zeinak iragan iluna daukan bizkarrean, gainera.

'HAEMU' Shim Sung-bo (Hego Korea)

Shim Sung-bo zuzendariaren estreinako lana da. Aurrez Memories of Murder pelikulako gidoia idatzi zuen. Benetako gertaera batean oinarrituta dagoen pelikula da. Legez kanpoko etorkinak garraiatzen dituen arrantzontzi baten istorioa kontatzen du. Jarduera horrek hondamendira eramango ditu tripulazioko kideak eta itsasontzian doazenak.

'PHOENIX' Christian Petzold (Alemania)

Nina Hoss aktorea da Phoenix-eko protagonista. Traizio bat egin duelako kontzentrazio esparru batera eramango duten emakumezko baten rola jokatzen du. Aurpegia erabat desitxuratuta duela itzuliko da etxera, eta zirujau ospetsu bati eskatuko dio aurpegia berregituratzeko. Ebakuntza egin ondoren, bere senar piano jotzailearen bila hasiko da, baina ez da izango espero zuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.