Hilberria

Bill Viola artista estatubatuarra hil da

Bideo artearen garapenean aitzindaritzat jo izan dute Viola, eta berrogei urteko ibilbide oparoa garatu zuen. 73 urterekin zendu da.

BILL VIOLA
Bill Viola artista, Bilboko Guggenheim museoaren atarian, 2017an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2024ko uztailaren 13a
19:39
Entzun

XX. mendeko artista esanguratsuenetakotzat jo izan dute Bill Viola (New York, 1951). Bideokamerak zituen lantresna nagusi, eta bitarteko elektronikoekin esperimentatuz sortzen zituen artelanak. Berrogei urteko ibilbidean, bideo artearen garapenean eragin nabarmena izan zuen, eta aitzindaritzat jo izan zen haren obra horregatik. Heriotzaren berri haren estudioak eman du, zeina artistaren kolaboratzaile eta emazte Kira Perov sortzaileak zuzentzen duen. Eta jakinarazi du atzo hil zela Viola, Alzheimerren gaitzaren ondorioz, Long Beacheko (Kalifornia, AEB) bere etxean eta «bakean».

1970eko urteetan hasi zuen bere ibilbidea Violak, bideo artearen bidetik. Orduan hasi zen diziplina hori bere lekua egiten, eta garai hartako hainbat sortzailek eraginda hartu zuen bide hori berak ere. Ez alferrik, Sirakusako Unibertsitatean (Italia) ikasi zituen Arte Ederrak, zeina sorkuntzarako bitarteko berriak erabiltzen lehen ikastegietako bat izan zen. Musika elektronikoko ikasketak ere egin zituen han, eta bere artelanetarako doinuak ere sortu izan zituen gerora. Edonola ere, eta bide berritzaileak urratu arren, Errenazimentuko artista handien obrak hartu zituen inspirazio iturritzat hasieratik, bere lanetan agerian utzi zuenez.

Hamarkada hartan eta hurrengoan, Italian egin zuen lan, bai David Tudor pianista eta konpositorearekin, bai Florentziako bideogintza estudio batean, eta bideo artea lantzen zuten beste hainbat sortzaile ezagutu zituen. Urte haietan, garapen bat izan zuen bere obrak, bai ikus-entzunezkoetan izandako aurrerapenengatik, bai bere bizitzan izandako aldaketengatik. Hain zuzen, 1990eko urteetan traza pertsonalagoa hartu zuten haren lanek, amaren heriotzak eta semearen jaiotzak eraginda, besteak beste; horren erakusle da Nantesko triptikoa obra, esaterako.

Denboraren joana

Hain zuzen, jaiotza, heriotza eta denboraren joana bere obra osoaren ardatzean egon ziren. Egunerokoaren irudi poetikoak grabatuz sortzen zituen artelanak, eta pantaila handietan erakusten zituen ondoren, abiadura geldoan erreproduzituta gehienetan. Kira Perovek azaldutakoaren arabera, modu horretan sentipenak lehen planoan jarri nahi zituen artistak: «Mugimenduak geldoan ikusten direnean, esentzia ikustea errazagoa da, eta sentimenduen barnean dagoena ikusgarri egiten da». Sinplea zen Violaren lana, Peroven arabera, begiratu besterik ez baitzen egin behar. Jean Luc Marion filosofo frantsesa oinarri hartuta, artistak sinisten baitzuen artea gai zela norbera ikusteko kapaz ez den hori ikusgarri egiteko. Eta hala, teknika berriekin bazen ere, gizakiaren betiko kezkei heldu zien bere lanetan. Perov: «Billentzat, artistaren rol nagusia gizakiaren arima irudikatzea da, eta, bide horretan, teknologia tresna bat besterik ez da harentzat».

Haren lan esanguratsuenen artean daude, besteak beste, The Quintet Series (2000), Observance (2002), The Tristan Project (2004) —Peter Sellars opera zuzendariarentzat sortu zituen piezak, Wagnerren Tristan eta Isolda operarako—, The Night Journey (2005), Ocean Without a Shore (2007) —Veneziako biurtekoan aurkeztu zuena— eta Bodies of Light (2009). Haren instalazioetako batzuk munduko museo garrantzitsuenetan daude, eta hainbatetan jaso izan zuen aitortza bere obrengatik.

Bilboko Guggenheim museoak atzera begirako erakusketa zabala eskaini zion 2017an; haren 24 obra bildu, eta kronologikoki antolatu zituen zortzi galeriatan barrena. Aretoen iluntasunean jarri zituzten ikusgai pieza guztiak, ikusleari patxadaz behatzeko eta haietan murgiltzeko aukera emateko. Horixe baitzuen xede Violak: «Ulertu dut azkenean nire obra existitzen den lekurik garrantzitsuena ez dela museoko galeria, pantailadun gela edo telebista, ikusi duen ikuslearen adimena baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.