Guztiz trazatua izan aurrean, lanak beste izen bat jarria zeukan: Zorigaiztoko. Joxan Oizek (Donostia, 1968) izenburu harexekin aurkeztu zuen nobela proiektua (H)ilbeltza bekara 2023an, eta, akaso, deitura horretan garbiago susmatu zitekeen kontakizunaren eta Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx-en arteko lotura. «Hain dugu sartua Bilintxen ikuspegi erromantiko eta batez ere zorigaiztokoa...», aitortu du idazleak. Eta, hasieran bai, Oizen asmoa zen Bilintxen istorioan sakonago sartuta idaztea eleberria, baina iritzia aldatu zuen gero: «Ohartu nintzen ez nuela biopic modura uler zitekeen zerbait egin nahi». Azkenerako, Bilintx desagerrarazi gabe baina hari beste rol bat emanda ondu du bere bigarren nobela Oizek, (H)ilbeltza bekaren 2023ko aldi huraxe irabazita. Amazurtza deitu dio lanari orain, eta Txalapartarekin eman du argitara. Hau da ardatza: Donostiako kapela saltzaile batek Bigarren Karlistaldian abiatuko duen ikerketa.
Nobelaren bitartez, Oizek 1876ra darama irakurlea. «Donostia, 1876ko ilbeltz elurtua», dio eleberriaren kontrazaleko testuaren hasierak, hain zuzen. «Aldaketa klimatikoarekin-eta, orain arraroa ematen du, baina bai, e? Urtarril hartan elurra egin zuen Donostian», berretsi du idazleak. Eszenatoki zuritu hura abiapuntu izanik garatu du istorioa Oizek, baina, horretarako, eguraldia baino are inportanteagoa da orduko testuinguru politiko nahasia; hori ere, egiazki halaxe gertatua.
Hiria karlisten setiopean zen orduan. «Pepino mordoa erortzen zen zerutik; sekulako txikizioak egiten zituzten, mila metroko altueratik botatako harrikadek eginen lituzketenak bezalakoak», kontatu du Oizek. Eta hau iradoki du, bestalde: giro gaiztotu hartan, ez dela hain harrigarria batzuek aukera aprobetxatu izana «etsaiak garbitzeko», «krimenak egiteko». Halako kasu bat jasotzen du Amazurtza-k, justu. Oiz: «Tartean, bada hilketa bat, eta hor paratzen dut ikertzailea lanean».
Konbentzioak hautsi nahia
Garai hartan Donostiako Ponsol kapelu denda gobernatzen zuen Agapito Ponsol saltzailea da ikertzailea eleberrian, zehazki. Izan ere, Oizek hasieratik zuen garbi protagonistaren rolean ez zuela nahi poliziarik, militarrik «edo bestelako uniformedunik», eta zentzua ikusi zion kapela saltzaile bat hautatzeari. «Testuinguru horretan, poltsiko guztietarako moduko kapelak saltzen dituen batek harremana dauka edozein klasetako jende txapeldunarekin: izan miliziano, izan mikelete, izan karlista, izan udaletxeko errejidore xisteradun. Azken finean, guztien errespetua du, eta posizio hori aprobetxatu dezake ikerketarako».
Beka irabazi zuela jakin zuenez geroztik, nobela beltz asko leitu ditu Oizek. Eta, horri esker, dioenez, are eta konbentzituago dago genero beltza dela «kanonak hausteko» aukera gehien ematen duten generoetako bat. «Hautsita ere, berehala identifikatzen ditugu haren ezaugarriak, eta ezaugarri horiek bihurritzen dituzten milaka adibide ere baditugu ja».
«Protagonistak [Agapito Ponsolek] badu halako melankolia puntu bat, eta ez dago bete-betean. Eta izandako bizipen batek bultzatuta hasiko da desagertutako pertsonaren bila, ikerketan»
JOXAN OIZIdazlea
Hain justu, Oizen iritziz, ikertzailearen figura da aiseen kizkurtu daitezkeen alderdietako bat. «Izan daiteke detektibe torturatu paranoiko bat, edo, besterik gabe, ikertzaile alkoholiko bat, edo bestelako problemak dituen bat. Beste batzuetan, detektibeak pertsona guztiz usoak izan daitezke, eredugarriak». Amazurtza-ri dagokionez, Oizek gris antzean trazatu du Ponsol protagonista: «Badu halako melankolia puntu bat, eta ez dago bete-betean. Eta izandako bizipen batek bultzatuta hasiko da desagertutako pertsonaren bila, ikerketan».
Ikerketa bat, bere horretan
Oiz bera ere ikerketa betean aritu da hilabete luzez, «gustura». Besteak beste, 1876ko Donostia egoki trazatzea helburu hartuta, buru-belarri aritu da dokumentatzen. Hiriari loturiko erreferentziaz josiak daude eleberriko orrialdeak, eta horrek, Oizen arabera, aberastu egiten du lana. «Iruditzen zait oso erreferentzia interesgarriak direla Donostia ezagutzen dutenentzat, baina baita hiria ezagutzen ez dutenentzat ere. Edo, Donostiari kariño handirik izan ez, edo hiria gorroto duten horientzat ere, Wisconsinen gertatutako hilketa batean ere azal litezkeen elementuak erakusten ditu nobelak, baina Donostiarekin koherenteak direnak».
Izatez, dokumentazioan aritu denean, koherentziaren bilaketan tematu da bereziki Oiz. Hainbat adibide eman ditu. «Bilatu dut zer artilleria erabiltzen zuten batzuek eta besteek, edo zer esekitoki klase», kontatu du, esaterako.
Gainera, ariketak kolkora ekarri dion gogoeta bat nabarmendu du idazleak: «Edozein western irakurri, eta garbi ikusten dugu George delakoak winchesterraren karga husten duela, eta normala egiten zaigu. Nik horiek guztiak ikertu ditut, garaiko Donostiara ekarrita. Eta, noizbait, denok identifikatuko ditugu XIX. mendeko giro horretan agertzen ziren elementuak, bakeroenetan gertatzen zaigun bezala». Hala eta guztiz, aitorpena egin du Oizek, umorez: «Bada anakronismo bat».
Eta, istorioaren katramila horien guztien artean, non da Bilintx? Hark eta haren bizimoldeak piztutako jakin-minak xaxatuta ekin baitzion Oizek nobela idazteari. Baina, eta azkenean? «Joko narratiboak egin ditut, luxu narratibo bakar batzuk hartu ere bai, eta pirueta batzuk egin», esplikatu du idazleak. Irakurleak deskubrituko du bertsolariaren rola zenbateraino den inportante, istorioan aurrera egin ahala.