Bilbon sarituak

Beatriz Txibiteren 'Biennale', Mitxelko Urangaren 'MisEntropia. Kaosa eta ordena' eta Gabriel Aresti sariketako ipuin irabazleen bilduma kaleratu ditu Ereinek

Aritz Gorrotxategi, Mitxelko Uranga eta Urt Zubiaurre, hilaren 22an Donostian egindako aurkezpenean. GORKA RUBIO / ARP.
mikel lizarralde
Donostia
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ez dute euren artean lotura handirik, baina lotuak daude hein batean. Bilboko Udalak antolatu ohi dituen hiru literatur lehiaketaren lan irabazleak argitaratu berri ditu Erein argitaletxeak. Blas de Otero Bilbo Uria Nazioarteko IX. Poesia Lehiaketa irabazi zuen Beatriz Txibitek Biennale poemategiarekin, eta Miguel de Unamuno XVII. Saria, berriz, Mitxelko Urangak MisEntropia. Kaosa eta ordena saiakerarekin. Bi lanak argitaratu ditu orain Ereinek, eta, haiekin batera, 2015. eta 2016. urteetako Gabriel Aresti ipuin lehiaketetan saritu dituzten lanekin osatutako bilduma ere bai. Donostian egin zuten, aurreko astean, liburuen aurkezpena, eta bertan izan ziren, Urangaz gain, Aritz Gorrotxategi eta Urt Zubiaurre, biak ala biak Gabriel Aresti sarien bilduman ordezkatuak dauden egileak. Txibite ez zen aurkezpenean egon, baina bere hitzak bideo bitartez bidali zituen Yakartatik (Indonesia).

BEATRIZ TXIBITE

Hainbat poesia sariketa irabazitakoa da Beatriz Txibite (Iruñea, 1991). Hala, Ernestina Champourcin irabazi zuen Metro-rekin (2014), eta Pekineko kea-k Iruñeko poesia lehiaketa irabazi zuen 2012an. Aurten kaleratu du poema bilduma hori Pamielak. Azkenik, iaz Blas de Otero sariketa irabazi zuen orain argitaratu duen Biennale olerki sortarekin.

Duela bi urte hasi zen idazten liburua Txibite, Venezian (Italia) lanean ari zela, lehendabizi Guggenheim museoan, eta gero Biennale arte jaialdian. «Liburua bi urteko denboraldian idatzi nuen; beraz, tituluak, alde batetik, bi urte horiei egiten die keinu, eta, bestetik, Veneziako arte bienala hartzen du erreferentzia gisa».

Atalka banatuta ez egonda ere, liburuak hiru gai nagusi ditu. Batetik, hainbat olerki Veneziari buruzkoak dira, «turismo bortitzak eragiten dituen arazoei buruzkoak eta kaleetan ikusten den jende ezberdin eta multikulturalari buruzkoak». Bestetik, arte munduari buruz ere hitz egiten du. «Guggenheimeko arte bildumaren barnean dauden hainbat artistaren lanak deskribatzen dituzten munduak islatzen saiatu naiz, edo, gutxienez, haien margolanak eta eskulturak ikustean burura etortzen zitzaizkidan beste eszena batzuk hitzekin osatzen». Azkenik, bada beste gai bat ere: idazlearen beraren belaunaldia: «Nire bizitza eta nire lagunen bizitza nomadari buruzkoa da [liburua]».

MITXELKO URANGA

Orain dela bi urte, Joseba Gabilondok irabazi zuen Miguel de Unamuno saria, Globalizazioak eta Erdi Aro berriak lanarekin, eta nolabait, haren ahaide da, duen tonuagatik batik bat, MisEntropia. Kaosa eta ordena, sari bera irabazi duen Mitxelko Urangaren (Berango, Bizkaia, 1978) saiakera. «Frustraziotik» sortutako lana da, egileak berak aitortu duenez. «Lan hau ikazkin barojarrak zerura jaurtitzen dituen harrien modukoa da, etsai ezezagunari erakusten zaion ukabila». Kritika egiten du liburuak, nahiz eta jakin «inora iritsiko ez dena». Horregatik dio egileak «kutsu apokaliptikoa» ere baduela testuak.

Gabilondo bezala, globalizazioen gainean mintzo da Uranga ere, eta, horretarako, Misentropia kontzeptua asmatu du, «misantropia eta entropia hitzen arteko hitz jokoa». «Oro har, nahiko misantropoak gara. Ingurukoaz kezkatzen gara, baina urruti dagoenaz, aldiz, ez. Irudi tamalgarriak sartzen zaizkigu erretinan, baina gero desagertu egiten dira». Urangaren irudiko, jende guztia da, «neurriren batean», misantropoa. «Haatik, denok ez dugu berdin jokatzen. Misantropoak ez ditu gustuko egungo gizarte, gizateria eta gizaki motak, baina bestelako errealitate mota baten alde egiten saiatzen da». Entropia-k aldaketa esan nahi du, eta, ondorioz, gizakiaz gainera, misentropoak aldaketa bera ere gorroto du. «Misentropoak gizaki mota guztiak gorroto ditu; hartu eta bota gisako objektuak edo animaliak dira beretzat, eta bost axola zaio zer gerta dakiekeen, ordena mantentzeko albo-kalteak baino ez dira-eta».

Misentropoa, berez, zinikoa dela uste du Urangak: «Goizez bake-prozesuetan hartzen du parte, eta gauez armak saltzen dizkie partehartzaileei; esku batekin limosnak ematen ditu, eta bestearekin konfliktoak sortu». Liburua «nahiko apokaliptikoa» izanda ere, itxaropen pixka bat ere azaldu nahi du, eta aldaketa etorriko bada ez dela ezkerretik edo proletariotzatik etorriko uste du egileak. Inazio Mujika Iraola Ereineko editorearen arabera, Gabilondok barbaroak deitzen dituen horiek dira, Eduardo Apodakarentzat anomaloak, eta Urangarentzat terroristak direnak. Uranga: «Feministak, ijitoak, transexualak... Bat egin behar dute, eta beren arteko ezberdintasunak partekatuz, arrakalak bilatu sisteman».

GABRIEL ARESTI SARIAK

2015eko eta 2016ko Gabriel Aresti ipuin sariak irabazitako ipuinak bildu ditu Ereinek liburu batean. Bi irabazleez gain —Katixa Agirreren Hesperia, California 2015ean, eta Gontzal Sanchezen Heriotza maitasunez 2016an—, bi ekitaldiotan akzesita jaso duten hiru ipuin ere bildu dituzte liburuan: Aritz Gorrotxategiren Guztiok anaiak gara, Urt Zubiaurreren Araotz eta Itziar Beasainen Udamin errearen istorioak.

Zubiaurre eta Gorrotxategi izan ziren liburuaren aurkezpenean, eta biek ipuinak genero gisa dituen dohainak azpimarratu zituzten, nahiz eta Gorrotxategiren arabera nobelak «gerra partikularra» irabazi dion narrazio laburrari. «Ipuinak asko ematen dit, betelan gutxiago duelako». Bere ipuina, beretzat, «berezia» da, estilo errealista batean idatzi zuelako aurrenekoz, eta Koldar hutsa zara eleberriaren aurrekaritzat jo daitekeelako.

Zubiaurrek, berriz, aitortu zuen sariketetara ipuin asko bidalitakoa dela bera, eta poz handia ematen diola ipuin horietako batzuk argitaratuak ikusteak. «Irakurle naizen aldetik, ipuin irakurlea naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.