Bilboko Txotxongilo Jaialdiak Ciro Gomez omenduko du

Krisiak festibala gogor astindu duen arren, hemengo eta atzerriko 10 talde bilduko dituzte, hilaren 19tik 25era

Erredakzioa
Bilbo
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoak «gogor» astindu du Nazioarteko Txotxongiloen Bilboko Jaialdia, Txirlora elkarte antolatzaileko lehendakari Concha de la Casak esan duenez. «Ahalegin berezia» egin dute beste urte batez eusteko. Alde batetik eta bestetik saiatu dira laguntzak lortzen. 40.000 euro inguru bildu dituzte. Eta horrekin guztiarekin «ahal denik eta egitaraurik txukunena» osatu dutela nabarmendu du.

Hala bada, Euskal Herriko taldeez gain, atzerrikoak ere izango dira Nazioarteko Txotxongiloen Bilboko Jaialdian. Hainbat herritatik iritsiko dira: Kuba, Kolonbia, Mexiko, Katalunia, Kanaria uharteak, Hungaria eta Espainiatik. Campos antzokian eta Barrainkuako kultur etxean egingo dituzte emanaldiak, hilaren 19tik 25era. Horretaz gain, txotxongilolari gazteen topaketak egingo dituzte, hilaren 23an. Eta Indiako txotxongiloen erakusketa bat ireki dute Barrainkuako kultur etxean.

Kolonbiako Hilos Magicos taldeak irekiko du festibala, hilaren 19an. Antarqui, el hombre que podía volar obra emango du. Eta bidenabar Ciro Gomez konpainiako zuzendariari gorazarre egiteko baliatuko du ekitaldia Txirlora elkarteak. Urte andana dira Kolonbiako konpainia eratu zuela. Dagoeneko berrogeitaka obra zuzendu ditu, teknika ugari erabiliz.

Kubako Titerecuento konpainiak Cuentos de la negra Tomasa eskainiko du. Tomasak zenbait ipuin kontatuko ditu, eta pieza bakoitzean teknika bat baliatuko du. Gladys Casanovaren taldea da Titerecuento, eta inoren laguntzarik gabe ariko da oholtzan, pertsonaia guztiei bizia emateko erronkan. Mexikoko La Cartelerak, berriz, Hoy Shakespeare o Shakespeare hoy ekarriko du Bilbora. Izenburuak berak arrasto esanguratsuak ematen ditu: Shakespeareren zenbait lanen bertsio gaurkotuak eskainiko ditu Franco Vegaren taldeak.

Jaialdiaren egitaraua apalagoa izanagatik, Euskal Herriko taldeek ere izango dute tartea. Esate baterako, Kolore Bitxiak Mondo flurss erakutsiko du. Antzerki molde berriak bilatze aldera, plastikozko poltsekin sortutako obra da. Konpainiakoek diotenez, «lehen izugarri erabiltzen genituen. Aldiz, orain ahal denik eta poltsa gutxien izaten saiatzen gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.