Lan gatazka

Bilboko Orkestra Sinfonikoko langileek protestak egingo dituzte

Negoziatzen ari diren lan itunean ordezkapenak bermatzeko eskatu du langile batzordeak. Elkarretaratzera deitu du ostegunerako, Areatzan, eta larunbaterako, Arriaga antzokian.

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren artxiboko irudi bat. BOS
Bilboko Orkestra Sinfonikoaren artxiboko irudi bat. BOS
Ainhoa Sarasola.
2024ko ekainaren 18a
15:47
Entzun

Bilboko Orkestra Sinfonikoko langile batzordeak bi protesta egingo ditu asteon, Bilbon, gaixoaldi, baimen nahiz hutsik dauden postuak ordezka ditzatela eskatzeko. Elkarretaratzera deitu dute: ostegunean Areatzan, 18:30ean; eta larunbatean Arriaga antzokian, 18:00etan. 

Ohar baten bidez langile batzordeak azaldu duenez, lanpostuen ordezkapenena da lan itunaren negoziazioa «galgatzen» ari den auzi nagusia; haren hitzetan, zuzendaritzak uko egiten baitio horiek bermatzeari. Eta salatu du orkestran ezarritako murrizketa politikek «azken hamarkadan hamar lanpostu deuseztatzea» ekarri dutela. Salatu du horrek guztiak zuzenean eragiten diola «lantaldearen osasunari eta mende bat duen orkestraren proiektu artistikoaren kalitateari».

«Langileen iritzia da beren aldarrikapenak ez daudela lekuz kanpo, baina, gaur egun, gastua murrizteko irizpideak nagusi izaten segitzen du, orkestra sortu zeneko helburuaren gainetik: musikaren kalitatea eta gizarte lana».

Horregatik, langile batzordeak aldarrikatu du negoziatzen ari diren lan itunak lehenetsi dezala alderdi artistikoa, eta ez soilik ekonomikoa; eta berma dadila egungo lantaldeari eutsiko dion aurrekontu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.