Bilboko Orkestra Sinfonikoko langileek protestak eta ekintza jakinak egin dituzte azken hilabeteetan, hitzarmen berri bat lortzeko negoziazioak blokeatuta daudela salatzeko. Emaitzarik ez dutela izan iritzita, langileen ordezkariek greba deialdia egin dute gaurko eta biharko. Hain zuzen ere, BOSek bi kontzertu ditu programatuak egun horietarako, Bilboko Euskalduna jauregian. Hector Berliozen eta Maurice Ravelen obrak interpretatu beharko lituzke BOSek orkestraz kanpoko bi gonbidaturekin, Tatsuya Shimono zuzendariarekin eta Nobuyuki Tsujii pianistarekin, hain zuzen ere.
Atzo, komunikabideetara gaztelania hutsez bidalitako ohar batean, greba deialdia «arrazoirik gabea» dela adierazi zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaritzak, eta gaineratu zuen martxoaren 20an eginiko bileran —hemeretzigarrena dela zehazten du— alde guztiek adostu zutela hurrengo bilera maiatzean egingo zutela. Hain zuzen ere, Iñigo Alberdi zuzendari nagusi izendatu berria BOSen lanean hasi ostean. Zuzendaritzaren iritziz, grebara deitzeak «negoziazio konplexu baten errealitatea» ukatzea dakar.
Langileek, ordea, ukatu egin dute hori, eta Ibon Aranbarri egungo zuzendari nagusiaren taldearen jarrera salatu dute: «Gure eskaera nagusiak jorratzeari uko egin dio, modu sistematikoan, zuzendaritzak». Azkeneko bileran, Aranbarrik «lehenengo bileran esandakoa» errepikatu zuela azaldu dute BOSeko langileek.
Bihar elkarretaratzeak egingo dituzte eguerdian eta arratsaldean. 12:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean izango da protesta, eta 19:45ean, berriz, Euskalduna jauregiaren atarian.