Ezohiko irudia ikusi zen joan den astean Bilboko Euskalduna jauregian: Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikariek, beren tresnak isildu, eta oholtzatik alde egin zuten kontzertua hasi eta hamabost minutura. Ostegunean eta ostiralean irudi bera ikusi zen, eta litekeena da datozen asteetan ere gauza bera gertatzea. Izan ere, orkestrako langileek lanuzteekin jarraitzeko asmoa dute euren lan baldintzak hobetzen ez diren bitartean. Gaur-gaurkoz, baina, blokeatuta daude beste hitzarmen bat lortzeko negoziazioak, eta datorren asteartetik aurrera, Aste Santuko oporraldiak amaituta, mobilizazioei eutsi eta musika tresnak atzera ere isiltzeko asmoa dute orkestrako langileek.
Ia 90 langile ditu Bilboko Orkestra Sinfonikoak, gehienak musikariak, eta aldarrikapen nagusi baten inguruan ari dira borrokan: gaixoaldian edo baimena hartuta dauden langileak eta hutsik dauden postuak ordezka ditzatela eskatzeko. Lanpostuen ordezkapena da lan itunaren negoziazioa galgatzen ari den auzi nagusia, zuzendaritzak uko egiten baitio horiek bermatzeari, langileek salatu dutenez.
Orkestrako langileen eta zuzendaritzaren arteko gatazka ez da berria. Krisialdi ekonomikoaren ondorioz hamar lanpostu galdu ziren 2011n, baina ordutik ez dira berreskuratu, eta langile batzordeak lanpostu horiek deuseztatzea egotzi dio zuzendaritzari. Musikariek uste dute oraindik ere gastua murrizteko irizpideak nagusitzen zaizkiola orkestra sortu zeneko helburuari, hau da, musikaren kalitateari eta gizarte lanari, eta salatu dute zuzendaritzak «entzungor» egiten diela euren eskaerei.
Iaz ekin zieten protestei, hainbat elkarretaratzetara deituta, baina, denbora honetan guztian negoziazioetan urratsik izan ez dela ikusita, mobilizazioak gogortzeko hautua egin dute orain. Izan ere, gogaiturik daude musikariak, eta ahotsa altxatzea eta «aski da» esatea erabaki dute. «Egoera jasangaitza» baita, Lander Etxebarria orkestrako kide eta langile batzordeko ELAren ordezkariak BERRIAri jakinarazi dioenez.
«Musikarien bajak tarteko, maiz lau musikari egoten gara hamar lagunen lana egiteko, eta horrek izugarrizko estresa eta lan zama eragiten dizkigu»
LANDER ETXEBARRIAOrkestrako musikaria eta langile batzordeko ordezkaria
Etxebarriak bost urte daramatza Bilboko Orkestra Sinfonikoan biola jotzaile. Aurretik Londresko Orkestran hamabi urte aritu zen, eta 2020an erabaki zuen Euskal Herrira itzultzea Bilboko Orkestra Sinfonikoan jotzeko. Ilusioa zena, baina, frustrazio bilakatu da; dioenez, atsekabea eragiten dio ikusteak «hemen» langileen baldintzak ez direla zaintzen.
«Prekaritate» hitza aipatu du baldintza horietaz mintzatu denean. Haren esanetan, hamar musikari gutxiagorekin aritu behar izateak «izugarrizko arazoak» eragiten ditu orkestraren egunerokoan: «Musikarien bajak tarteko, maiz lau musikari egoten gara hamar lagunen lana egiteko, eta horrek izugarrizko estresa eta lan zama eragiten dizkigu». Salatu duenez, «gastuak murriztu» nahi ditu zuzendaritzak, eta ez ditu musikari berriak epe luzerako kontratatu nahi. «Kontzertuetarako egun gutxi falta direnean hasten da jendea bilatzen, eta horrela ezin dugu funtzionatu», kexu da.
Musikari «osasuntsuak»
Azken urteetan galdutako hamar lanpostu berreskuratzea eta musikarien ordezkapen egokia bermatuko duten neurriak onartzea galdegin dute musikariek. Etxebarriaren hitzetan, «prekaritate etengabea» amaitzea ezinbestekoa da orkestrako musikariak «osasuntsu» egon daitezen. Izan ere, haren ustez, musikarien lan baldintzak zuzenean daude lotuta orkestraren geroarekin: «1922an sortu zen orkestra honek beste ehun urte irautea nahi badugu, musikariok ongi egon behar dugu».
Gaur egun, baina, oso urrunduta daude orkestrako zuzendaritzaren eta musikaren arteko jarrerak. Langileen aldarrikapen nagusiei ezezko borobila eman die Ibon Aranbarri egungo zuzendari nagusiaren taldeak. Joan den astean komunikabideetara igorritako ohar luze batean, zuzendaritzak banan-banan baztertu zituen musikariek eskariak. Galdutako lanpostuei eta ordezkapenari dagokienez, argi eta garbi hitz egin zuen: «Bilboko Orkestra Sinfonikoak ez du musikari gehiagorik behar, eta langile kopuru berarekin jarraituko du».

Orkestrako musikarien kexa nagusietakoak «lan zamarekin» du zerikusia, baina kasu horretan ere zuzendaritza ez dator bat eskaerekin. Are, datu bat eman zuen hori ezeztatzeko: musikariek urtean dagokien baino 246 ordu gutxiago lan egiten dutela. Eta, ustez egin ez dituzten ordu horiek berreskuratzeko proposamen bat ere jarri die mahai gainean langileei.
Orkestrako musikariek «gezurretan» aritzea aurpegiratu diote zuzendaritzari. «Guk ez diogu enpresari ordurik zor. Programatzen gaituztenean jotzen dugu», azpimarratu du Etxebarriak. Halaber, zehaztu du orkestrako musikarien lan jarduna kontzertu batean ikusten dena baino harago doala, eta oholtzatik kanpo ere «ordu asko» eskaini behar dizkietela prestakuntzari eta ikasketari.
Ez hori bakarrik: «zama fisiko eta psikologiko handia» nozitzen dute orkestrako musikariek, Etxebarriaren esanetan. Eliteko kirolarien antzera, orkestrako musikarien lanak «fisikotik» asko duela azaldu du: «Denok normaltzat jotzen dugu kirolari profesional batek 35 urte betetzean erretiroa hartzea. Gure egoera ez da oso desberdina: guk ez dugu korrika egiten, baina orduak eta orduak ematen ditugu instrumentu bat jotzen, eta gure lanbidean oso ohikoak izaten dira giharretako eta hezurretako arazoak». Musikari profesionalek pairatzen duten «presio psikologikoa» ere handia da, haren esanetan, eta «izugarri gogorra» izaten da urte luzez lanbidean «osasuntsu» irautea.
Publikoaren babesa
Etxebarriak argitu duenez, orkestrako langileen lan baldintzak hobetzeko eskarien artean ez dago soldatak igotzearena, nahiz eta zuzendaritzak hori aipatu duen azken komunikatuan: «Espainiako Estatuan soldata hoberenetarikoak dituen orkestra da Bilbokoa». Baieztapenari tinko erantzun dio langile batzordeko kideak: «Guk ez dugu diru gehiago eskatzen, lan baldintzak hobetzeko baizik».
«Orduak eta orduak ematen ditugu instrumentu bat jotzen, eta gure lanbidean oso ohikoak izaten dira giharretako eta hezurretako arazoak»
LANDER ETXEBARRIAOrkestrako musikaria eta langile batzordeko kidea
Orkestrako langileen aldarrikapenak oihartzun zabala izaten ari dira, eta babes keinuak jasotzen ari dira han-hemenka: AMPOS orkestra sinfonikoetako musikari profesionalen elkarteak bat egin du haiekin, eta joan den astean Euskalduna jauregira joandako ikus-entzule gehienek txaloka hartu zuten musikarien protesta. Instituzioetatik, ordea, babes eskasa jasotzen ari direla deitoratu du Etxebarriak.
Era berean, txarretsi egin du zuzendaritzak beren kontra jarri nahi duela publikoa. Izan ere, apirilaren 9an komunikabideetara igorritako oharrean, zuzendaritzak salatu zuen greba bultzatzen dutenek «ahaztu» egiten dutela orkestra bitarteko bat dela, eta ez helburu bat, eta beren publikoaren «gainetik» jartzea aurpegiratu zien BOSeko enpresa batzordeari eta greba egingo duten pertsonei. «Tratu txar horrek ondorioak izango ditu, eta eragin negatiboa izango du aipatutako lotura sentimentalean. Ez dugu ahaztu behar publikoak alternatibak dituela Bilboko Orkestra Sinfonikoak eskaintzen duen zerbitzurako, Bilbon musika klasikoko eskaintza handia baitago», ohartarazi zien.