Hasieran aurreikusi baino %40 gehiago kostatuko dira Bilboko Euskal Museoa berritzeko lanak. Bilboko Udalak jakitera eman duenez, hasieran proiektuak 15 milioi euro inbertitzea eskatuko zuela kalkulatu bazuten ere, 21 milioi euro beharko dira gaur-gaurkoz. Carlos Urgoiti Bilboko Udaleko Aurrekontuetako eta Proiektuen Finantzaketarako zuzendariak zehaztu duenez, eraikinaren fatxadan eta egituran aurreikusi gabeko eginbideen ondorio da gainkostua.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana ordainduko dituzte lanok. Emendatzearen ondorioz, udalak 5,3 milioi euro gehiago jarri beharko ditu orain. «Aurreikusitako kostua 15 milioi zen, eta 21 milioi eurora helduko gara; horietatik, 3 milioi euro hartu behar ditugu geure gain», adierazi du Urgoitik.
2022ko udazkenean hasi zituzten museoa berritzeko lanak, eta urte eta erdi iraungo zutela aurreikusi zuten. Jon Bilbao Hirigintza zinegotziak aitortu duenez, ordea, «asko» falta da oraindik obrak amaitzeko.