Artea

Bilboko Arte Ederren Museoak Txomin Badiolaren lan multzo bat zaharberritu du

Badiolaren obrez gainera, Hermen Anglada Camarasarenak, Jose Antonio Sistiagarenak eta Julio Gonzalezenak ere egokitu dituzte.

Txomin Badiola artistaren 'Karratu solidoa, 2. zenb.' lana, Bilboko Arte Ederren museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko martxoaren 27a
12:37
Entzun

2013tik, hainbat garai eta teknika artistikotako artelanak hautatzen dituzte Bilboko Arte Ederren Museoko Ikerketa, Kontserbazio eta Zaharberritze adituek, eta, Iberdrola enpresaren laguntzarekin, haien egoera hobetzeko beharrezko tratamenduak aplikatzen dizkiete. Aurten, museoaren bildumako hainbat obra tratatu dituzte: Txomin Badiolaren artelan multzo bat, Hermen Anglada Camarasaren margolan bat, Jose Antonio Sistiagaren beste bat, eta Julio Gonzalezek paperean egindako bost marrazki. Gaur goizean aurkeztu dituzte.

Bereziki aipagarria da Badiolaren Karratu solidoa, 2. zenb. instalazioa: hamar taulak eta bederatzi marrazkik osatzen dute. Eta horixe da, hain zuzen ere, artistak minimalismoaren eta arte kontzeptualaren esparruan egin zuen lehenengo lana. Horrez gainera, baina, ikusgai daude artistak dohaintzan eman dituen beste lau eskultura eta hemezortzi marrazki ere. Lau eskultura horietatik bi zaharberritu egin dituzte –Izenbururik gabea eta Serie beltza 5. zenb.–, eta beste biak, berriz, berrargitaratu –Arkitekturak eta Serie beltza 8. zenb.–. Paper gaineko marrazkien multzoari dagokionez, zaharberritze lan espezifikoa egin zaie.

Nolanahi ere, museoan badaude beste egile batzuen lanak ere ikusgai. Tartean, Hermen Anglada Camarasaren Biluzia mahastiaren azpian, Julio Gonzalezen Nekazarien eta beste emakume irudi batzuen marrazkiak etaJose Antonio Sistiagaren Bizi-ekintza. Omenaldia gure arbasoei.

Prozesu luzea

Azken helburura heltzeko, museoko zaharberritzaileen gidalerroak aletu ditu Maria Jesus Ruiz-Ozaita Kontserbazio eta Zaharberritze Saileko buruak. Haren hitzetan, dokumentuak aztertuz eta analisi zientifikoko teknikak aplikatuz, obra horietako bakoitzaren historia materialari buruzko informazioa lor daiteke. Esate baterako, argi ultramoreak gainazalari buruzko datuak ematen ditu; erreflektografia infragorria pintura geruzaren maila sakonetara iristen da; erradiografiak egitura eta eraikuntza bistaratzen ditu; eta azterketa estratigrafikoak pintura materiaren ezagutzan sakontzen du.

Informazio horri guztiari esker, zaharberritzaileek aukera dute obrak nola kontserbatuta dauden ebaluatzeko eta tratamendu egokiak aplikatzeko, baita artistaren jarduteko modura hurbiltzeko ere. Besteak beste, artelanetako batzuetan gainazaleko geruza ezabatu behar izan dute, herdoildutako berniz batek jatorrizko koloreak desitxuratzen zituelako; eta, horrez gainera, zenbait kasutan, kolpeak, deformazioak eta urraketak ere konpondu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.