Bilboko Arte Ederren Museoak 4,6 milioi igo du obren aurrekontua

Museoa handitzeko eraikuntza enpresarik agertu ez delako erabaki du patronatuak aurrekontua igotzea

2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
KULTUR AZPIEGITURAK. Astebete baino gutxiago falta zuten Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanak egiteko interesa zuten eraikuntza enpresek euren eskaintzak aurkezteko, baina, epea bukatu gabe, hura luzatzea erabaki du museoaren patronatuak, ez baitute eskaintzarik jaso. Hala, aurrekontua igo dute orain, ea horrela eraikuntza enpresak erakartzen dituzten. Aurrez ere izan du igoerarik Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriarte arkitektoek diseinatutako Agravitas proiektuaren aurrekontuak (%9,5), eta koska bat gorago egin du orain: 4,6 milioiko igoerarekin, 34,1 milioian ezarri dute kostu totala. Gehitzeko geratzen dira oraindik azken kostu batzuk; horiek aintzat hartuta, 45 milioiren inguruan legoke azken kopurua.

Obra egiteko behar diren zenbait lehengairen kostua «nabarmen» garestitu izana aipatu du museoko patronatuak eskaintzarik ez jaso izanaren arrazoitzat. Horien artean daude altzairua, beira eta aluminioa. Patronatua osatzen duten hiru erakundeek hartuko dute beren gain igoera hori: Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Haiekin batera BBK erakundeak ere kostu horri aurre egingo diola iragarri dute El Correo egunkarian.

Behin adjudikazioa eginda, aurreikusi dute lanei urrian ekingo dietela, eta museo berriztua 2024ko udan irekiko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.