Astebete baino gutxiago falta zuten Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanak egiteko interesa zuten enpresa eraikitzaileek euren eskaintzak aurkezteko, baina, epea oraindik bukatu gabe, hura luzatzea erabaki du museoaren patronatuak, hain zuzen ez dutelako eskaintzarik jaso. Hala, aurrekontua igo dute orain, ea modu horretan enpresa eraikitzaileak erakartzen dituzten. Aurrez ere izan du igoerarik Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriarte arkitektoek diseinatutako Agravitas proiektuaren aurrekontuak—martxoan iragarri zuten aurreikusi baino %9,5 garestiago izango zirela lanak—, eta koska bat gorago egin du orain: 4,6 milioiko igoerarekin, 34,1 milioitan ezarri dute kostu totala. Aurreko aurrekontuaren aldean %15,5eko igoera egin dela esan nahi du horrek, eta gehitzeko geratzen dira oraindik azken kostu batzuk; horiek aintzat hartuta, 45 miloiren inguruan legoke azken kopurua.
Atzo eman zuen erabakiaren berri patronatuak, eta obra egiteko behar diren zenbait lehengairen kostuak «nabarmen» igo izana aipatu zuen eskaintzarik jaso ez izanaren eragile nagusitzat. Horien artean leudeke altzairua, beira eta aluminioa. Museoko patronatua osatzen duten hiru erakundeek hartuko dute igoera hori beren gain: Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Haiekin batera BBK erakundeak ere kostu horri aurre egingo diola iragarri dute El Correo egunkarian.
Aurrekontua doitzearekin batera, proposamenak aurkezteko epea ere luzatu egin dute. Uztail bukaerara arte jasoko dituzte enpresa eraikitzaileen eskaintzak, eta horrek museoaren eraberritzearen egutegian ere eragina izango du. Behin esleipena eginda, lanekin aurtengo urrian hastea aurreikusi dute, eta, ia bi urteko lanen ondotik, 2024ko udan irekitzea museo berria.
Handitzea, auzitan
Ez da proiektuak izan duen koska bakarra; hasieratik egon dira kritikak. Fosterren eta Uriarteren proiektua hautatzea erabaki zuen lehiaketa publikoan bertan, esaterako, Fosterren fundazioko kide bat egon zen. Museoko arduradunek beti baieztatu dute proiektua «gardentasun osoz» egin dela, eta fase bakoitzean egin beharreko urrats guztiak errespetatu direla.
Baina izan dira kritika gehiago, gerora ere. Iñaki Uriarte arkitektoak gidatutako Bilboko Arte Ederren Museoaren Defentsa Zibikoa herri mugimenduak, esaterako, hainbat lege urratze ikusi ditu proiektuan, eta lanak bertan behera uzteko eskaria aurkeztu zien Espainiako fiskal nagusiari, bai eta EAEko Ingurumen eta Hirigintza alorreko fiskalari ere. Egindako salaketa multzoko puntuetako bat aztertzekotan geratu zen azkena, gaia epaiketara eramateko bezainbeste zantzu dagoen ikusteko. Baina oraingoz ez da lanak geldiarazteko edo moldatzeko ebazpenik heldu.