Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanen lehen harria jarri dute

Hamabosna milioi euro jarriko dituzte Bilboko Udalak, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak; museoa 2024 amaierarako nahi dute zabalik

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanen lehen harria jartzen, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren berri ematen duten egunkari azalen sorta bat izango dute oinarrian Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanek, BERRIArena ere tartean dela. Atzo egin zuten Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek diseinatutako Agravitas proiektua hasteko lehen harria jartzeko ekitaldi sinboliko eta solemnea, eta albiste hori hautatu dute agintariek harriarekin batera lurperatutako kutxan sartzeko. Beraz, ofizialki hasiak dira lanak, eta 2024 amaierarako bukatuta egongo dira, Miguel Zugaza museoko zuzendariak zehaztu duenez.

«Eraikuntza bat egiteko lanen hasiera beti da garrantzitsua», adierazi du Fosterrek ekitaldiaren osteko hitzaldian, «baina, kasu honetan, erakunde honen iraganeko ondarea eta etorkizuneko museoa lotzen ari gara». Eta, aldaketaz aldaketa, «hiria bezala», museoa ere «etengabe berregiten» dela azaldu du. Harekin batera, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Aldundiko, Bilboko Udaleko eta BBK enpresako ordezkariak izan dira ekitaldian.

1945. urtean altxatutako eraikin zaharrak eta 1970. urteko eraikin modernoak osatzen dute Bilboko Arte Ederren Museoa egun, eta bi horien gainean pausatuko den zubi moduko bat da Fosterren eta Uriarteren proiektua. Museoak 6.800 metro koadro irabaziko ditu horri esker, eta eskulturak jartzeko baliatuko duten terraza bat ere izango du aurrerantzean.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak 45 milioi euro jarriko dituzte museoa handitzeko lanetarako: hamabosna milioi. Baina datuak dantzan aritu dira proiektua aurkeztu zutenetik.

Aurrekontua 18,6 milioi eurokoa izango zela iragarri zuen Bilboko Arte Ederren Museoak hasieran. Eraikin gehigarri baten erosketa ere txertatu zioten gero proiektuari, eta, beraz, aurrekontua handitu zuten, 24, 5 milioiraino. Museoa suaren aurka babesteko asmoz Bilboko Udalak proposatutako esku hartzea gehitu zitzaion gero kopuru horri, eta 29,5 milioi eurokoa bihurtu zen proiektua.

Lanak nork egingo

Kopuru horrekin, ordea, enpresarik ez zen aurkeztu obrak adjudikatzeko lehiaketara, eraikuntza materialen garestitzearen eraginez, eta 34 milioira igo zuten aurrekontua. Eta museoko arduradunek datu hori berretsi zuten atzo. Zehazki, 33.944.603 euroko aurrekontua dute handitze lanek.

Kopuru horri finantza gastuak, lizentziak, eta obrak irauten duten aldirako beste eraikin baten erosketa gehitu, eta hala heltzen da 45 milioira. Urbelan S.A., Altuna y Uria S.A., Campezo Obras y Servicios eta Teusa Tecbucas de Restauracion S.A. enpresek aldi baterako enpresa elkartea osatu dute handitzea egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.