Bilboko Arriaga antzokiak 90 ikuskizun taularatuko ditu

2023-2024ko denboraldia prest dute; beste urte batez, arduradunek ekoizpen propioen alde egin dute apustu

2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
KULTUR AZPIEGITURAK. Bilboko Arriaga antzokiak prest du 2023-2024ko denboraldia. 90 ikuskizun taularatuko dituzte denera, eta nazioarteko proposamenak ekartzeaz gainera tokiko eszena «bultzatzen» jarraituko dutela adierazi dute.

Ekoizpen propioen eszenaratzea funtsezko zutabeetako bat izango da berriz ere. Festen da horietako bat. Thomas Vinterbergen izen bereko filma du oinarri, eta Maria Goirizelaiak zuzenduko du. Goi klaseko harreman sozialetan dagoen faltsukeria du ardatz antzezlanak, eta ikuslearen kontzientzia astintzea xede. Urriaren 6an estreinatuko dute, euskaraz. Horrez gain, antzerkia eta musika uztartuko ditu Guridi: magical bidaia ikuskizunak. 2024ko martxoan emango dute, eta «road movie emozional bat» izango dela aurreratu dute.

Bi horiez gain, beste bi obraren ekoizpenean ere parte hartu du Arriagak: Lost letters, Lucia Lakarraren konpainiaren dantza piezan; eta Fernando Bernuesek zuzendutako Lucha y metamorfosis de una mujer lanean. Halaber, euskal sortzaile edo taldeen beste sei antzezlan eta dantza obra bat ere estreinatuko dituzte: Nancy Grace Roman, Machos en flor, Kortxoaren dilema, Esnearen kolorekoa, La sed del minotauro, Bihar arte soilik eta Tierra de nadie.

Operak ere pisu handia izango du datorren urtean. Antolatzaileek Die ersten Menschen eta Saturraran azpimarratu dituzte. Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean ondu du lehena Arriagak, eta 2024ko apirilean estreinatuko dute. Saturraran, berriz, 2024ko ekainean iritsiko da taula gainera; Kirmen Uriberen libreto batean du oinarria, eta elkar maitatzerik ezin duten bi emakumeren istorioa da.

Era berean, tokiko eta nazioarteko askotariko dantza, musika eta antzerki emanaldiak ere taularatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.