Bilbo musikaz beteko du BIME jaialdiak gaurtik ostiralera arte, Fermin Muguruzaren omenezko kontzertu bat tartean

Hamabosgarrenez egingo dute BIME jaialdia Bilbon. Musikaren industria oinarri hartuz, ehunka ekitaldi antolatu dituzte. 300 profesional inguru bilduko dira, eta 90 kontzertu ere eskainiko dituzte.

Fermin Muguruzaren omenaldian egongo da Verde Prato, oholtza gainean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aurreko urteko BIME jaialdiko hitzaldi bat, Jen Malonen eskutik. LUIS TEJIDO / EFE
urko iridoy alzelai
2024ko urriaren 29a
05:00
Entzun

BIME Pro eta BIME Live, biek beteko dute musikaz Bilbo. Hamabosgarren urtez egingo dute BIME musika arloko profesionalen topaketa, gaur hasi eta ostiralera arte. BIME Pro barruan dozenaka hitzaldi, tailer eta mahai inguru egingo dituzte, denek musika industria ardatz dutela, eta BIME Live kontzertuek osatuko dute. Nazioarteko 300 artista baino gehiago elkartuko dira Bilbon, musikaren munduari buruzko haien ikuspegia plazaratzeko, edo kontzertuak eskaintzeko. Aurreko ostiralean hasi zen programa, eta larunbatera arte izango dira emanaldiak Bilboko kaleetan eta hainbat aretotan. Ostegunean, esaterako, Fermin Muguruzaren ibilbideari omenaldia egingo diote Hofek, Nakarrek eta Verde Pratok, Kafe Antzokian, kontzertu berezi batean.

Antolakuntzak aurreikusi du musika munduko 4.500 profesional bilduko direla Bilbon aste barruan. Euskalduna jauregian egingo dira BIME Pro ataleko ekitaldiak. Gaur izango da lehenengoa, 10:00etan: Ia ia filme bat izeneko mahai ingurua. Bertan,  gaur egun artistek ikusgarritasuna lortzeko erabiltzen dituzten teknika eta formak aztertuko dituzte. Hori izango da hasiera, baina egun osoan 30 jarduera baino gehiago programatu dituzte. Hizpide izango dituzte askotariko gaiak, hala nola raparen bilakaera, musika editoreen erronka berriak, jaialdien industria eta adimena artifiziala. Artistak, ekoizleak, musika editoreak, marketin agentzietako kideak eta adimen artifizialean adituak gonbidatu dituzte horretarako, besteak beste. Hizlarien artean Fermin Muguruza, Kase O eta Albert Pla musikariak daude, bai eta Axel Voss Europako Batasuneko adimen artifizialari buruzko batzordearen arduraduna, Dario Manrique Spotifyeko editoreetako bat eta Blanca Salcedo Sony diskoetxearen arduradunetako bat ere.

Musikaren enpresa sorkuntzan ardazturiko sail bat ere edukiko du BIME Prok. BIME Start Up deitu diote, eta bertan, Bizkaiko Foru Aldundiko Garapen Ekonomikoko Sailaren laguntzarekin, musikaren industriako zenbait start-up eta ekoizle elkartuko dituzte. Gaur egun enpresa bat sortzeak dituen erronken eta oztopoen berri ematea izango dute helburu. Horrez gain, aurten, lehen aldiz, Aupa sariak banatuko dituzte jaialdiaren barruan. Musika munduko ausardia, arriskuak, sormena eta berrikuntzak goraipatzea da sarion helburua. Ostegunean banatuko dituzte.

BIME Live

Kafe Antzokia, Bilborock, BBK aretoa, Stage Live, Crystal, La Ribera, Muelle, Cotton Club, Dock BBF, Crazy Horse eta Oker izango dira 90 kontzertu inguru eskainiko dituzten hamaika aretoak. Gaur, Stage Live aretoan izango da lehen kontzertua: Montana Bilboko taldea. Ondoren, beste 29 zuzenekoez gozatzeko aukera izango da gaur beste areto guztietan. Haien artean dira, esaterako, Ezezez (21:30, Stage Live), Korea Town Acid (22:00, La Ribera), La furia (20:30, Stage Live), Maria Terremoto (22:30, Bilborock), Mar Pujol (21:20, Cotton Club) eta Çantamarta (22:15, Kafe Antzokia). Hurrengo bi egunetan ere egunero 30 bat kontzertu eskainiko dituzte. 

Azaroaren 1ean kalean izango dira zuzenekoak. Urbitarte pasealekuan, udaletxearen ondoan, bi oholtza ezarriko dituzte, eta 17:00etatik aurrera izango dira taldeak bertan. Depresion Sonora izango da lehenengoa, eta, haren ondoren, Juicy Bae (17:55), Melenas (18:50), Rattlesnake (19:45) eta El Columpio Asesino (20:40) arituko dira.

Fermin Muguruza

Kafe Antzokian egingo dute Fermin Muguruzaren omenezkoa, eta Hofek, Nakarrek eta Verde Pratok Muguruzaren abesti ikonikoenak interpretatuko dituzte: Kortaturen garaikoekin hasi, Negu Gorriak taldearen beste batzuekin segitu eta gaur egungo bakarlari gisa egindakoekin bukatu. Hala aurkeztu dute omenaldia antolakuntzako kideek: «Gure kulturan mantendu den ikono bat da Fermin, RRV Euskal Rock Erradikal hartako pertsona garrantzitsu bat. Gaur egungo euskal musikaren erreferente handienetariko bat da, eta bere omenaldian parte hartuko duten artistentzako influentzia nabaria izan da».

Muguruzaren omenaldiaz gain, beste kontzertu berezi bat egingo dute. Lotura kolektiboarekin batera, Euskal Herriko hiru DJ elkartuko dituzte, haiekin tekno saio bat eskaintzeko. Aitana Rodriguez, Bendiak eta J-3O3 izango dira zuzenekoa emango duten DJak, ostiral gauean Stereorocks klubean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.