Bilbo, eraldaketa baten isla

'Bilbao Metropoli 30-30-30' erakusketa zabaldu du Bilboko Arte Ederren Museoak. 78 argazkiz osatuta dago, eta azken 30 urteotan Bilbo eta haren metropolia nola aldatu den erakustea du xede

Bisitari bi Bilbao Metropoli 30-30-30 erakusketan, Bilboko Arte Ederren Museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Industria hiri izateari utzi zionetik, etengabe aldatzen ari da Bilbo. Zehazki, 1990eko hamarkadaren hasieran hasi ziren egiten Bizkaiko hiriburua eta haren metropoli eremuak biziberritzeko lanak: eraikin industrial ugari eraitsi, eta Bilbo berri bat eraikitzea zuten helburu. Hirian aldaketa zetorrela ikusita, erakusketa bat egitea proposatu zuen Bilbao Metropoli 30 elkarteak: Burdinazko itsasadarra. Nazioarteko sei argazkilari gonbidatu zituzten, eta garai baten amaiera islatuko zuten argazkiak bildu. Besteak beste, meatze ustiapenak, trenbideak, portuko instalazioak, labe garaiak, ontziolak, fabrikak eta kea. Zuri-beltzeko argazkiak ziren guztiak, kamera analogikoarekin ateratakoak. Aurten erakusketa egin zutenetik 30 urte bete direla baliatuz, orduko esperientzia errepikatu nahi izan dute urteurrena ospatzeko: Bilbok eta haren metropoliak azken 30 urteotan izandako aldaketak jaso dituzte Bilbao Metropoli 30-30-30 erakusketan. Urriaren 15era arte bisitatu ahal izango da, doan, Bilboko Arte Ederren Museoan.

78 argazki bildu dituzte denera. 2022. urtean ateratakoak dira guztiak, eta, horietako bakoitzak hiriaren eta metropoliaren «ikuspuntu ezberdinak» erakusten ditu, gainera, Ramon Esparza komisarioak azaldu duenez: «Argazkilari bakoitzak hiriari nola begiratzen dion eta hura nola ulertzen duen alderatzeko balio du erakusketak». Guztira, hiru argazkilarik parte hartu dute prozesuan: Corinne Vionnetek, Vanessa Winshipek eta Maria Azkaratek.

Erakusketa bera hiru eremutan banatuta dago: gela bakoitzeko argazkilari baten lanak jarri dituzte ikusgai. Esparzaren ustez, Vionneterena da proposamenik erradikalena. Bi bloketan banatu ditu bere lanak argazkilariak: What to See in Bilbao eta Almost There. Hiriko erreferentziazko lekuak ageri dira, batetik —Iberdrola dorrea eta Guggenheim museoa, besteak beste—; eta pantailek norberaren pertzepzioan duten eragina azpimarratu nahi izan du, bestetik. «Argazki bat ateratzen dugunean, ez dugu originaltasuna bilatzen, kontrakoa baizik: ikusten ditugun irudi guztiak gure argazkian berrestea. Pantailako irudi soil bihurtu diren leku horietan oinarritu du Vionnetek bere lana», zehaztu du komisarioak.

Winshipek, berriz, lausotu egiten du irudien trafikoari buruzko gogoeta hori. «Ariketa ona da kontraesan horrekin topo egitea», esan du Esparzak: «Winshipen mundua eta Vionneterena mundu bera dira, baina beste modu batean ikusia». Argazkiak ateratzera joan aurretik, Bilbori buruzko libururen bat gomendatzeko eskatu zion argazkilariak Esparzari, eta, behin Bilbora iritsita, piano jotzaileren bat ezagutu nahi zuela esan zion: «Haren lana emozionala eta barea da». Zuri-beltzean ateratako argazkiak dira guztiak, eta erritmo eta estilo askotarikoak tartekatzen ditu: begirada bizkorra adierazten dute batzuek, bareagoa beste batzuek, gogoeta sakona eragiten duten irudiak, erretratuak... Horrez gainera, Bilboko metro geltokietan ateratako hamabi argazki ere bildu ditu: trena hartzeko zain dauden bidaiarien jarrera harrapatu nahi izan du.

Azkarateren kasuan, nabaria da arkitektura ikasketek harengan izan duten eragina. «Arreta gune diren eraikin enblematikoetatik ihes egin, eta ertzetara joaten da argazkilaria», esan du Esparzak. Horren erakusgarri da Bilboko Guggenheim museoaren argazki bat: eraikina bera agertu beharrean, lauzen artean sortzen ari den belar bat bat fotografiatu du argazkilariak. Esparzaren hitzetan, hiria irakurtzeko «beste modu bat» dauka.

Bilakaera «ikusgarria»

Bilbao Metropoli 30 elkarteak 1993an egin zuen lehenengoz halako erakusketa bat. Sei argazkilari aritu ziren orduan hiriko txokoetan barrena: Gabriele Basilico, John Vink, Bruce Gilden, Carlos Canovas, John Davies eta Carlos de Andres. 86 argazki atera zituzten denera, eta, gerora, Burdinazko itsasadarra liburuan bildu zituzten guztiak. Orduan ere, Esparza aritu zen komisario, eta, 1997an, Bilboko Arte Ederren Museoak bilduma osoa jaso zuen dohaintzan.

Ordutik Bilbok «susperraldi ikusgarria» izan duela uste du komisarioak. Hiru hamarkadatan hiri industrial izateari utzi eta zerbitzu hiri bihurtu dela kontatu du: «Erabat aldatu da: itxura goitik behera aldatu du».

Erakusketaz gainera, liburu bat ere ondu du elkarteak, Bilboko Metroaren laguntzarekin. Ez da jarduera gehigarri bakarra izango, ordea: ostegunean Cuestión de orden hitzaldia egingo du Esparzak, Bilboko Arte Ederren Museoan, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.