Iazko azaroan zabaldu zituen ateak Bilbo Arte fundazioaren areto berriak. Ordura arte, Bilbo Zaharreko Urazurritia kaleko eraikinaren etxabeak hartzen zituen erakusketak, baina, gunea txiki geratzen ari zela sentituta, eraikin berri bat ireki zuten Abandoibarran, Uribitarte kalean. «Hiriko kultur erakunde handien ardatz estrategikoan». Geroztik, Bilbo Zaharrean jarraitzen dute artistentzako tailerrek eta administrazioko bulegoek, Ortxarkoaga auzoan estudioek, eta Guggenheim museotik, Bilboko Arte Ederren museotik, Rekalde aretotik eta Azkuna zentrotik «gertu» ikus daitezke fundazioak antolatutako erakusketak. Bertan jarri dituzte orain 2023-2024ko ikasturtean Bilbo Arten lanean izandako hamabi artistaren lanez osatutako erakusketa, eta irailaren 8ra bitarte egongo da ikusgai.
Guztira, hogei lan biltzen ditu bildumak. Gela bat hartzen dute Alberto Lomas artista gasteiztarraren bi lanek, esaterako. Batetik, sarraskijaleek desertu erdian garbi utzitako hezur multzo bat ikus daiteke hormako argazki handian. Eta, bestetik, haren ondoan, sabaitik zintzilikatuta, bonbilla bat topatuko du bisitariak. Haren inguruan esaldi batzuk idatzita daramatzan alanbre moduko bat kiribildu du artistak, eta, hala, pilatutako hitz horien itzalak proiektatuko dira horman.
Lehen harrera egiten duen hormaren ertzean jarri du bere eskultura Katherinne Fiedler Gonzales-Dalyk (Lima, Peru, 1982). Sasi baten adaxka arantzatsu bat da obra, bertikalean, eta harentzat propio sortutako metalezko bi euskarrik eusten dute hormara. Albotik ikusita adaxka nola bihurritzen den ikus daiteke, eta aurrez aurre jarriz gero, berriz, marra sigi-sagatsu moduko bat marrazten du horma zuriaren aurka.
Ipurdiak eta hurritzak
Ipurdiak deitu du bere lana Lucia Jaio artista gasteiztarrak, eta horixe da obraren gaia: sei ipurdi. Tinta txinatarrez margotu ditu couche paper gainean. Garden erakusten ditu margolanak artistaren keinuen nondik norakoak, eta, hain zuzen ere, zertzelada horiek dira irudiari bolumena ematen diotenak.
600Artelanak.Bilbo Arte fundazioak 1988. urtetik darama haren egoitzan izan ziren artisten lanak erosten, eta seiehun artelan baino gehiagoko bilduma bat du gaur egun horri esker. Haren parte izatera pasatuko dira erakusketan ikus daitezkeenak ere, eta Abandoibarrako egoitzako biltegian gordeko dituzte, gainerakoekin batera.
Antton Goikoetxeak mundu digitala eta analogikoa uztartu ditu bere lanean. Aretoko lurrean topatuko ditu bisitariak Kareharriak serieko hiru pieza. Kareharri irregularrak dira guztiak, baina izotz itxura hartzen duen PLA izeneko material bat ere txertatu die artistak inguruan eta oinarrian. Eskultura horiekin batera, ordea, bi material horien arteko sinbiosia nola sortu den simulatzen duen bideo bat ere ikus daiteke erakusketan, eta izotz moduko elementua hazten eta harria besarkatzen ikus daiteke bertan, landare harri-jale bat balitz bezala. Baina, tarte txiki baten ondoren, plano errealistak ziruditen horiek hiru dimentsioko maketak sortzeko ordenagailu programek erabiltzen dituzten planoetan desegiten ikusiko ditu bisitariak. Eta lainotuta geratuko dira horrela mundu naturalaren eta artifizialaren arteko mugak.
Mariñes Agurtok (Lima, 1984), berriz, hurritz hagaz eraiki du erakusketan ikus daitekeen Bidaia eskultura. Torloju batzuen laguntzaz lotu ditu elkarrekin, eta kiribil moduko bat osatzen du piezak, hainbat hankaren gainean zutik dagoen zomorro baten itxura emanez.
Erakusketa bukatzean, Bilbo Arteren arte bildumaren parte izatera pasatuko dira artelan guztiak.
Artistak
- Mariñes Agurto Hormazabal (Lima, 1984).
Argiñe Ceballos Gelozaga (Ugao-Miraballes, Bizkaia, 1999).
Gabriel Coca (Iruñea, 1989).
Katherinne Fiedler Gonzales-Daly (Lima, Peru, 1982).
Antton Goikoetxea Aiastui (Mungia, Bizkaia, 1990).
Amaia Gracia Azketa (Iruñea, 1985).
Maria Hernandez Laplaza (Tutera, Nafarroa, 1990).
Lucia Jaio Altomirano (Gasteiz, 1999).
Alberto Lomas Gancedo (Gasteiz, 1967).
Victor Ortuño (Yecla, Espainia, 1995).
Jose Manuel Ruiz Bermudez (Priego de Cordoba, Espainia, 1996).
Jorge Sanz Eraña (Bilbo, 2000).