Azpiegiturak

Bilbo Artek bigarren egoitza izango du 2023an

Abandoibarreko ibaiertzean egongo da 650 metro koadro izango dituen gune berria

BilboArtek Abandoibarran izango duen egoitza berriaren simulazioa. BILBOKO UDALA
Inigo Astiz
2022ko ekainaren 3a
13:35
Entzun

Mende laurden beteko du Bilbo Artek datorren urtean, eta bigarren eraikina izango du ordurako. Egun Bilboko Urazurrutia kalean duen egoitzan izango dira aurrerantzean are artistentzako tailerrak eta administrazio zerbitzuak, eta erakusketak egiteko eta biltegi modura erabiltzeko baliatuko dute gune berria. Abandoibarrean egongo da espazio hori, Uribitarteko moiletan zehazki, eta 650 metro koadro izango ditu.

Eraikina «txiki» gelditzen ari zelako hartu dute erabakia, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azaldu duenez. Izan ere, 500 obra baino gehiagoko funtsa gordetzen du egun eraikinak, eta, alkateak aitortu duenez, nagusiki artelan kopuru horrek eraman zituen pentsatzera proiektuak gune berri bat beharko zuela. «Erakusketa gune berriak bi kontu konpontzen ditu: Urazurrutiako eraikineko espazioa liberatzen du, eta obrak gordetzeko espazioa ematen du».

Biltegiak hartuko du eraikin berriaren erdia, eta erakusketak egiteko izango da beste erdia. Aburto: «Ikusgarritasun handiagoa emango digu horrek, eta aukera emango digu gurearen moduko Europako beste zentro batzuekin konexioak sortzeko».

Guztira, 580.000 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta hamar hilabetez luzatuko direla espero dute. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bideratuko dute diru hori, eta eraikin berria datorren urteko azarorako nahi dute martxan: Bilbo Artek areak lehenengoz ireki zituenetik 25 urte beteko direnean, hain justu.

Beka luzeagoak

Urazurrutiako eraikinean ere aldaketak izango dira. Administrazio zerbitzuak beheko solairura pasatuko dituzte, eta hirugarren solairuan egongo dira aurrerantzean ere tailer guztiak, eta artistentzako lan esparruak izango dira lehen eta bigarren solairuak.

Eraikin berria eraikitzeaz gain, zentroak artistei eskaintzen dizkien beken iraupena luzatzeko asmoa dute arduradunek. Javier Riaño Bilbo Arteko egungo zuzendariak gogoratu duenez, orotara 764 artista bekadun izan ditu zentroak orain arteko 24 urteetan, eta proiektuak duen azpiegitura eta aurrekontua kontuan harturik datua «nabarmentzekoa» dela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.