Bilaketa baten kronika

Rafael Ruiz Balerdi margolariaren erakusketa antologikoa ikusgai dago gaurtik Donostiako Kubo-Kutxa aretoan, irailaren 24ra bitarte. Ia ehun obraren bidez, sortzailearen garai artistikoetan barrena ibilbidea egiteko aukera du bisitariak

Erraldoiak. Ruiz Balerdiren lan esaguratsuenen artean dago 1972ko mihise gaineko olioa. JUANTXO EGAÑA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Euskal artean, informalismoaren aitzindaritzat hartu izan da Rafael Ruiz Balerdi (Donostia, 1934-Altea, Herrialde Katalanak, 1992). Ordea, mugimendu artistiko bat baino gehiagoren moldeak arakatu zituen bere ibilbide luzean, inguruko errealitateak eraginda. Bilaketa bat izan baitzen ibilbide hori, lortu nahi zuen adierazpide horren bilaketa etengabea. Eta bilaketa horren kronika bat balitz bezala, margolariaren garai ezberdinetatik ibilbidea egiten du Balerdi (1934-1992) erakusketak. Orotara, artistaren 98 obra bildu dituzte Donostiako Kubo-Kutxa aretoan. Gaurtik irailaren 24ra bitarte izango dira guztiak ikusgai.

Duela 25 urte hil zen margolari donostiarra, eta ondorengo urteetan erakusketa handi bana eskaini zizkioten Bilboko Rekalde aretoan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eta Lisboako Calouste Gulbenkian museoan. Ordutik, baina, ez zen tamaina horretako erakusketarik egin, eta, hortaz, hiriak harekin zuen «zorra kitatzera» dator gaur irekitakoa, antolatzaileen hitzetan.

Javier Viarrek egin du komisario lana, martxora arte Bilboko Arte Ederren museoko zuzendari izan denak eta Ruiz Balerdiren obra sakon ezagutzen duenak. Hain zuzen ere, Bilboko museoak utzitako lanak dira ikusgai daudenetatik erdiak. Viarren hitzetan, «gerraosteko euskal artista handienetako eta emankorrenetakoa» izan zen Ruiz Balerdi. Txillida eta Oteizaren ostean iritsitako bigarren artista belaunaldian kokatzen du, Zumeta, Mendiburu, Larrea eta beste hainbatekin, «baina bera izan zen Txillidarekin eta aurreko belaunaldiarekin gehien konektatu zuena». Haren ustez, formaren, materiaren —eta kolorearen— nahiz keinuaren inguruko gogoetan ikusten da hori. «Abentura horretan bat egin zuten, modu ezberdinetan adierazi arren». Aurrekoen aldean, pintura «naturalistagoa, sentsorialagoa» egin zuten Ruiz Balerdik eta garaikideek, Viarren ustez, «baina abstrakzioa alboratu gabe». Edonola ere, Ruiz Balerdik iturri askotatik edan zuen, inguruan gertatzen zena adi margotzen baitzuen, eraginei uko egin gabe; haren obra osoan sumatzen da hori, komisarioaren arabera.

Kronologikoki antolatu dituzte erakusketako obrak, eta margolariaren garai artistiko bakoitzaren arabera multzokatu. Sartu eta berehala, eskuinaldeko aretoan, artistaren obra grafikoa dago bilduta. Paperean egindako dozenaka lan daude ikusgai, askotariko tresnekin sortuak: luma-muturrez, akuarelaz, arkatzez, argizariz, Txinako tintaz, boligrafoz, pastel margoz... Eta teknikak bezala, askotarikoak dira emaitzak ere; tartean daude, besteak beste, bere arrebari egindako erretratu bat, kutsu kubista duten hainbat marrazki, eta Erraldoiak margolanaren sortze prozesuan ondutako hainbat zirriborro. Horiekin guztiekin batera, Tarzani omenaldia. Lehen atala: ehiztari inkontzientea film esperimentala ikus daiteke pantaila batean, sortzaileak 1969. urtean ondutakoa —lagun ez ezik, Gaur taldean kide izan zuen Jose Antonio Sistiagak bere ...ere erera baleibu izik subua aruaren... filma egin zuen garai berekoa, alegia—.

Baina atarikoaren ondotik dator mamia. Hain zuzen, 1955. urteko lanek ematen diote hasiera ibilbideari; Viarren ustez, margolaria abangoardien lengoaietan murgildu zen orduan. «Urte hartan ezagutu zuen Txillida, eta horrek eraman zuen modernitatearen bidean azkar aurrera egitera». Hasiera batean, obra geometrikoarekiko interesa izan zuen; horren lekuko dira Aukiak II eta Geometriko iluna I, esaterako, zeintzuetan Paul Klee nahiz Pablo Palazueloren eraginak sumatzen diren. Baina forma geometrikoak alboratuz, eta abstrakzio «bero, liriko, organikoago» batean murgilduz joan zen. Bigarren Mundu Gerra osteko Parisen antagonikoak ziren bi ildo horiek, baina ohikoagoa zen garai hartako euskal artistek biak esploratzea. Orduko lan batzuetan jada antzematen dira ondorengo bere ibilbidearen lehen aztarnak, Viarren ustez, Harea III (1960) lanean, kasurako.

Haustura erradikala

Trantsizio horretan ibili zen artista bost urtez, 1960ra arte. «Baina, bat-batean, zer edo zer gertatu zitzaion, agian bere gaixotasunari lotuta, edo bere bilaketak burura eramatean iritsitako sormen krisi baten ondorioz. Aurkitu zuen irtenbidea aurrekoarekin apurtzea izan zen, eta keinu erabat erradikaleko informalismo batean sartu zen». Garai berri baten hasiera markatzen dute Nahaspila I eta beste hainbat lanek, zeintzuetan keinuak berak hartzen duen garrantzia. Madrilera joan, eta ildo hori garatzeari ekin zion, 1973ra arte. «Garai berebizikoa izan zen haren pinturan», eta tarte zabala dute orduko lanek aretoan: lehen informalismo horretan egindako bilaketak ageri dira lehenik —Gris hutsaI, II eta III lanak, kasurako—, baina baita beste bide batzuetatik egindako bilaketen emaitzak ere —Lorategi islatua (1972) izan daiteke horren adibide, Moneten eragin nabarmena duena—.

Koloreen eztanda ageri da, are nabarmenago garai hartako azken obretan, Viarrek formakristalizatuak deitutakoetan. Ordukoak dira erakusketako hiru pieza esanguratsuenak, hain justu: Erraldoiak (1972), Venezia (1972) eta Lorategi handia, artistak zortzi urtez margotu zuena, 1974an amaitu arte —2,40 metro luze da, eta 5'70 metro zabal—. Aretoaren barrualdean bata bestearen alboan jarri dituzte lehen biak —beste horma batetik zintzilik dago Lorategi handia—, eta horien inguruan, tamaina handiko beste zenbait lan daude, garai berekoak: Forma gorri, urdin eta berdeak (1971) eta Nazaretekoa (1972) olio koloretsuak, eta mihise gainean tintaz ondutako Marrazki handia (1968) zuri-beltza, besteak beste.

Irudi trinkoak, itxiak erakusten dituzte etapa horretako azken lanek. Aipatutako hiru obra esanguratsu horiek «Ruiz Balerdik bilatzen zuena definitu» dezaketela uste du Viarrek. «Irteerarik ez duten formen unibertso batera iristen da; izugarri ederrak dira, kolore harrigarriekin, baina harrizkoak erabat». Hamarkada bat atzera berria zitzaion bide hartan abiatu zenean bilatzen aritu zen hori aurkitua zuen. Haustura behar zuen berriro, aurrera egingo bazuen. Eta Donostiara itzuli zen.

Klerak eta askatasuna

«Errealitate konplexua» topatu zuen jaioterrian artistak frankismoaren azken urteetan. Hainbat herri mugimendutan aktiboki parte hartu zuen, bereziki euskararen eta unibertsitatearen aldeko nahiz zentral nuklearren aurkakoetan, eta denbora gutxiago eskaini zion pinturari tarte batez. 1977an, bere beirateak diseinatzeko enkargua egin zion Gipuzkoako Aurrezki Kutxak, eta ia konturatu gabe, beste bide bat zabaldu zitzaion artistari. Izan ere, zatar paperean koloretako klarionekin zirriborroak marrazten hasi zen, eta klerak deitutako obra multzoari eman zion hasiera. «Madrilen garatutako mundu tinko hori erabat zabaltzen da; nolabaiteko berpizte bat bizi du, eta ehunka elementu sortzeko gai izango da, benetako maisulanak». Garai berri eta emankor baten hasiera izan zen, beste bilaketa bati ekitekoa. «Material oso pobreetatik abiatuta, emaitza oso aberatsak, luxuzkoak ondu zituen». Lan horietako batzuk daude ikusgai aretoan, tamaina handikoak eta koloretsuak guztiak ere.

1985ean itzuli zen olioekin pintatzera, ia espero gabean hori ere. Gasteizera, haurren aurrean margotzera gonbidatu zuten; Ortiz de Elgeak bere olio pinturak utzi zizkion eta margolan bat egin zuen. «Bat-batean jabetu zen margotzeko beste era bat bazegoela, eta azken urteetan, edozein konpromiso estetikotatik libre margotu zuen, bere askatasunak eskatzen zion eran soilik». Bilaketan beti, baina askeago orain. Ehunka lan margotu zituen bere azken urteetan; hamar bat jarri dituzte ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.