Literatura

Bikote harreman baten korapiloak

Iñaki Irasizabalek nobela beltz bat kaleratu berri du Elkar argitaletxearekin: 'Lehertu baino lehen'. Itxuraz elkarrekin ongi moldatzen diren bi bikotekide gazteren harremanari erreparatu dio eleberria ontzeko.

Iñaki Irasizabal, Donostian, aurkezpenaren egunean. JON URBE / FOKU
Iñaki Irasizabal, Donostian, aurkezpenaren egunean. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko otsailaren 21a
05:05
Entzun

«Nobela beltzaren eta nobela sozialaren arteko mugan dago», hala definitu du Iñaki Irasizabalek (Durango, Bizkaia, 1969) Lehertu baino lehen (Elkar) bere lan berria. Idazleak gustuko du nobela beltzak eta thrillerrak sortzea, eta horren adibide dira Otsoa etorriko da (Elkar, 2023),Arrakastaren aparrak (Elkar, 2020) eta Aramotz (Elkar, 2018) eleberriak, esaterako. Oraingoan ere bide bera hartu du, eta bikote baten harremanari tiraka sortu du lana. Elkar argitaletxearekin kaleratu du liburua.

Erik eta Aroa dira protagonistak; lehena editorea da, eta bigarrena, berriz, erizaina. 30 urte inguru dituzte, eta bikote dira. Ondo konpontzen dira orokorrean, baina badituzte tentsio momentu batzuk ere. «Protagonistak dudaz eta beldurrez josirik daude; erantzunen beldur dira batez ere», azaldu du egileak. Duda eta beldur horiek argitzeko asmoz, bakoitza bere aldetik ikertzen hasiko da, kontatu duenez, eta ikerketa horrekin «korapilatu» besterik ez dira egingo. Hor topatu du Irasizabalek nobela beltza sortzeko aitzakia.

Erdi bana

Bi ataletan banatuta dago istorioa; bakoitza protagonistetako batek kontatzen du. Lehena Eriken ahotsetik kontatua dago, eta udaberrian girotuta dago —zatirik luzeena da—; bigarrenean, berriz, Aroak hartzen du kontalariaren rola. Udazkenean gertatzen dira bertan aipatutakoak. Bi atal horien artean, bestalde, hirugarren pertsonaia baten kontakizun laburra dago —Abuztua deitzen da atal hori—. Liburuak kapitulurik ez duen arren, Irasizabalek uste du irakurlea ez dela galduko. «Denek batera osatzen dute istorioa; konfesio moduko bat da».

«Delitua nork egin duen baino gehiago, delitua zergatik egin den azaltzea gustatzen zait»IÑAKI IRASIZABALIdazlea

Hasieran ez omen zuen halako asmorik, baina gerora, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak aipatuta, Irasizabal konturatu zen nobela beltz bat sortzeaz gain maitasun istorio bat ere sortu zuela.

Egilearentzat, Lehertu baino lehen ez da polizia generoko eleberri bat: «Delitua nork egin duen baino gehiago, delitua zergatik egin den azaltzea gustatzen zait». Halaber, zergati horretatik abiatuz beste kontu batzuen inguruan hitz egiteko aukera ere baliatzen duela uste du Mendigurenek: «Krimenetik tiraka, bizitzaz, sistemaz, munduaz hitz egiten du».

Ideia onen bila

Bere lan berria jendearentzat irakurtzeko erraza izatea nahiko luke Irasizabalek. Haren ustetan istorio on batek irakurterraza izan behar baitu. Istorio on bat sortzeko, ordea, inspirazioa behar, eta Elkarreko editoreak inspirazio hori nondik datorkion galdegin dionean, zera erantzun dio: «Ideia on bat behar dut lehenik. Gero, beste ideia on batzuen bila aritzen naiz, argumentu koherente bat bilatzeko». Kasu honetan, editorearen eta erizainaren arteko bikote harremana izan zen bururatu zitzaion ideia onetako bat. «Thrillerra kokatzeko bi mundu interesgarri iruditu zitzaizkidan».

Mendigurenek gaineratu du Irasizabalek orain arte ez duela bere pertsonaien bitartez gizakiaren inguruko iritzi onik plazaratu. Oraingoan, ordea, beste modu batera eraiki ditu pertsonaia horiek: «Gauzak ondo egin nahi bat nabari dela iruditzen zait. Ez dakit adina edo zer izango den, baina nabari da hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.