Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala

«Bikoiztasuna inspirazio iturri da, joko gisako tresna egokia»

Denis Villeneuveren 'Enemy' filmak dualtasunak sortzen dituen beldur, kezka eta arazoak bildu dituJose Saramago idazlearen 'O homem duplicado' eleberriaren moldaketa da

Sarah Gadon aktorea eta Denis Villeneuve filmaren zuzendaria atzo Donostian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Zer egingo zenuke zure berdin-berdina den beste pertsona bat aurrez aurre topatuko bazenu? Hori da Adami, Enemy filmeko protagonistari gertatzen zaiona. Denis Villeneuve filma zuzendu duen zinemagile quebectarrak bikoitzaren gaia bera genero bat dela azaldu zuen atzo filma proiektatu ostean emandako prentsaurrekoan. «Zineman etengabea da bikoiztasuna. Oso presente dago, une oro antzezlea pertsonaia berriak sortzen ari baita». Gai hori askotan inkontzientearekin lotzen da, eta bat baino gehiago dira azkenaldion gai horri buruz egin diren filmak. Villeneuveren arabera, zinema bitarteko ezin hobea da norbere beldurren artean, besteak beste, bikoitzaren nozioak sortua arakatzeko. «Ideia inspiragarria da, joko gisako tresna egokia».

Adam unibertsitateko Historia irakaslearen bizitzan egun guztiak ia berdinak dira, harik eta egun batean lankide batek gomendatu dion film bat ikusten hastean pantailan bere berdin-berdina den norbait ikusten duen arte. Egoerak kezkaturik harekin harremanetan jartzen ahaleginduko da. Ez zaio, ordea, zeregin erraza suertatuko. Hainbat ahaleginen ostean, aurrez aurre izango du bai itxuran eta bai ahotsean bere berdina den aktorea.

Filma Jose Saramagoren O homem duplicado eleberrian oinarrituta dago. Niv Fichman filmaren ekoizleetako batek adierazi zuenez, orain bost urte idazle beraren Ensaio sobre a ceguiera eleberrian oinarritutako pelikula egin zuten. Filma idazleari erakutsi zioten, eta emaitzarekin gustura geratu zenez, O homem duplicado -ren eskubideak eskatu zizkioten. Gidoia ia prest zutenean, galdera batzuekin batera bidali zioten, baina Saramagok ez zien sekula erantzun, hurrengo egunean hil baitzen.

Hori zela eta, Denis Villeneuve zuzendariak eta Javier Gullon gidoilariak moldatu zuten gidoia , idazlearen laguntzarik gabe. «Izenburua Saramagoren liburutik pixka bat aldentzeko aldatu genion; gurea egokitzapen librea da», esan zuen zuzendariak.

Ez da Zinemaldian eskainiko duten Villeneuveren film bakarra, Donostia saria emango dioten Hugh Jackman aktorea agertzen den Prisoners filma ere berak zuzendu baitu. «Zorioneko istripua izan zen. Denbora gutxiren buruan ezer gabe egotetik bi film esku artean izatera igaro nintzen». Dena den, Enemy-ri lehentasuna eman zion, «anbizio handiagokoa eta pertsonalagoa» zelako.

«Enemy laborategi baten antzeko filma da: inprobisaziorako tartea uzten du». Bere film «sekretu» gisa definitu zuen, ametsetan esna egotea bezala zelako beretzat. Irudiekin lan egitea atsegina da Villeneuverentzat, ate berriak irekitzeko aukera ematen diolako. Baina, era berean, argi utzi zuen ikus-entzule murritz jakinari soilik egingo zitzaiola erakargarri. «Erantzun baino galdera gehiago airean uzten dituzten filmak atsegin ditut». Eta nabari da, hari mutur asko ageri baitira lotzeke.

Hasieratik utzi zion argi lantaldeari zein zen bere helburua. Horretarako, gidoiarekin batera, gutun bana bidali zien, xehetasunik txikienak ere argitzeko, baina, era berean, aktoreei ahalik eta askatasunik handiena eskainiz.

Enemy Villeneuveren film pertsonala da, subkontzientearen eragina azaleratzen duena. «Beti borondate askea al dugu? Nork hartzen ditu gure erabakiak? Beti guk? Ala inoiz gure etsaiak?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.