Andres Orozco-Estrada. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria

«Bikaintasunak motibatzen nau»

Zuzendari kolonbiarrak 2009an hartu zuen EOSen gidaritza, eta kontratua beste bi urterako luzatu berri du. Pozik dago musikari taldearekin, baina gorantz egiten jarraitu nahi du.

IÑIGO ASTIZ.
Inigo Astiz
Dusseldorf
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Musika du lanbide, eta makila, tresna. Baina luzapen bat baino ez da bere kasuan. Gorputz guztiarekin zuzentzen du Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Andres Orozco-Estradak (Medellin, Kolonbia, 1977). Baita Vienako Tonkunstler Orchestra Niederosterreich orkestra ere. Bietan aritzen da gidari. «Pasioz», dioenez. Eta zuzentzen duen moduan mintzo da. Keinu batean, geldi egon ezinik. Alemanian izan da egunotan EOSekin, Dusseldorf hiriko orkestrarekin egindako trukearen ondorioz.

Bigarren denboraldia duzu EOSekin, zer harreman duzu taldearekin?

Hobeki ezagutzen dugu elkar. Konpaktuagoa da taldea. Oso ongi ari gara. Gero eta konektatuago gaude, eta igarri egiten da kontzertuetan.

Alemaniakoa bezalako birek zer garrantzi duteorkestrarentzat?

Oso garrantzitsuak dira. Guretzako, kolektibo gisa, musikari gisa, balio handikoak dira halako bidaiak, batu egiten gaituztelako. Era berean, etxetik kanpora atera eta gure burua erakustera joateak, musikalki gehiago ematera bultzatzen gaitu. Soinekorik onenak janzten ditugu. Kontzentratuta etortzen gara dugun onena ematen saiatzeko. Handiak dira bidaia hauen onurak. Ez dira esperientzia puntualak, metatzen doazenak baizik. Itzultzean ere balio digutenak. Maratoi bat egitea lortzen duen kirolariarekin gertatzen dena gertatzen da hemen ere. Gorputzak noraino eman dezakeen jakiten du kirolariak, eta musikariak ere badaki zertara heldu daitekeen. Birek erakusten digute non gauden eta zenbat gehiago eman dezakegun.

Eta non ikusten duzu EOS orain?

Gorantz goaz. Ez zait gustatzen gorenera heldu garela esatea. Oso ongi gaude, baditugu oso maila altuko momentuak, emozio handiko uneak eta transmisio handikoak. Baina horretan jarraitu behar dugu. Errepertorioa, teknika eta komunikazioa hobetu ditzakegu oraindik. Prozesu horren barnean, oso une ona da orain bizi duguna.

2014ra arte luzatu duzu kontratua orkestrarekin.

Bai, hori da nire erronka. Bi denboraldi hauetan oso estandar ona ezarri dugu. Aurrez ere maila ona zuen orkestrak, eta zorte hori izan dut. Orain hori erabiltzea da egin behar dudana. Handitzen jarraitzea da asmoa.

Bikaintasuna. Hori zen 2009an zuzendari kargua hartu zenuenean orkestrari eskatu zeniona. Hori zen helburua. Bete al da?

Bikaintasunarena oso kontzeptu zaila da musikan. Oso subjektiboa. Motibazio bat da niretzat, helburu zehatz bat baino gehiago. Perfektu jotzea lortuz gero ere, baliteke bikaintasunera ez heltzea. Hori da nire ideala. Horrek mugiarazten nau. Gero eta hobeto jo nahi dugu, eta partiturak gure egin nahi ditugu. Musika gero eta geureago egin nahi dugu. Transmisioa da giltza, eta momentu askotan lortzen dugu. Gero eta gehiagotan eta obra gehiagorekin lortu behar dugu hori. Denbora da bidea. Aritzea.

Vienako Tonkunstler Orchestra Niederosterreich ere zuzentzen duzu. Nola lantzen duzu orkestra bakoitzaren nortasuna?

Oso zaila da. Orkestraren nortasuna musikari guztien nortasunak osatzen du, eta jende askok hartzen du parte. Kolektibo horren nortasuna bilatu eta ulertzea da lehen egitekoa. Denborak eta esperientziak egiten dute orkestra bat den modukoa. Vienakoak ibilbide oso luzea du, ehun urtekoa, eta musikarekin estuki lotutako hiri batean sortu zen. Vienak oso historia indartsua du musikari lotua. Ohartu beharra dago horretaz. Euskadikoaren kasuan, aldiz, 30 urte beteko ditu. Heldutasuna badu, eta oso plurala da. Leku askotako jendea batzen du. Vienan ere bai, baina hango orkestran sartzen diren musikari gehienek Vienan egin dituzte ikasketak. Tradizioa ikasi egin behar izan dute. Gure orkestran, aldiz, gutxitan izaten da bertan ikasitakorik.

Aniztasuna da, beraz, EOSen nortasun marka?

Baietz esango nuke. Nortasun gazteko orkestra da, arriskuak hartzen dituena, ausarta. Jotzea gustatzen zaio jendeari, eta bere rola erakustea. Hori ona da. Tradizio luzeagoko orkestretan bakoitzak ezarri xamar izaten du dagokion rola. Borobilagoa da dena. Guk lortzen dugu borobil jotzea ere, baina igartzen da orkestraren oldarkortasuna eta gogoa. Hori oso ona da. Ulertu egin behar da, eta erabiltzen asmatu.

Euskal konpositoreen doinuak ere jo dituzue Alemanian; Arriaga eta Guridirenak, adibidez. Kolonbian jaioa zara, eta Vienan ikasia. Nola jasotzen dituzu haien lanak?

Ez nituen ezagutzen EOSera etorri aurretik. Euskal Mozart dela esaten da Arriagari buruz, eta nortasun propioa duen arren, kolore asko ditu. Niri oso polita iruditzen zait hori. Originala da, oso gurea, eta garrantzitsua da musika hori mundura eramatea. Ez da bigarren mailako musika. Alemaniarako prestatutako programaren logika barruan sartzen da, gainera. Hasteko, pieza ederra da. Mahaian emandako kolpe baten modukoa. Guridiren Amorosa ederra da oso. Orkestraren sinadura, kasik. Beti jo dute bisetan, eta polita da bukaera emateko. Intimitatea eta goxotasuna ematen ditu, eta jendea gehiagoren gosez uzten du. Estrategia bat da, gonbidapen gisako bat. Askotan jo du orkestrak pieza hori, eta zuku eta kolore asko atera diezazkioket.

Umoreak ere badu bere pisua orkestraren lanean, bestalde.

Gure arteko kimikarekin lotuta dago hori. Asko disfrutatzen dut kontzertuetan, eta une horretan sentitzen den plazera da garrantzitsuena. Hori da, zinez, agertokian dena emateko benetako pisuzko arrazoi bakarra. Hala ez balitz, aski nukeen geldi egotearekin. Baina oso zoriontsu naiz kontzertuetan, eta ez dut irribarrerik ezkutatzen. Ez gaude festan, ezta zirkuan ere, baina umoreak ere badu bere lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.