Bihozkada batetik sortutako istorioa

Pasai Antxoko euskara irakasle baten irudia du oinarrian 'Isabel Iturberen bizitza eta heriotza' fikzio ikuskizun musikatuak, eta ITU bandak estreinatuko du Literaturian

2016ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hilberri batean topatutako informazio urria nahikoa izan zaio ITU bandari emanaldi berri bat sortzeko. Literaturian estreinatuko dute Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna, larunbatean 12:30ean, Zarauzko (Gipuzkoa) Modelo aretoan. Isabel Iturbe Pasai Antxon (Gipuzkoa) jaiotako euskal irakaslearen irudia oinarritzat hartuta, haren bizitzaren eta heriotzaren kontakizuna egingo dute, errealitatea, fikzioa, poesia eta musika uztartuz. Doinuetan, berriz, Kaluse talde azpeitiarrak lagunduko die.

Zeruko Argia-ren ale zahar batean kasualitatez aurkitu zuten ITU bandakoek Isabel Iturberen hilberria. Bandako kide Paul Beitiaren esanetan, ikuskizun bat sortzeko pertsonai baten bila zebilen taldea, eta Iturberen irudiak bat egin zuen buruan bueltaka zuten ideiarekin: «Pertsona baten bizitza kontatu nahi genuen, eta ereduren baten bila genbiltzala aurkitu genuen Isabel Iturberen hilberria. Haren inguruko oso informazio gutxi lortu dugu; gau eskolako euskara irakaslea izan zen, 1940ko hamarkadan Pasai Antxon jaioa, euskalgintzan ibilitakoa eta gazte hildakoa; 39 urterekin, hain zuzen». Informazio hori bildu, eta errealitatetik fikziorako salto eginez, irakaslearen bizitzaz eta heriotzaz mintzatuko dira emanaldian. «Isabel Iturbe benetako pertsona izanik, haren irudiaren inguruan fikzioko istorioa sortu dugu».

Uneko bihozkada baten bidez aukeratu zuten Isabel Iturbe; paper zaharkituan inprimatutako hilberria ikusita, bila zebiltzan pertsonaia aurkitu zutela ikusi zuten ustekabean: «Emanaldiaren egitura nahiko argi genuen harrezkero, baina protagonista falta zitzaigun. Hilberria aurkitu genuenean, pertsonak pertsonaiarekin primeran bat egiten zuela ikusi genuen; izena eta guzti mantendu genion».

Taula gainean diziplina eta elementu ugari bilduko dituzten arren, emanaldia ez da antzezlan bat; hala azpimarratu du Beitiak: «Antzezlan bat baino gehiago, irakurraldi dramatizatu bat dela esango nuke. Isabel Iturbe pertsonaia nagusia den arren, testu eta ahots askorekin kontatuko dugu haren istorioa, musikarekin girotuz eta ikus-entzunezko elementuak erabiliz». Hala, Iturberen garaiko irudi bilduma batekin osatuko dute emanaldia: «Hemeroteketara jo dugu, irakasleak bizi izan zuen garaiko eta haren inguruko argazki zaharrak biltzera». Beitiaren esanetan, Iturberen ahotsarekin batera, kanpotik datozen beste ahots batzuekin osatuko dute emanaldia; ahots horiez arduratuko dira Alazne Arruti, Garazi Mugarza, Jon Gurrutxaga eta Peru Iparragirre aktoreak.

Ikusleek ere izango dute adimena martxan jartzeko aukera, Beitiak azaldu duenez. «Irakurraldi dramatizatua izanik, publikoari ez diogu besterik gabe emango ahora emanaldia. Ikuskizuna osatzen duten elementuekin irudi bat osatuko dute buruan, eta Iturberen irudia pixkanaka eratu. Jarrera aktiboa eskatzen du gure emanaldiak».

Iturberen arrastoaren bila

Fikziora jo arren, errealitatea ahalik eta modu fidelenean islatzen saiatu dira ITU bandakoak. Internet izan dute ikerketaren informazio iturri nagusia: besteak beste, Ahotsak webgunea. Iturberen arrastoa jarraitzen ere saiatu dira, haren senideren bat edo ezagutu zuen norbaiten bila, baina ez dute lortu. «Saiatu gara gertukoren batekin kontaktuan jartzen, baina ez dugu lortu horretarako informazio nahikoa. Bizi izan zuen garaiaren inguruan bildu ditugu datuak, baina irakasleaz gehiago jakitea ezinezkoa izan da, Isabel Iturbe bat baino gehiago aurkitu baititugu».

ITU bandako kideak iaz aurkeztu zituzten beren buruak publikoaren aurrean lehenbizikoaz, Eako (Bizkaia) poesia egunetan aurkeztutako Ituskizuna emanaldiarekin. Hala, taula gainean jartzeko bidea dagoeneko egina dute: «Esperientzia ederra izan zen Ituskizuna eskaintzea; aurpegia ematen genuen lehen aldia izan zen, eta, oraingoan, ilusio handia egiten digu Literaturian proiektu berria aurkezteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.