Haustura. Hutsunea. Bakardadea. Horiek izan ziren Jorge Oteizak (1908-2003) Itziar Carreño emaztea 1991n hil zenean zerrendatutako sentimendu andanaren artean hiru. Hutsik gelditu zitzaion bihotza, minduta. «Zure eskuen argiak nire esku hutsak betetzen ditu», idatzi zion Jorge Oteizak emazteari. Galera hark eragin ziona abiapuntu hartuta, idatzitako poemekin, Itziar elegía y otros poemas (Itziar elegia eta beste poema batzuk) liburua osatu zuen. Hain zuzen ere, Pamiela argitaletxeak liburuaren hirugarren edizioa kaleratu du.
Pilar Oteiza, artistaren iloba, hunkituta mintzatu da Itziar elegía y otros poemas liburuaz. «Itziar Carreñok eta Jorge Oteizak zuten emozio heldua azaltzen da». Argentinan ezagutu zuen Oteizak emaztea. 30 urte inguru zituzten biek. «Helduak ziren, eta bazekiten zer nahi zuten. Itsasoaren beste aldean sortu zen maitasunak hil arte iraun zuen, eta hori ederra da».
Benetan maitekiro agertzen da Oteiza bere poesien bitartez. Lehen pertsonan idazten badu ere, benetako protagonista Itziar Carreño da. Hitz goxoz mintzo zaio. Batzuetan nahasmena ere eragiten dio irakurleari; Carreñok, zenbaitetan, emaztea baino gehiago artistaren ama iduri duelako. Haur bat bezala mintzatzen da Oteiza, gezurrik esaten ez duen haur baten modura.
Alde horretatik, Bernardo Atxaga idazlearen irudiko, poema liburuan, Oteiza «tolesturarik gabe» ageri da. «Dena asmatua dagoen garaietan» olerkiek hunkitzea zaila dela defendatu du. Baina, oriotarraren olerkiek duten hunkitzeko gaitasuna ukaezintzat jo du Atxagak: «Itziarri [Carreño] eskaintzen dizkion olerkiak emozioz beterik daude. Oteiza ez da ezkutatzen, gardena da».
Izan ere, olerkietako batean, emazteak maitekiro deitzeko erabiltzen zuen hitza aipatzen du: «Enertxu». Gaztelaniazko energúmeno-ren laburdura litzateke. Astakirten deitzeko modu leundua, alegia. Maitasunez betetako adierazpenez gaindi, Oteiza poema horietan mindua agertzen da,traumatizatua zenbaitetan. Hala, erabiltzen duen idazkera ez dela «ohikoa» irizten dio Atxagak. Alde horretatik, artearen beste diziplinetan bezala, idazterakoan ere, gizartean eragin nahi zuela nabarmendu du.
Benetako izanaren gordailu
Itziar elegía y otros poemas liburuaren bigarren zatiak ez du zer ikusirik lehenengoarekin. Idazkera korapilatsuagoa erabiltzen du. Hiriari, urbanoa den bizigune horri, Arestiri eta Azurmendiri egiten die erreferentzia, besteak beste. Poliki, atentzio osoz irakurtzeko olerkiak dira, Atxagaren iritziz. Itziar Carreñori eskainitako olerkien ondotik, tolesturaz betetako poemak batu zituen Oteizak. «Letren artean propio utzitako zenbait hutsunetan erreparatu besterik ez dago Oteiza nolakoa zen jakiteko», nabarmendu du Atxagak. Azken finean, artistaren izana horrenbeste baldintzatu zuen hutsunea da liburuan ere gakoa, maitasunak eta idazteko moduan erabilitako hutsuneak, hain zuzen ere.
Bihotzeko hutsuneari poesia
Jorge Oteizaren 'Itziar elegía y otros poemas' liburuaren hirugarren edizioa kaleratu du Pamielak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu