Bihotz partekatuen esker ona

Euskadi Literatura Sarien banaketa ekitaldia egin dute, Gasteizko Artium museoan. Idazle, irakurle eta bidaideei eskaini diete aitortza sarituek. Irakurzaletasuna sustatu beharraz ohartarazi du Zupiriak

Ezker-eskuin: Iribarren, Mosquera, Aldasoro, Urkullu, Zupiria, Zunzunegi, Altonaga eta Rodriguez, atzo, sariak banatzeko ekitaldian, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Behin ez, bi bider igo zen agertokira Eider Rodriguez atzo, Euskadi Literatura Sariengatik esker ona adieraztera. Idazle batek urte berean bi sari jaso dituen aurreneko aldia izan baita. Bihotz handiegia (Susa) ipuin liburuagatik jaso du Euskarazko Literaturako Sari Nagusia, eta Santa Familia (Ikastolen Elkartea) komikiagatik Haur eta Gazte Literaturari dagokiona. Gainerako idazle, irakurle eta bidaideekin partekatu zuen Rodriguezek jasotako aitortza, beretzat soilik hartu beharrean. «Literatura ez da bakarrik egoteko leku bat, horretarako badago mundua», adierazi zuen idazleak. Duela hilabete jakinarazi zituzten saritu guztiak, baina atzo egin zuten sariak banatzeko ekitaldia, Gasteizko Artium museoan. Rodriguezekin batera, bertan izan ziren beste bost sarituak ere: Kepa Altonaga, Irene Aldasoro, Santos Zunzunegi, Yolanda Mosquera eta Karmelo C. Iribarren.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman zieten sei saridunei Jose Ibarrolaren Liburu nabigatzailea oroitarria. Ikurrarekin batera, saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta beste 4.000 euro eskuratuko ditu bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

«Arraro» sentitzen zen Rodriguez agertokian, halere. «Kuriosoa da, baina historikoki mundutik ihes egiteko, jendearengandik babesteko erabili izan dudan zerbaitek ekarri nau honaino; arnasa hartzeko erabili izan dudan zerbaitek eteten dit orain arnasa». Euskal literatura fokupean egotearen ohitura faltari egotzi zion sentipen hori, besteak beste; euskal kulturarekiko arreta eta lehentasun faltari. Etorkizunean jarri zuen mira idazleak, baina, euskararen eta euskal kulturaren geroan. «Idatziz etorri gara honaino, idatziz zeharkatu dugu historia, idatzi dugu, idazten dugu, eta idatzi beharko dugu idatz ez gaitzaten». Julen Ribas ilustratzaileari eskaini zion, besteak beste, sarietako bat.

«Poza eta esker ona» adierazi zituen Kepa Altonagak ere agertokira igotzean. Poza, bereziki, «saiakera zientifikoa» saritu dutelako. «Saiakerak ez du zertan gogaikarria izan, baldin eta arduraz hartzen baditu hiru puntuok: zer kontatu nahi den, norentzat kontatu behar den, eta nola kontatu nahi den». Patagoniara Hazparnen barrena (Pamiela) lanak jaso du Euskarazko Saiakeraren saria. Argentinan euskal kolonia bat sortzeko Florentzio Basalduak egindako proiektuaren historia bildu du bertan. Hunkituta jaso zuen saria Altonagak, eta ibilbide literarioan emandako laguntza eskertu zien «arnasa emaileei».

Jatorrizko obrari eskertu zion, bestalde, Irene Aldasoro itzultzaileak bere saria; obrari, eta idazleari berari. «Dudarik gabe, jatorrizko obra ederra izateak laguntzen du itzulpen sarian, eta Emily Bronteren obra oso ederra da». Idazle ingelesaren Gailur Ekaiztsuak (Erein & Igela) euskarara itzultzeagatik jaso du saria Aldasorok. Bigarren aldiz jaso du sari hori, gainera. «Gailurretara bisitan joateko» gonbita egin zuen itzultzaileak, Bronteren jaiotzaren bigarren mendeurrenaren aitzakian; «eguraldi onarekin, ahal bada».

Aldarrikapen ugari

Bere ofizioaren aldeko aldarria egin zuen Yolanda Mosquera ilustratzaileak. «Narratzaileak gara gu ere, narratzaile bisualak, nahiz eta lengoaia propioa erabili». Bada, ilustratzaileen lana balioesten dutenei eskaini zien saria irudigile amurrioarrak, baina, bereziki, amari. Guy de Maupassanten La Pequeña Roque (Yacare) liburuaren ilustrazioagatik saritu dute.

Poesiaren aldeko aldarria egin, eta epaimahaiari esker ona adierazi zion Karmelo C. Iribarrenek, bestalde. Miestras me alejo (Visor libros) poesia liburuagatik jaso du gaztelerako sari nagusia, eta generoa aintzat hartu izana eskertu zuen, «normalean alboratuta geratzen baita halako sariketetan». Hark ere ez zuen beretzat gorde aitortza, eta familiari eta euskal olerkariei eskaini zien.

Santos Zunzunegik kolektibotasuna azpimarratu zuen, era berean, esker oneko hitzetan. «Indibiduala dena kolektiboa da beti. Saritutako liburuak egilearen izen bat darama, baina izen hori ez litzateke egun dena izango beste batzuek hari egindako ekarpenik gabe». Emaztea, semea, arrebak eta lagunak izan zituen gogoan idazleak, baina gurasoei eskaini zien saria bereziki. Baita EHUri ere, 40 urte baino gehiago eman baititu irakasle gisa bertan. Bajo el signo de la melancolía (Catedra) lanagatik jaso du gaztelaniazko saiakeraren saria.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzetan, ikusgarritasuna dute sariek helburu, baina, batez ere, irakurtzeko zaletasuna areagotzeko balio dezakete: «Sari hauei esker, gehiago hitz egiten da gure kulturaz, gure sortzaileez eta literaturaz; eta gehiago irakurtzea lortu nahi genuke». Hori bera berretsi zuen Zupiria sailburuak ere. «Idazle, argitaletxe eta sektore honetako profesionalek erronka handia daukagu irakurzaletasunaren sustapenari dagokionez. Irakurleak ematen baitio bizitza idazleak sortu duen obrari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.