Literatura

Bihotz basatiarenak

Ehun urte izango dira aurten Clarice Lispector idazle brasildarra mundura sortu zela; 2021ean, berriz, haren 'Zorion klandestinoa' liburu euskaratuak berrogeita hamar urte beteko ditu. Brasilgo literaturako figura gailen bat da, eta arrunt estimatua mundu zabalean.

Clarice Lispector idazle brasildarra, 1969. urteko irudi batean; asteon izango dira ehun urte jaio zela. MAUREEN BISILLIAT.
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
«Lispectorrek badauka ezin esanezko zerbait, ezin harrapatuzko mixterio bat, nik—esan beharrik ez dago— harrapatzerik izan ez nuena, baina sumatu bai egin nuen». Iñigo Roque itzultzaileak bezala, beste irakurle eta kritikari frankok ere seinalatua diote halako zer harrapaezin bat Clarice Lispectorren literaturari, zerbait entelegu zurrunari eskapo egiten diona eta, aitzitik, erraien eta emozioen kitzikagarri dena. Ulertu ez baizik sentitu beharrekoa omen da haren obra narratiboa, arrazoiarekin harrapatzen ahaleginduz gero iheska urruntzen baitzaio irakurleari, bai eta, antza denez, itzultzaileari ere.

Lispector Ukrainan munduratu zen, duela ehun urteko abenduan, eta handik gutxira haren familia Brasilera ailegatu zen, erbeste politikoan. 23 urterekin kaleratu zuen lehen nobela, Perto do Coração Selvagem (Bihotz basatitik gertu), eta harrera ederra izan zuen; kritikariek Brasilgo literaturaren berritzaile handitzat txalotu zuten Lispector, Brasil aldera bideratzeagatik Woolf, Joyce eta enparauen modernismo literarioaren ubera: «Aldatu egin du Brasilgo nobelagintzak hogei urtez izandako grabitate puntua», adierazi zuen kritikariren batek. Europan ere zabaldu zen Lispectorren oihartzuna, batik bat Frantziatik, Helene Cixous kritikariak hauspotuta. 57 urte bete gabe hil zen, obarioko minbizia zela kausa.

Ez da harrigarria Lispectorren proposamen estetikoa Cixousen moduko postestrukturalista baten gogokoa izatea. Literatura hizkuntzaren mugetaraino luzatzen du Lispectorrek, esanezina hitzez atzitu nahirik bere pertsonaien barne munduen miaketan. Unean uneko sentipenak eta irudipenak bihotz-mamietaraino aztarrikatzen ditu, eta ematen du pertsonaiak barneratze horretarako aitzakia baino ez direla izaten. Horregatik, maiz askotan apenas aurki daitekeen tramarik; gertakari xume eta itxuraz funsgaberen bat edo beste izaten da, ez besterik, pertsonaien emozio eta gogoeta poetikoen euskarri.

Zorion klandestinoa sortan bederen, arakatze horrek gainez egiten die kontakizunei, eta ipuinetatik egozten ditu ez bakarrik narratibaren ohiko ezaugarri ugari (trama eta argumentu egituratua, pertsonaien lanketa psikologiko koherentea...), baizik eta baita, neurri batean, errealitate materiala bera ere. Ipuinak barne munduetan galtzen dira, eta hizkuntza bera ia autorreferentzial bihurtzen da sarri; hizkuntzak bere buruaz dihardu, esanezinaren bilaketa azkengabe batean. Horren erakusgarri du Lispectorrek Àgua viva (Ur bizia) eleberri laudatua, makina baten ustez haren obra gailena ere badena. Lehen pertsonako barne bakarrizketa poetiko eta abstraktu bat da, poema luze baten moduan leitzen dena. Estiloa ere soil askoa du lehen begiratuan, esaldi gehienak labur antzak eta sintaxia apenas bihurritu gabea. Baina, nolabait, barrukoz kanpora idatzia dagoela ematen du, estiloa eta hizkuntza beren mugetaraino behartuta bezala. Narratzaileak berak aitortzen du, halako batean, bai eta demostratzen ere: «Hitzen bestaldean katramilatzen diren esaldi boluptuoso eta ulergaitzetan haragitzen naiz. Eta isiltasun bat dario, sotil, esaldien zirti-zartari».

Nahiz eta Lispectorren obra guztia ez izan horren abstraktua, haren literaturak badu irakurketa zail edo behintzat nekosoaren fama. Narrazio gisa kategorizatzen dira haren idazlanak, baina, izkin egin ohi dietenez narratiba ohikoaren ezaugarri ugariri, talka egiten dute irakurlearen espektatiben zerumuga delakoarekin, hau da, irakurleak literatura lan bati ekiterako espero dituen ezaugarri edo kodeekin. Lispectorrek narratibaren generoari dagozkion kode ugari gainazpikatzen ditu, eta, zenbait irakurlek horiexek behar baitituzte leitzeari lotzeko, bati baino gehiagori gozakaizten zaie irakurraldia.

«Munduko urak»

Ipuin laburrak ditu Zorion klandestinoa sortak, lauzpabost orritik beherakoak gehientsuenak. Kolpetik bezala hasten dira askotan, eta hasiera bikainak dituzte gehienek. Perdonantzen irabazlea ipuina, adibidez, honela hasten da: «Sekula ezer ebatsi ez duenak ez dit ulertuko. Eta arrosarik sekula ebatsi ez duenak, beraz, ezin ulertuko dit inoiz. Nik, txikitan, arrosak ebasten nituen». Ipuinak diferenteak dira oso, baina Lispectorren ahotsa antzera loratzen da liburu osoan.

Munduko urak ipuinak, esate baterako, abentura ezinago xume bat kontatzen du: goizeko seietan, emakume batek bainua hartzen du hondartzan. Ez da besterik gertatzen, baina, era berean, gutxienekoa da hori. «Emakumeak itsasoari begiratzen dio, hori baino ezin dezake egin. Zeruertzak baino ez du mugatzen, hau da, lurraren kurbadura ikusteko giza ezintasunak». Pixkanaka, emakumea uretan sartzen da: «Emakumea orain trinkoa da eta arina eta zorrotza, eta bidea urratzen du erabateko hoztasunean, zeinak likidoki aurka egiten baitio baina halere sartzen uzten, maitasunean aurka egitea eskari bat izan daitekeen bezala». Gero, bainatu bitartean, trago bat ur egiten du, «itsasoa barruan edukitzea» besterik ez baitzuen falta. Eta, azkenik, atera egiten da: «Badaki uraren dirdira duela, eta gatzarena eta eguzkiarena». Laburpen horri, ordea, ezinbestean ihes egiten dio, berriz ere, Lispectorren «ezin harrapatuzko mixterioak».

Argumentuari izkin egiten baitiote, Lispectorren narrazioekporrokatu egiten dute spoilerdelakoaren kontzeptua (eta haren beldur irrazionala), hainzabaldua dagoena gaur egungo fikzio ikus-entzunezko zeinidatziaren kontsumoan. Fikzio literarioaren beste ertz batzuk balioetsi eta gozatzen ikasteko aukera da Lispector.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500