Atera berri duen olerki bildumari «lehen liburua» deitu, eta irriz hasi da segidan Maddi Sarasua Laskarai (Itsasu, Lapurdi, 1995), jenaturik: «Ez dakit izanen den besterik, e!». Beharbada ez, etorkizunak besterik ez daki, baina, artean, lehen liburua atera du, eta poesia liburu bat da. Biharraren hegietan izendatu du, eta Maiatz argitaletxearekin plazaratu: Sarasua Laskaraik bere barnetan dituen etorkizunari begirako zenbait hausnarketa plazaratzen ditu, atzoko eta egungo gizarte gertakariek bultzaturik. Kezketatik esperantzarako bide bat da, borrokaren norabidea harturik.
Olerki bilduma bat atera berri duzu; zure lehen lana da. Noiz eta nola abiatu zinen idazketan?
Idatzi izan ditudan testu desberdinak dira, momentu desberdinetan biziki. Idatzi ditudalarik, ez dut sekula pentsatu izan noizbait aterako zirela olerki horiek. Beste zerbaiten estakuruan, ene ahizpak galdegin zidan musikatzen ahal zituenez, eta orduan hasi nintzen ordenagailurat pasatzen kaieretan nituen testuak. Gero ohartu banituela anitz, eta, ondotik, izan da pentsatzea berdin balio zuela zerbaiten egitea...
Beraz, oharkabean eraman duzun urte luzeetako lana da, azkenean.
Bai, hori da. Batzuk ez naiz oroit ere noiz edo non idatzi nituen... Beste batzuk galdegin izan zidaten egitasmo bat edo besterako testuak dira. Gero, egin dut lan horien ordenatzeko, berriz forman ezartzeko.
Lan horren momentuan olerkiak berriz landu dituzu, edo ziren bezala atera dira?
Egia errateko, ene izateko maneran momentuan ateratzen zaidana idatzi eta uzten dut: gero, gehienetan, edo zikin ontzira botatzen dut, edo atxikitzen. Halere, batzuk bai, pixka bat berrikusi ditut. Eta egin dut bidea jendearekin: Peru Iparragirrek, adibidez, anitz lagundu nau, ene olerkien irakurriz eta erranez hori edo hori aldatzeko.
Nola egituratzen da bilduma?
Hiru partetan da. Lehen partea, Katez beste: hor kokatzen dira enetzat inportanteak izan diren beste batzuen olerki batzuetatik abiatuak. Adibidez, Lauaxeta, Aresti, Koldo Izagirre... Badira horien olerkiak irakurri eta gero idatzi ditudan batzuk, eta, beraz, badituztenak hautuz horien esaldi batzuk, horien irudi batzuk... Baina gudariei edo presoei buruz idatzitako poesia batzuk ere bai. Eta baita munduko mugimendu politiko edo borroka esperientzietatik idatzitakoak ere.
Bigarren partea, Zulodun zapatak: lehen ataleko guzia jaso dugu, baina, hala ere, gaur egun gure zapatak zilo dira, bizi baikara gizarte kapitalistaren baitan, horrek eragiten duen guziarekin; olerki intimoagoak dira, baina jakinez, segur aski, nik bizi ditudanak anitzek bizi ditugula. Hirugarren eta azken partea Goiza da orain da: baikortasun hori transmititu nahi izan dut, edo egiten hasiak garen bide hori.
«Idatzi ditudalarik ez dut sekula pentsatu izan noizbait aterako zirela olerki horiek. Ene ahizpak galdegin zidan musikatzen ahal zituenez, eta orduan hasi nintzen ordenagailurat pasatzen kaieretan nituen testuak».
MADDI SARASUA Idazlea eta bertsolaria
Gaiek non dute jatorria zure baitan?
Bidea pixka bat bizipenetatik, ene gogoetatik egiten da. Hortik heldu da ere argitaratzeko hautua edo bidea: beharbada balio zuelakoan, nolabait, ekarpen ttipi bat egiteko. Idatziak zirelako, beharbada, mugimendu politiko baten partetik; hor ideia batzuk, amets batzuk dira... munduaren inguruko kezka batzuk eta horiekiko hartzen dugun jarrera. Horiek transmititu nahian.
Eta, ideia horien transmititzeko, hainbat erregistrotan aritzen zara: batzuetan, oso metaforikoa duzu idazkera, eta, besteetan, anitzez ere gordinagoa. Nola gauzatzen da zure idazketa estiloa?
Batzuk bai dira nik biziki maite ditudan olerkariak. Eta badira beste batzuk aise ahozkoagoak, gertakari konkretu batzuen berri ematen dutenak.
Nahigabean, bertso mundutik heldu bainaiz, badira forma erregularra badutenak. Baina pixka bat denetarik, ez dut sekula hartu poesia klaserik, kar-kar.
Bertsoak eragiten dizu olerkia, beraz?
Ene ustez, nahigabean, bai. Jotzen dut bukaera atzeman nahian, errimak... Eta batzuetan egin behar izan dut bidea hortarik urruntzeko. Ez du balio beti holako bukaerako arrazoinamenduak; ez da hori, usu, olerkian xerkatzen duguna.
Baina, egia erran, biziki segurtasun eskasian sentitu izan naiz, ez baitut sekula pentsatu ene olerkiak aski onak zirenik irakurriak izateko. Justuki, bertso eskolan baituzu irakasle bat, lantzen duzu, eta, gero, saioak dira. Baina hor, liburu bat ateratzen duzu, eta zaila da jakitea egiazki zer balio duen.
Halere, ausartu zara.
Ez banintz inguratua izan eta jendeak ez balit erran balio zuela, ez nuen sekula eginen. Horien artean Luzien Etxezaharreta [Maiatz argitaletxeko koordinatzailea] ere izan da konfiantza eman didana eta motibatu nauena liburua ateratzera. Bera gabe ere ez nuen eginen.
Batetik, bada konfiantza falta hori, baina, bestetik, bada jendearen epaia ere. Euskal kultur mundua ttipia da, bertsolaritzarekin jadanik bizi izan dut hori, eta horrek, zinez, alferkeria handia ematen zidan. Baina, estimatuz nonbait ekarpen ttipi bat egiten ahalko zukeela hori partekatzeak, pentsatu nuen: «Eginen dugu!».
Ekarpen ttipi hori aipatzen duzu behin eta berriz, eta plazaratzen duzun lana arras politikoa da. Zer garrantzi du politikoaren aipatzeak artean?
Bestenaz artea zerendako da? Bai, plazera hartzeko, umorerako... Edo, gogoeta eta bizipen batzuen bidez, zerbait transmititzeko bidea; niretzat, bai. Horren zentzua da biziaren zentzua xerkatzea bezala: gauzak hobetu nahi ditugu. Nik, bederen, gogoeta hori nahi nuen poesia liburuan transmititu.
Nahi nuen izatea poesia liburu baikorra, nonbait zaila baita gaur egun: gizartearen irakurketa egiten hasten zara, eta, normalki, idazten duzularik, eguneroko arazoak heldu dira. Eta horien aitzinean, zer? Ez badugu sinesten posible dela zerbait hobea egitea, zaila da bizitzea hemen. Eta, beraz, hori partekatzea nahi nuen; ametsetatik, aukeretatik, egiten ari garen bide horretatik.
«Bestenaz artea zerendako da? Bai, plazera hartzeko, umorerako... Edo, gogoeta eta bizipen batzuen bidez, zerbait transmititzeko bidea; niretzat, bai».
MADDI SARASUAIdazlea eta bertsolaria
Luzien Etxezaharretak erran du bilduma hori borrokarako deia dela...
Bistan dena, bestenaz ez diot zentzurik ere ikusten! Zendako partekatu ez baldin bada hori. Gero, zenbateraino hori lortzen ahal den poesiarekin... Ez dakit zenbat jendek irakurtzen duen, biziki mugatua da. Badakigu gauzak hobetzeko bidea eguneroko militantzia dela, baina hortik ere zerbait ahal bada ekarri, orduan bai, horretan nuen asmoa. Berdin da bertsolaritzan eta musika talde anitzekin.
Azkenean, Biharraren hegietan biharraren egia anitz aztertzen dituzu...
Bada joko hortarik: biharraren hegietan h gabe ere, eta begietan maite nuen... Bihar hobe bat eraiki nahian eta bide horretan idatziriko olerkiak dira.