Donostiako Tabakaleran egoitza duen Elias Kerejeta Zine Eskolako Komisariotzako ikasleek Irla mortu bat. Zinema programa bizigarri bat zikloa antolatu dute. Bihar abiatuko da programazioa, Apichatpong Weerasethakul zuzendariaren Sud sanaeha (Blissfully Yours) filmarekin, eta, igandera bitarte, beste zortzi lan proiektatuko dituzte. Zentroko ikasleek bi instalazio ere sortu dituzte, eta aste osoan izango dira ikusgai. Tabakalerak hartuko ditu programatutako ekitaldi guztiak.
Weerasethakulek 2002. urtean zuzendutako filma da programari hasiera emango diona; 35 milimetrotan proiektatuko da, jatorrizko hizkuntzan, eta saiorako propio sortutako euskarazko azpidatziekin emango dute, baita ingelesezkoekin ere. Asteazkenean, berriz, Daniele Huillet eta Jean-Marie Straubena zuzendarien Operai, contadini (2001) emango dute.
Ostegunean, bi emanaldiko bi saio izango dira. Lehenik, Maximilian Bungartenen The Age of Innocence (2022) eta Luis Esguerra Elias Kerejeta Zine Eskolako bosgarren promozioko ikaslearen Tú me hiciste ver el cielo (2023) ikusi ahal izango dira; eta, ondoren, Helena Giron eta Samuel M. Delgadoren Bloom (2023) eta Silvia das Fadasen A casa, a verdadeira e a seguinte, ainda está por fazer (2018) —bigarren saioan Das Fadas bera egongo da—.
Hilaren 12an egingo dituzte azken bi saioak. Lehenengoan, Miryam Charlesen Vole, vole tristesse (2015) eta Rhayne Vermetteren Ste. Anne (2021) lanak erakutsiko dituzte. Eta itxierako emanaldian, berriz, Sharon Lockharten Eventide (2022).
Elkarrizketak dituzten filmak jatorrizko hizkuntzan proiektatuko dira, azpidatzita. Sarrerak Tabakaleraren webgunean eta leihatilan salgai daude jada, 4 euroan.
Bi instalazio
Halaber, programazioaren osagarri, bi instalazio ekoitzi dituzte eskolako ikasleek. Benetako irlei buruzkoak dira biak ala biak, Donostiarekin eta inguruko lurraldeekin lotura zuzena duten irlei buruzkoak, zehaztu dutenez. Eskolako bosgarren promozioko ikasle Deva Peredaren Lika ikus-entzunezko instalazioa Bidasoa ibaira eta mugara hurbiltzen da, «begirada Faisaien Uhartean finkatuta; Espainia eta Frantziako muga administratiboetatik agertu eta desagertzen den uhartean, alegia». Egun eskolako ikaslea den Ana Julia Silvinoren Odoyá ez dago! soinu instalazioa, berriz, Donostiako Santa Klara uhartean egindako «entzute aktiboko ariketa bat da, ikusten ez denari eta hautematen duen gorputz etorkinari buruzko fikzio espekulatibo bat».
Bi instalazioak asteartetik igandera izango dira ikusgai, Tabakalerako eraikina zabalik dagoen bitartean. Biak doan izango dira.