Bihar hasiko da Hendaiako Guitaralde jaialdia

Festibalaren XII. aldia da aurtengoa, eta Robben Ford, Diane Tell eta Thomas Fersen dira izen handiak. Larunbatera arte iraungo du.

Duo Jade. GUITARALDE FESTIBALA
iraia vieira gil
2023ko uztailaren 4a
17:17
Entzun

Hamabi urte daramatza Hendaiako (Lapurdi) Guitaralde jaialdiak nazioarteko gitarra jotzaile ezagun eta hasiberriak biltzen, eta hala egingo du aurten ere. Egitaraua «ederra» izango dela aurreratu dute antolatzaileek, artisten emanaldiez gain, bestelako eskaintzak ere izango direlako. Paco de Lucía, légende du flamenco dokumentalak emango dio bihar hasiera jaialdiari, 18:00etan, eta Thomas Fersenek emango du larunbatean azken kontzertua, 22:30ean. Tartean, askotariko estiloak entzun ahal izango ditu publikoak: «Jazza, klasikoa, popa edota Afrikako musika».

Pablo Arrietak eta Jean Marie Ekaik emango dute bihar festibaleko lehen kontzertua, 19:30ean, Les Varietes zineman. Guitaralden aurretik aritu dira biak, eta, aurten, Nire gitartxoari diskoa aurkeztuko dute. Elkarrekin egin duten lehen albuma da, eta Bernardo Atxagak berak hitzak jarri dizkie zenbait abestiri.

Habanako Duo Jade taldeak emango dio hasiera jaialdiaren bigarren egunari. Gitarra bakarra joko dute, baina bi ahots izango dira oholtza gainean: Yanaysa Prieto eta Maigret Bourricaudy. Ines Osinagarekin kolaboratu zuten Itsasoa da bide bakarra diskoan, eta Kubako musika tradizionalean oinarritutako EP berria aurkeztuko dute oraingoan. Antolatzaileen arabera, «mojito batekin gozatzeko une polita» izango da haien kontzertua.

21:30etik aurrera, beste hiru emanaldi izango dira: Patrick Manouguianek, Alyscek eta Moh Kouyatek joko dute. «Epe luzeko ospea» izango duten artistak dira hirurak, baina bere estilo propioa du bakoitzak. Abeslari ospetsuen luxuzko sideman-a izan da Manouguian denbora luzez; popa, folka eta elektronikoa nahastea gustatzen zaio Alysceri; eta Ginea aldeko musika tradizionala eta egungo musika modernoa batzen ditu Kouyatek bere musikan.

Maite Larburu eta Robben Ford dira ostiralean joko duten artisten artean ezagunenak. 21:00etan igoko da Larburu oholtza gainera, eta Krak haren azken diskoaren kantak interpretatuko ditu. Musika esperimentalarekin jolastuko du, eta, horretarako, bi musikari izango ditu kide: Ander Zulaika bateria eta perkusio jotzailea eta Carlos Taroncher klarinete eta baxu jotzailea. Haien ostean joko du Fordek, 22:30ean. Honnet anaiekin arituko da bera, eta jazz erritmoak joko dituzte.

Aurtengo jaialdiko bi izarrek itxiko dute larunbatean jaialdia; Diane Tellek eta Thomas Fersenek. Haiku bere hamalaugarren diskoan zehar «ibilbide erromantikoa» egingo du Tellek eta, bide horretan, hainbat balada interpretatuko ditu. 21:00etan joko du, Gaztelu Zahar pilotalekuan, eta haren ostean arituko da Fersen leku berean, 22:30ean. Gitarra eta ukelelea bateratuz, haurtzaroko garaietara eraman nahi du Fersenek publikoa, eta Lewis Carroll idazlearen irudimenezko lurraldeak bisitatzea izango du helburu nagusi.

Bestelako eskaintzak

Aurten bigarrenez, gainera, Arrabitegileen Azoka antolatuko dute, non publikoak tokiko eskulangileekin hitz egiteko aukera izango duen. Beste askorekin batera, Xabina Larralde, Sergio Callejo eta Stephane Bivalski artisauak izango dira azokan. Ostiralean izango da, 14:00etatik 18:30era, eta larunbatean 10:00etatik 12:30era eta 14:00etatik 18:30era.

Horrez gain, Moh Kouyate musikariak gitarra jotzen ikasteko eskola magistrala emango du ostiralean, goizeko hamaiketan eta arratsaldeko hiruretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.