Musikaz bustiko da Donostia bihartik igandera, eta hiriko hainbat txokotan izango da doinu eta estilo ezberdinez gozatzeko parada; «mimo handiz» sortutako jaialdi bat dago horren atzean: Boga Boga festibala. Antolatzaileen arabera, «jaialdia baino gehiago, musika festa bat» izango da, egitarau oparo batek hauspotua. Ginmusicak eta Dabadaba aretoak antolatu dute, hutsune bati erantzuteko asmoz: hirian bertako DNA duen musika independentearen aldeko jaialdi bat izatea. Lehen aldia izango du festibalak, baina, printzipioz, ez da azkena izango.
Antolatzaileek azaldu dute hiriko espazioetara egokitutako festa izango dela. Besteak beste, Ondarretako hondartzan, Miramar jauregian, Txillida Lekun, Dokan eta Dabadaban izango dira kontzertuak, eta oholtzan arituko direnen artean daude Julieta Venegas, La Femme, Belako, Anari, J Martina, Verde Prato, Simona, Vatocholo, Irenegarry, Lukiek eta Malakias. Euskal Herriko eta nazioarteko taldeek osatuko dute egitaraua, beraz. Aurreneko aldia izateaz gain, bestelako berrikuntzak ere izango dira; izan ere, Belako taldeak disko berria aurkezteko baliatuko du jaialdia, eta, hala, ostiralean emango du lehen kontzertua.
Askotariko musika estiloak izango dira entzungai: punka, elektronika, cumbia, popa, trapa... Hala azpimarratu dute, umorez: «Musika estilo bat baino gehiago, estiloa duen musika egongo da». Festibala bihar hasiko bada ere, ostiraletik igandera izango da jaialdiaren mami nagusia.
«Ilusio handiz» eta «gogotsu» daude antolatzaileak. Sergio Cruzado jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, gertuko egitasmoa izango da, transbertsala. Halako jaialdi baten premia adierazi du: «Saiatzen gara musika hainbat espaziotan ospatzen, eta espazio alternatibo bat sortzeko beharra genuen».
Doakoak izango dira kontzertuetako batzuk; Ondarretako hondartzakoak, kasurako. Baina beste batzuetarako beharrezkoa da sarrera erostea. Salgai daude dagoeneko Boga Boga festibalaren webgunean, eta, azaldu dutenez, martxa onean ari dira saltzen. Jende andana espero dute. «Sarrera gutxi batzuk baino ez dira geratzen Txillida Lekurako». Hara iristeko, autobus zerbitzua ere jarriko dute: 18:30etik 21:00etara, hamar minutuan behin abiatuko dira Galarretako aparkalekutik, Errekaldeko Topotik eta Lurraldebus autobus geltokitik. Antolatzaileek azaldu dute jaialdi jasangarria izateko hainbat neurri hartu dituztela, hala nola edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte.
Elkarlanean
«Elkarlanean» atondu dute Boga Boga jaialdia, eta garrantzia eman nahi izan diote horri. Kolaboratzaileetako bat da Euskal Itsas Museoa. Jaialdian parte hartuko du, eta azalpenak eman ditu Xabier Alberdi museoko zuzendariak: «Artista erresidentzia bat izango da larunbatean eta igandean. Hiru artistak zuzenean egingo dute artelan bat Ondarreta inguruan egongo den eszenatokian». Horietako bat Ainara Azpiazu euskal margolaria izango da. Museoko hiru tina margotuko dituzte.
Jaialdiak irauten duen bitartean, Boga Boga Metal Fest ere ospatuko dute Dabadaba aretoan. Hiru kontzertu izango dira larunbatean: Dravernue, Biersbreaker eta Punto Muerto. «Duela urte batzuk utzi zioten antolatzeari. Haiekin hitz egin genuen, eta berreskuratzen lagundu diegu».
Giroa ez da faltako Donostian. Kontxako Banderarekin bat egingo du jaiak, gainera; ez da kasualitatea, hortik tiraka baitator jaialdiaren izena. Mezua bidali dute: «Gozatu asteburua».
Bihar hasiko da Boga Boga musika jaialdiaren lehen aldia
Belako, Anari, La Femme, Julieta Venegas eta beste arituko dira Donostiako hainbat eszenatokitan, igandera bitarte. Elkarlanean atondutako «musika festa» dela azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu