Bihar hasiko da Bergarako Idazle Eskolaren 10. graduondokoa

Pako Aristi, Edorta Jimenez, Juan Kruz Igerabide eta Fito Rodriguez daude irakasleen artean

Idazle Eskolako ikasle talde bat, jendaurreko irakurraldi batean. IDAZLE ESKOLA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Pako Aristik, Tere Irastortzak, Edorta Jimenezek, Jerardo Elortzak, Juan Kruz Igerabidek, Iñaki Zubeldiak, Fito Rodriguezek, Xabi Lopezek eta Itziar Gomezek larunbatetan gidatuko dituzten ikuspegi praktikoko moduluez gain, hainbat ekitaldi berezi antolatu ditu Bergarako Idazle Eskolak 2012-2013ko ikasturterako, graduondokoaren 10. urteurrena ospatzeko. Bihar jarriko da abian ikasturtea, Edorta Jimenezen eta Fito Rodriguezen saioekin.

Idazleak irakurle mintegia da graduondokoaren 10. urteurrena antolatutako ekitaldietako bat. Mintegi horretako aurreneko saioa azaroaren 10ean egingo da, Bergaran. Jerardo Elortzak gidatuta, bi talde irakurketa egingo dira; Bergarako literaturarena bata, Telesforo Monzonen idazlanena bestea. Idazle Eskolako ikasle izandako hainbat idazleren lanak irakurtzeko ere baliatuko dute abagune hori. Ekitaldia irekia izango da.

Sortu zenez geroztik egin duen hamar urteko ibilbidean idazle berrien plazaratzea bultzatu du Bergarako Idazle Eskolak, graduondokoaren bidez ez ezik, baita bestelako hainbat proiekturen bitartez ere. Karmele Igartua Bengoa, Maribel Aiertza, Juan Luis Mugertza, Mikel Agirregomezkorta, Leire Zubeldia, Patxi Lopez de Tejada, Xabi Lopez, Ione Gorostartzu eta Yoseba Peña dira Idazle Eskolan trebatutako idazleetako batzuk.

Norberaren gaitasunetik abiatuta, hainbat literatur generotako testuak idazteko teknikak irakasten dizkiete irakasleek, trebatzeko bideak eskainiz, Idazle Eskolako ikasleei. Gaur hasiko den graduondokoan, adibidez, iritzi artikuluak jorratuko ditu Pako Aristik; Tere Irastortzak, berriz, poesia eta aditzaren erabilera kontakizunetan; Edorta Jimenezek, ipuinak; saio literarioa Fito Rodriguezek; antzerkia Xabi Lopezek; irakurketa ozena Itziar Gomezek; idazle baten formakuntza Juan Kruz Igerabidek; Telesforo Monzon eta irakurtzen ikasteko metodologia bat, Jerardo Elortzak; eta haur eta gazte literatura Iñaki Zubeldiak.

Ikasturte honetako irakasleez gain, Idazle Eskolan irakasle izandakoen artean oso idazle ezagunak daude, hala nola Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Aizpea Goenaga, Paulo Iztueta eta Miren Agur Meabe, besteak beste.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.idazten.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.