Euskarari eta euskal kulturari erasotzen dieten indarrei erresistentzia egiteko deia egin du Basaizea elkarteak. Eta, diotenez, hori erdietsiko bada, herritarrak elkarri loturik arituz beharko du izan. Elkarren arteko «kateak» nabarmendu dituzte batez ere, haiek direlakoan indargune nagusia, armarik eraginkorrena. «1979an lehen Nafarroaren Eguna ospatu zenetik, gauza anitz aldatu dira. Euskal kultura bera ere aldatu da etengabe. Gure aldarrikapen katea, aldiz, nahiz eta aldatzen den, ez da sekula moztu», azpimarratu dute elkarteko kideek, eta aktibatu beharra nabarmendu: «Kateak lot ditzagun!». Hain zuzen, antolatzaileek iradoki gisan, ospakizunerako eguna ez ezik, «eskuin muturrari eta faxismoari» kontra egiteko eguna ere izanen da aurten Nafarroaren Eguna Baigorrin (Nafarroa Beherea), apirilaren 27an. Oinarri berean eraiki dute aurrez abiatuko den Baigorriko Kulturaldia ere. Bihar hasi eta apirilaren 30era artean eginen dute kultur ziklo hori, eta jada egin dute ohartarazpena Basaizekoek: «Indartsu jinen da».
Antton Telleria umoregileak zabalduko du Kulturaldiaren egitaraua, bihar, Baigorriko Biletxean. 17:00etan, bere bigarren ikuskizuna eskainiko du Telleriak: Ninini. Obraren aurkezpen testuan azaltzen denez, «egolatriari eginiko oda bat» da Ninini, eta umoregilea bere buruarekin daukan harremanaz mintzo da batez ere. Jostalari, ikuskizunari buruzko mezu hau zabaldu dute programan: «Egin barre harekin, egin barre hari. Nahi duzuna. Baina etorri ikustera».
Bost eguneko tartea hartu, eta apirilaren 11n izanen du segida egitarauak, eta literatura izanen du ardatza. Xabi Lasaren Ura ez baita beti gardena liburua (Elkar, 2023) aurkeztuko dute Aldudeko liburutegian (Nafarroa Beherea), 19:00etan. Boga irakurle taldeak antolatu du jarduera, eta solasaldia eginen dute idazlearekin. Lasaren lehenbiziko eleberria da Ura ez baita beti gardena. Nafarroako Erriberako Lurribar herrian giroturiko thrillerra da.
Kateak kantuan
Ohi denez, euskarazko musika da Baigorriko Kulturaldiaren beste ardatzetako bat, eta hori bereziki geldituko da agerian apirilaren 18an, 26an eta 30ean. Askotariko doinu eta kantaerak taularatuko dituzte egunotan.
Apirilaren 18rako eta 30erako, kontzertuak antolatu dituzte. Berez, Haize Basa kontzertu zikloaren parte dira emanaldiok —hilabetean behin kontzertuak antolatzen dituzte Baigorrin—, baina, orobat, Kulturaldiaren programazioan kabiarazi dituzte oraingo honetan. Batetik, hilaren 18an Odeiren eta Ziztada & Rlantzen kontzertuak izanen dira Baigorriko Bixentaenean, 20:00etatik aitzina. Bestalde, hilaren 30ean, Anarik kontzertua emanen du Izpegiko (Nafarroako Beherea) Behereko Bentan. Emanaldia 19:00etan hasiko da.
Gainera, Zuberoako kantagintza tradizionalaren doinuak aditzeko leku bihurtuko dute Baigorri hilaren 26an. Xiberua kantu loraturik emanaldia taularatuko dute Biletxean. Beñat eta Julen Axiari aita-semeek gidatutako obra da, eta, haiek ez ezik, beste artista hauek ere hartzen dute parte ikuskizunean: Maddi Oihenart, Ihitz Iriart, Mixel Etxekopar, Nicolas Nageotte eta Jordi Cassagne. Emanaldia 20:30ean hasiko da, baina hura bukatu ondotik ere, eskaintza kulturala ez da etengo: gaualdia antolatu dute ikastolan, eta Lesakako (Nafarroa) Arrano Band musika taldea ariko da.
Izan da inoiz salbuespenik, baina, bestela, apirileko azken igandea du beti ohiko data Nafarroaren Egunak —2022an, kasurako, larunbatez ospatu zuten, ez zezan hauteskundeekin bat egin—. Horregatik, apirilaren 27an eginen dute oraingoan. Goizez zein arratsaldez eginen dute festa Baigorrin, Gaineko plazan eta Behereko plazan.
Nafarroaren festa

Egunerako ondu duten egitarau osoa Basaizearen webgunean kontsulta liteke. Edonola ere, hauek dira antolatu dituzten jardueretako batzuk: txalapartariek abiatuko dute eguna, 09:00etan, merkatuan, eta, indarrak hartzeko, gosaria ere izanen da ikastolan, Txitxirioak txarangaren musikarekin giroturik. Ondotik, 11:00etatik aitzinera, desfilea eginen dute herrian barrena. Besteak beste, hainbat dantzarik hartuko dute parte martxan —Uztaritzeko eta Altsasuko dantza taldeetako kideek, adibidez—, eta, gero, ekitaldia eginen dute elizako plazan.
Arratsaldean, Behereko plazan izanen dira jarduera gehienak, 12:00etatik aurrera. Hainbat kontzertu programatu dituzte ordu txikietara artean. Hauek ariko dira, besteak beste: Broken Brothers Brass Band, Kalume, Kaskezur, Bele, EZEZEZ eta Lutx DJa.
Ohi denez, propio haurrei eskainitako txoko bat ere prestatu dute Nafarroaren Egunerako. Puzgarriak, Pontx pailazoaren ikuskizuna eta Oreka zirkuaren emanaldia izanen dira. Baita bertso saio musikatu bat ere. Alaia Martin, Haira Aizpurua eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak ariko dira kantuan, eta Amaia Castorenek eta Xalbat Alzugaraik emanen dituzte gaiak.