Estreinaldia

Bihar estreinatuko dute ‘Ilargi guztiak’ filma, Bilbon

Fant zinemaldiaren hasierako ekitaldian emango dute Igor Legarretaren pelikula. Heriotzak eragiten duen beldurraz dihardu ekoizpenak, eta Haizea Carneros, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea aktoreek hartu dute parte

Igor Legarreta zuzendaria, ta Josean Bengoetxea, Haizea Carneros eta Itziar Ituño aktoreak, ilmaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko maiatzaren 6a
15:54
Entzun

Bonba eta oihu hotsak kanpoan, eta, kamerak hartzen dituen planoetan, umezurztegi bateko haurrak, lo egin nahian baina ezinik, kanpoko istiluek beldurtuta. Azken karlistaldiaren garaia da; 1876. urtea, zehazki. Kameraren mugimendu ezegonkorrek are argiago islatzen dute gelako ezinegona; mehatxuaz jabetuta, umezurztegiko monjek kaperara jaitsiko dituzte umeak, fedeari esker bizitza salbatuko dutelakoan. Erratu egiten dira, ordea, sabaia gainera eroriko baitzaie.

Gerra eta heriotza ditu abiapuntu Igor Legarretaren bigarren film luzeak: Ilargi guztiak. Eta hasierako gai horiek ardaztuko dute ekoizpena. Sabai eroriaren hondakinen azpian, umeetako bat bizirik dago oraindik, larriki zaurituta eta zurezko estruktura trabeska duela hanken gainean. Arnasa zailduta, izerditan eta odolusten, aingeru guardakoa irudituko zaion andre bat agertuko da eraikin birrinduan: Itziar Ituñok gorpuztutako banpiro bat, aingeruaren guztiz kontrakoa dena, agerian, baina heriotzatik eta bakardadetik salbatuko duena, hilezkortasuna eta bizitza osorako konpainia emanez. Hortik aurrera, bere izaera berrira egokitzeko bidea hasiko du Haizea Carnerosek gorpuztutako pertsonaiak, eta, horrekin batera, hil ezin izateak dakartzan ondorioak bizi eta hausnartuko ditu gazteak, hilezkorren taldean aurrena, eta hilkor abegitsu baten etxean ondoren.

Atzerapenak tarteko, Legorretaren sorkuntzak badu dagoeneko estreinaldi data: Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren atarian emango dute ekoizpena, bihar, hiriburuko Campos antzokian egingo duten hasierako ekitaldian. Ondoren, maiatzaren 14tik aurrera ikusi ahal izango da zinema aretoetan Haizea Carnerosek, Itziar Ituñok, Josean Bengoetxeak eta Zorion Egileorrek ondutako lana.

Legarretak beldurrezko elementu andana pilatu ditu filmean, izua eta intriga oinarri-oinarrian duen jaialdi baterako apropos: banpiroak ageri dira, gauak egunak baino presentzia handiagoa du, eta etsaiak lanbro artetik agertzen dira inoiz, pixkanaka-pixkanaka, daramaten argi zuzien kea desagertzen doan heinean mamituz haien hazpegiak; enkoadraketak ezegonkortu egiten dira egoerak beste horrenbeste egin duela adierazteko, eguzkiaren argiak min ematen du, eta, halaber, baita herrikideen begiradek ere.

Alabaina, Ilargi guztiak ez da beldurrezko pelikula bat, zuzendariak adierazi duenez: «Drama fantastikoa da, bidaia emozionala». Ikasketa prozesu bat ere bada, orobat, eta hori islatzeko jo du Legarretak fantasiara: «Hilezkortasuna erabili dut hilkortasunaren inguruan hitz egin ahal izateko». Heriotzari «edozeinek» dion beldurrari erreparatu dio zuzendariak, dagoeneko arrisku hori galdu duen pertsonaia baten ikuspuntutik, eta, halaber, hilkorrak direnek hura arintzeko eskura dituzten «konponbideak» ere agertuz, besteak beste erlijioa, Zorion Egileorrek interpretatzen duen apaiz baten eskutik. Betiko bizi daitezkeela eta hildako hurkoekin hurrengo bizitza batean bat egin ahal izango dutela sinetsarazi die, funtsean, Egileorren pertsonaiak herrikoei, eta kontrol emozional horren bitartez mantenduko du nagusitasuna.

Pelikulak ez du jopuntuan heriotza ukatzea, ordea. Kontrara, haren «onarpena» da obraren gaia, zuzendariak azaldu duenez: «Heriotzari diogun beldur naturalarekin batera egiten du bidaia Haizearen pertsonaiak: ez dakigu zer gertatuko zaigun, eta, gainera, heriotzak perspektiba ematen dio bizitzari. Bizitzako gauzak gustuko ditugu efimeroak direlako». Dioenez, bizitzaren ifrentzua dira, heriotzaz gain, mina, hotza eta guda, eta horren adierazle da kontakizunak hartzen duen denbora tartea: gerra karlistarekin hasi, eta 1936ko gerra lehertu berri dela bukatzen da istorioa. «Bizitzaren prozesuaren parte dira. Ez gara ez aingeruak, ez deabruak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.