Neurri batean bada ere, uharte txiki bat da Glaukoma taldea euskal musikaren panoraman. Reggaea, hip hopa, raggamuffina eta drum&bass-a lantzen duten taldeak ez dira asko Euskal Herrian, eta estilo horiek euskaraz jorratzen dituztenen peskizan jarriz gero, are gehiago murrizten da multzoa. Glaukomak, baina, bereari eusten dio, eta bigarren diskoa kaleratu berri du: Vol. 2. (Bonberenea Ekintzak). «Lehenengoak Vol. 1 izenburua izanda, berriak ezin zuen beste bat izan», azaldu du Juantxo Arakama abeslariak. Izenburua ez da bi diskoak lotzen dituen elementu bakarra. Izan ere, biek diseinu berari jarraitzen diote, nahiz eta hura beltza izan eta hau, aldiz, zuria. Eta biek ala biek zazpina kantu dituzte.
Lehenengo diskoaren aurkezpen kontzertuak amaitu eta berehala hasi ziren Arakama, Pablo Rubio (bateria), Asier Arandia (baxua), Jokin Albisua (gitarra) eta Iker Pando (gitarra eta ahotsa) lan berria prestatzen, «erritmoak bilatzen». Lan hark raggamuffin eta dancehall ukitu nabarmenak zituen, eta haietatik gehiegi urrundu gabe, «beste soinu bat» aurkitu nahi zuten. Horren emaitza da, hain zuzen ere, Vol.2, Arakamak azaldu duenez: «Beste detaile batzuei eman diegu garrantzia. Reggaea hor dago, baina ez da hain agerikoa. Drum&bass eta dubstep erritmoak, berriz, nabarmenagoak dira, eta soinua indartsuagoa da. Baina, dena dela, baxu pasarteek gordetzen dute reggaearen esentzia hori».
Hip hopa ere presente dago diskoan, eta hitzak rapa kantatzeko moldeetara egokitzen dira bete-betean: «Etortzen zaizkidan bezala kantatzen ditut, iragazkirikgabe», aitortu du Arakamak. Euskaraz idatzi ditu gehienak, baina bada gaztelaniaz egindako bat, Lejos del silencio, Lagrimas de Sangre Bartzelonako taldeko bi kiderekin grabatutakoa, eta kantu batzuetan ingelesezko esaldi batzuk ere tartekatu dituzte.
Erreferentziez edo Euskal Herrian gustuko dituzten taldeez galdetuta, izen bat ematen dute taldekideek: Bad Sound System. «Gure erreferentea izan da. Aitzindaria izan da jamaikar musika interpretatzeko modu honetan». Hip hop zirkuiturik, aldiz, ez dagoela uste dute: «Ez behintzat zirkuitu egonkor bat».
Bidaia Japoniara
Diskoa kalean dutela, hurrengo pausoa kontzertuak ematen hastea du taldeak, eta hori Euskal Herritik urruti egingo du. Izan ere, datorren asteartean Japonia aldera abiatuko dira taldekideak, eta han sei kontzertu emango dituzte beste horrenbeste hiritan Tex & The Sun Flower Seed taldearekin: «Euskal Herrian ibili izan dira, eta haiek zabaldu digute aukera hori». Japoniatik bueltarako beste hiru emanaldi dauzkate lotuta: azaroaren 16an, Lasarteko Zulon ariko dira, Humusekin batera; abenduaren 26an, Arrasateko gaztetxean, eta 28an, Hatortxu Rock jaialdian, Atarrabian.
Bigarrena, aurrera egiteko
Reggae eta hip hop oinarriak utzi gabe, drum&bass erritmoak landu ditu Glaukomak bere bigarren diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu