Bigarren kilometrora bidean

Hil honetan zabalduko dute Astra kultura lantegi soziala; espero dute abenduan espazio guztiak martxan izatea

Astra Koordinadorako kideak Gernikan atzo, eraikinaren aurrean egindako agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS.
Gernika
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Bigarren kilometroa gertu du Astra proiektuak, baina oraindik ere asko daukate ibiltzeko horretan parte hartzen duten Gernika-Lumoko gazte, kultur talde eta gizabanako guztiek. Arma lantegi zaharra 2005ean okupatu zuten herriko hainbat gaztek, herriko kultur gabeziak bete ahal izateko,eta proiektu kulturala garatu zuten berton. Eraikina 2008an hustu zuten, eta, herri ekimenari esker, arma lantegi zaharra herriko gazte, kultur talde eta banakoei bueltatzea lortu dute. Proiektuaren parte diren gernikar asko kulturarako fabrika soziala izango den eraikin eraberrituaren aurrera bildu ziren atzo, Astraren etorkizuna ospatzeko. Eraikinean egindako lanak amaitzear daude, eta hil bukaerarako kultura lantegiak ateak zabalduko ditu berriro. Nolanahi ere, lantegia pixkana jarriko dute martxan, eta inaugurazioa abenduan egingo dute, lehenengo okupazioaren urteurrenean. Bitartean, Astra bisitatzeko eta bertoko baliabideak erabiltzeko aukera izango da.

Lanak amaitzear diren arren, hurrengo hilabeteetan egokitu beharko dute eraikina, izan ere, oraindik hutsik dago. Funtzio anitzeko aretoak, terrazak, taberna, sukaldea, agertokiak, taberna, eta taldeentzako gelak egin beharko dituzte, besteak beste. Lan horiek guztiak urte amaieran bukatuta egotea espero dute Astraren kudeaketaz arduratzen den koordinakundeko kideek. Hala, martxan jarriko dituzte arte eszenikoen eta gorputz adierazpenaren faktoria, arte plastikoen eta eskulanen faktoria, ikus-entzunezkoen eta diseinuaren faktoria, eta hitzaren faktoria.

Atzo azaldu zuten bezala, Astra ez da sormen lantegi soila izango. Kultura kontzeptua zabaltasunean landuko du, eta «ekimen soziala, pentsamendu kritikoa eta esfera publikoaren demokratizazioa bilatzen duten ideien eta ekintzen hedapena» ere barne hartuko ditu.

Kultura lantegiak oinarri soziala izango du, eta Astra koordinakundeak autokudeatuko du. «Hemendik aurrera eta orain arte bezala, Astra Koordinadorak kudeatuko du eraikina; hau da, herriko gazteek, talde eta mugimendu sozial eta kulturalek, eta gizabanakoek kudeatuko dute», irakurri zuen Irati Agorriak, koordinakundearen izenean.

Proiektuaren oinarriak zehaztu zituen, halaber, Carol Hipamok: «Astra parte hartzailea, autoantolatua, sortzailea, euskalduna, kulturen artekoa, diru irabazi asmorik gabekoa, belaunaldien artekoa, feminista, sustengarria, antimilitarista eta memoria historikoduna izango da».

Proiektua hiru fasetan gauzatu dute, eta dagoeneko azken fasean sartzear daude, 2km-an. Ibilbidean gauzatutako etapak 0km, 1km eta 2km izendatu dituzte sinbolikoki. Lehenengo etapan, Astrarako proiektua adostu zuten, eta lantegiaren etorkizuna, proiektuaren filosofia eta kudeaketa eredua erabaki zituzten. Bigarrenean, berriz, eraikinaren eta espazioen diseinua zehaztu dituzte, eta, hirugarrenean, kudeaketan sakontzen ari dira. Izan ere, kudeaketaren ildo nagusiak 2006an erabaki zituzten arren, eguneroko kudeaketa eta finantzaketaplanak zehazten dihardute egun.

Utopiarako bidea

Herri ekimenetik sortu zen Astra proiektua. 2005eko urrian, Iparragirre Rock elkartean bildutako hainbat gaztek arma lantegi zaharra okupatzea erabaki zutenean. Eraikina okupatzearekin batera, Astra Gernikentzako! ekimena jarri zuten abian, eta hala lortu zuten udalak eraikina eros zezan. Ondoren 0 kilometroa jarri zuten martxan, eta Astra koordinadora sortu zen, herriko gizabanakoek eta taldeek osatuta. Proiektua 2007an aurkeztu zuten jendaurrean, eta handik hilabete batzuetara udal gobernuak eraikinaren egoera aztertzeko txostena egin zuen. Lantegi zaharra egoera larrian zegoen, eta koordinakundeak berton egiten ziren jarduerak eten zituen.

Hala ere, 2008ra arte ez zuten eraikina hustu, izan ere, urte hartan sinatu zuten Astra Hitzarmena udalarekin, eta eraikina eraberritzeko diseinua adostu zuten. Urte batzuk geroago Eusko Jaurlaritzaren Sormen Lantegien baitan eraikina eraberritzeko diru-laguntza lortu, eta lanak abian jarri zituzten 2011 amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.