Ezohikoa izan da aurtengo Euskadi sariek utzitako argazkia, urte berean idazle batek bi sari jaso dituen lehen aldia izan baita. Hilaren hasieran jakinarazi zuten Eider Rodriguez idazleak jaso duela aurtengo Euskarazko Literatura saria, Bihotz handiegia (Susa) ipuin bildumagatik, eta ezagutarazi gabe geratzen ziren Euskadi sarien berri emateko atzo Bilbon egindako agerraldian jakinarazi zuten Haur eta Gazte Literaturako saria ere hari eman diotela, Santa Familia (Ikastolen Elkartea) komikiagatik. Saiakera arloan Kepa Altonagak jaso du saria, Patagoniara Hazparnen barrena (Pamiela) lanagatik; eta Irene Aldasorok, berriz, itzulpen arloan, Emily Bronteren Gailur Ekaiztsuak (Erein & Igela) eleberriaren itzulpenagatik. Gaztelaniazko literaturan, berriz, Karmelo C. Iribarren izan da irabazlea, Mientras me alejo lanagatik (Visor libros).«Gure sortzaileen lanei ikusgarritasuna ematea da sarien helburua». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzetan, arrazoi hori dela-eta eman dute sarien berri bi agerralditan. «Badute bigarren xede bat ere: erakundeek eta gizarteak idazleei eta beren obrei aitortza egitea».
Osatuta dago aurtengo Euskadi sarien palmaresa. Urriaren 1ean iragarri zituzten lehen hiru saridunak: Euskarazko literaturan, Rodriguez, Bihotz handiegia liburuagatik; ilustrazioan, Yolanda Mosquera, La pequeña Roque (Yacare) lanagatik; eta gaztelaniazko saiakeran, Santos Zunzunegi, Bajo el signo de la melancolía (Catedra) lanagatik. Atzo ezagutarazi zituztenekin, osatuta dago taldea. Azaroaren 27an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Gasteizko Artium museoan.
Harriduraz jaso du bigarren saria Rodriguezek. «Arraro sentitzen naiz, eta pixka bat errudun ere bai». Epaimahaiko kideen arabera, «ausarta bezain eraberritzailea» da Santa Familia lana. «Komikiak literaturari eskaini diezaiokeen maila garaiaren lagin eredugarria da». Ironiaz eta umorez heldu dio idazleak familiaren gaiari, eta ezaugarri hori goraipatu dute, hain zuzen ere, sariketan epaile aritu diren kideek.
Julen Ribas ilustratzailearekin batera ondu du komikia, eta partekatutako saria dela azpimarratu du Rodriguezek. «Talde lanaren ondorioa da. Ribas artista ikaragarri handia da, eta sekulako ekarpena egin dio komikiari. Askotan, ilustrazioekin, nire testuetan agertzen ez zen zerbait eransten zuen, eta erantsitako hori erabiliz jarraitu dut idazten. Beraz, zaila egiten zait bereizita dauden bi lan gisa ulertzea». Dani Fano Xabiroi aldizkariko zuzendaria ere aipatu du. «Xabiroi proiektu epikoa da Euskal Herrian, eta egitasmoa nola defendatzen eta zabaltzen duen ikustea ikaragarri garrantzitsua iruditzen zait».
Familia du komikiak ardatz. «Familia harrobi ikaragarri handia dela iruditzen zait, eta estatu baten antza du, baina mikroan». Nora izeneko nerabea da protagonista. «Izenean darama bere kondena eta iparrorratza. Izenak etengabe galdetzen dio nora joan nahi duen, eta hori da gidoiaren funtsa». Sorkunde eta Teodoro gurasoek eta maskota batek osatzen dute Noraren familia.
Gurasotasuna eta nerabezaroa, bi-biak landu ditu Rodriguezek pertsonaien bidez, eta buruan zituen galderetatik abiatu zuen gidoia. «Niretzat beti izan da oso zaila galdera bati erantzutea: 'Zergatik izan dituzu seme-alabak?'. Jendeari galdetzean, ez dut ganorazko erantzunik jaso. Galdera horren bueltan ibili naiz, alde batetik; eta horren ifrentzua litzateke galdetzea ea zergatik erabaki duzun zuk seme-alaba izatea».
Dibulgazioaren beharraz
Euskal Herriko emigrazioa kontuan harturik, Argentinan euskal kolonia bat sortzeko Florentzio Basalduaren proiektuaren historia bildu du Kepa Altonagak Patagoniara Hazparnen barrena liburuan. Aurrez ere hainbat saiakera zituen idatziak ildo berean: Darwin geurean (Pamiela, 2010); ArnautAbadiaren zoo ilogikoa (Pamiela, 2011) eta Black to Leizarraga (Pamiela, 2015), tartean. Dibulgazio lanean dihardu Altonagak, eta, azaldu duenez, ustekabean jaso du saria. «Gauza harrigarri asko daude kontatzeko eta zabaltzeko. Jende gutxi arduratzen da horrekin, eta nik badut kezka». Altonagak egin duen dokumentazio lana goraipatu du epaimahaiak. «Idazkera samurra, arina, estilo freskoa eta dinamikoa du, baina, aldi berean, mamitsua da oso». Hain zuzen, prosa izan da idazleak izan duen beste arduretako bat. «Ahalegindu naiz estilo kilikorrean idazten, irakurlea gustura ibil dadin».
Irene Aldasorok Bronteren nobela euskaratzeko egin duen lana erlojugile saiatuaren jardunarekin alderatu du epaimahaiak. «Lortu du XIX. mendeko Yorkshireko Gailur Ekaiztsuak XXI. mendeko irakurle euskaldunentzat gozagarri izatea». Aho batez erabaki dute sei epaimahaikideek saria Aldasorori ematea, eta liburuak dituen egitura «konplexu eta luzeak erraz ibiltzea» lortu duela azpimarratu dute.
Aldasororen hitzetan, helduleku ugari ditu Gailur Ekaiztsuak-ek. «Indar ikaragarria du istorioak: maitasuna, gorrotoa, erlijioa, ezagutza... Emily Brontek idatzi zuen obra bakarrean utzi zuen bere bizitzaren ikuspegia, indarra eta imajinazioa. Bere biografia ez dugu oso ondo ezagutzen, baina liburua utzi digu bakoitzak bere ondorioak atera ditzan».
Gaztelaniazko Literatura saria, berriz, Karmelo C. Iribarrenen Mientras me alejo liburuak jaso du. Haren lanak duen «sinpletasun zaila» azpimarratu du epaimahaiak. Ustekabean jaso du Iribarrenek saria. «Poesia ez da askorik saritzen, eta, horregatik, pozez hartu dut saria. Nire lanen segida besterik ez da azken liburu hau».
Bigarren Euskadi saria jaso du Eider Rodriguezek aurten, komiki batekin
'Santa Familia' liburua saritu diote, «ausarta eta eraberritzailea» dela argudiatuta. Saiakeran Kepa Altonaga saritu dute, Irene Aldasoro itzulpenean, eta Karmelo C. Iribarren gaztelaniazko literaturan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu