Bigarren astinaldia, jomuga zorroztuta

Sacco post-hardcore hirukoteak 'Basa' diskoa atera du, estreinako lanetik zortzi urtera. Bost kanta jaso dituzte; «egon behar zutenak». Ez dute uste disko «helduagoa» denik, baina bai pentsatuagoa

Borja Toval gitarrista, Xabi Zabala abeslari eta baxu jotzailea, eta Ander Zabalegi bateria jotzailea. AINARA TORRES.
Andoni Imaz
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun

Gitarra zartada bat, eta baxu eta bateria burrunba, ozena, laburra. Sacco musika taldeak izen bereko estreinako diskoa argitaratu zuen 2014an, zortzi kantaz osatua, eta kontzertu gutxi batzuk eman zituen. Orain, berriro sortu da hotsa; zehatzagoa, doiagoa: bost abesti, 25 bat minutu. Basa, taldearen bigarren diskoa. Bien artean, «bizitzaren joan-etorriak», Xabi Zabala abeslari eta baxu jotzailearen hitzetan. «Saiatzen gara musikaren bitartez gozatzen, eta horrela joaten zaigu denbora: hilabeteak eta, oraingoan, urteak». Bidehutsekin kaleratu dute bigarren lana ere.

Azken urteotan gorabeherak izan dituzten arren, Sacco ez da geldirik egon. Zabalak, Borja Tovalek (gitarra) eta Ander Zabalegik (bateria) osatzen duten hirukotea sortzen aritu da denbora guztian. Berez, lehenengo diskoa aurkezten ari zirenerako, eginak zituzten abesti berri batzuk. Ordea, horiek ez dira heldu Basa-ra. «Bila ibili gara». Erraiei so zuen izena Sacco diskoko lehen kantak, eta, hain justu, «tripetatik» sortzen dute musika, Zabalak esan duenez: «Baina oraingoan geratu egin behar izan dugu, eta pentsatu nondik jo nahi dugun. Tripek esaten dizutenari jarraitzea ongi dago, baina hausnartzea ere behar genuen, eta horrek bere denbora eskatu digu».

Azken bizpahiru urteetan konposatu dituzte diskoa osatzen duten bost abestiak, gogoeta horien fruituak. «Bagenituen kontu gehiago ere, ez abestiak, baizik eta zirriborroak, ideiak... Baina bost horiek pasatu dute galbahea, horiek dira egon behar zirenak. Zergatik ez jarraitu sortzen? Ba, diskoa atera nahi genuelako».

Lokalera joan, eta jo. Horrela funtzionatu izan dute, nahiz eta oraingoan beste zerbait eskatu dioten beren buruari: «Emaitzak ez gintuen erabat asetzen». Entseguetan, instrumentuak utzi, eta hizketan aritu dira maiz: «Zer kontzertu eman nahi ditugun pentsatu dugu, eta benetan zer eratako doinuekin disfrutatzen dugun ikusteak lagundu egin digu une horiek berreskuratzen».

Ideiekin batera, musika ere gogotik trukatu dute. Zabalak ez du uste talderen baten eragin zuzen-zuzena izan dutenik kantak sortzean, baina gertu izan dituzte «betikoak», ingurukoek transmititutakoak (Fugazi, Sonic Youth), nahiz eta espektro zabala duten, musika garaikide asko entzuten dutelako. «Bat aipatzeagatik, Fugaziko Ian MacKayeren The Evens taldearekin asko disfrutatzen dugu. Gure musikatik hain hurbil egon ez arren, ideia asko hartzen ditugu».

Hitzak idazteko ere erreferentziak izan dituzte eskura. Zabalak berak idatzi ditu, irakurketetatik ateratako ideia eta pasarteekin nahastuta. «Lan honetan, ezustean eta haiek jakin gabe, ezinbestekoak izan dira Ngugi wa Thiong'o, Joseba Sarrionandia eta Louise Michel», aitortu dute. «Garrantzitsua iruditzen zaigu adieraztea nondik jaso ditugun erreferentziak, errespetua diogulako haien lanari. Horrek ez du esan nahi hitz guztiak hortik jasota daudenik, baina bai momentu horretan inspiratu gintuztela». Zabalaren hitzetan, propio bilatu dituzte euskaratutako lanak: «Lan polita egiten da itzulpenean, gauza interesgarriak, eta aldarrikatu nahi genuen».

Agertokian, basati

Diskoaren izenburuari erreparatuta, eman lezake Zabalak esandakoa, emozioez gain arrazoiari leku egitea, kontraesankorra dela basatasunarekin. «Tira, askotan esaten da bigarren diskoa helduagoa izaten dela, eta sentsazioa daukat gure prozesua ez dela horrela izan. Gehiago izan da nerabe batek egingo lukeena bezalakoa: gorabeheratsua eta kaotikoa, eta ez lineala eta koherentea. Askoz ere kritikoagoak izan gara geure buruarekin eta ondokoak egiten duenarekin».

Dena den, izenburua ez dator hortik. Ohartu ziren kantuen hitzetan, aurrez pentsatu gabe, natura eta basoa aipatu dituztela maiz. Gainera, hasieran, azalerako argazki bat zuten gordeta, kontzertu baten amaierakoa: instrumentuak agertzen dira agertokian sakabanatuta. «Bazuen puntu basati bat; horrek eraman gintuen izenburuaren ideiara». Azkenean, Ramon Zabalegik sortu du azaleko irudia.

Karlos Osinaga Txap-ekin egin dute grabazioa, Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa). «Saiatu gara gauzak behar bezala prestatuta eramaten. Gero grabaziora heldu, eta ohartzen zara lokalean funtzionatzen zuten zenbait gauzak ez dutela berdin funtzionatzen. Lan handia egin du gure lagun Txapek; momentu horietan, berak ulertzen gaitu inork baino hobeto, baita guk geure burua baino hobeto ere; ezinbesteko bidelaguna da».

Aurkezpen kontzertu batzuk eman dituzte orain arte, eta gustura aritu dira. «Errepertorioa laburra da, baina, aurreko diskoko zenbait kanturekin batera, uste dut zuzenekoan lortu nahi dugun horretara iristeko aukera ematen digutela disko berriko abestiek». Hurrengo kontzertua maiatzaren 20an emango dute, Elorrion (Bizkaia), Arriolako ateneoan, Oki Moki taldearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.