Bigarren aldien mitoa haustera

Bea Egizabalek eta Ane Labakak 'Erradikalak ginen' sortu dute. Astelehenean estreinatuko dute

Ane Labaka eta Bea Egizabal Erradikalak ginen emanaldiaren entsegu batean. LANKU KULTUR ZERBITZUAK.
Miren Garate.
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
«Zerbait duina egitea». Helburu hori jarri zuten Bea Egizabal antzerkilariak eta Ane Labaka bertsolariak Erradikalak gara emanaldia prestatzen hasi zirenean. 2017ko udaberrian estreinatu zuten, Korrika Kulturalaren barruan, eta ehun saio baino gehiago egin dituzte ordutik. Publikoak egindako harrera onak harrituta utzi ditu. «Uste dut emozioen bidaiarekin asmatu dugula, jendeak emozio askotan zehar bidaiatzea lortu dugula», esan du Egizabalek. Oraindik herriz herri jarraitzen dute emanaldi horrekin, baina jada prest dute lan berria ere: Erradikalak ginen. Astelehenean estreinatuko dute, Bilboko Kafe Antzokian,21:00etan.

Aurrekoaren formulari eutsiko diote; hau da, bakarrizketak eta bertsoak tartekatuko dituzte. Izenburuan ere aparteko aldaketarik ez egitea erabaki dute. «Erradikala izatea da erraietara joatea; patriarkatuaren sistema honetan erradikalak izan behar dugu egoerari buelta emateko. Aurrekoan ere aldarrikapen hori egiten genuen; beraz, erradikalak ginen, gara eta izango gara». Karteletan argi diote: bigarren aldiak inoiz ez direla onak izaten esaten dutenei aurka egitera datoz. «Urduri» daudela aitortzen dute, lehenak funtzionatu izanak ez duelako ezinbestean bigarrenaren arrakasta bermatzen, nahiz eta «sentsazio ona» duten.

Egizabalen esanetan, batik bat bi arrazoik bultzatuta prestatu dute emanaldi berria. Alde batetik, sortzeko gogoak bultzatuta: «Biok inprobisazio mundutik gatoz, eta lan hau nahiko itxia da; nik, akaso, badaukat aukera gehiago testua pixka bat inprobisatzeko, baina askorik ere ez, eta bertsoak bertso jarriak dira». Bestetik, beste gai batzuk ere jorratzeko nahiak animatu ditu urratsa egitera. Neska gazte promesaren etiketa, zahartzea, gorputzaren aldaketak, sexualitatea, merkatu patriarkala, intersekzionalitatea, beldurra eta biolentzia dira agertzen diren gaietako batzuk. Askotan galdetu izan diete ea feminismoari buruzko ikuskizun bat ote den, eta Egizabalek nabarmendu du ez dela feminismoari buruzkoa, feminismoaren ikuspegitik egindakoa baizik. «Biok gara feministak, eta hortik egiten dugu lan, gure bizipenak ere hortik doazelako».

Oraingoan ere, publikoa deseroso sentiaraztea izango da helburuetako bat. «Guretzat deserosotasuna da, umorez, baina esatea: 'Atera dezagun jendea erosotasun eremuetatik, bultza dezagun jendea gogoeta egitera'». Erradikalak gara-n, besteak beste aniztasunaren gaia aipatzen zutenean igartzen zuten publikoa deseroso sentitzen zela. «Esaten genuen 'bai,bai, hemen denok gaude aniztasunaren alde, euskal gizartea oso plurala da, baina ohartu zaitezte sala honetan zenbateko aniztasuna dagoen', eta bertsotan ere Anek botatzen zuen 'hipokritak gara, baina eskerrak anitzak garen'». Berdin biolentziaz aritzen zirenean ere. «Esaldi asko zeuden zera esateko: 'akaso ez zara ohartzen, baina hau guztia biolentzia da'».

Bidea, umorea

Abiapuntuak, umorea eta «gu». Bi elementu horien bueltan ardaztu dute emankizuna, biak uztartuta. Egizabalen eta Labakaren ustez, umorea izan zen Erradikalak gara-tik jendea gustura ateratzeko arrazoietako bat. «Umorez, beraz serio» da darabilten leloetako bat, jorratzen dituzten gaiak serioak direlako, barre eragin arren. «Umorea oso tresna indartsua da, baina umoreak parez parekoa izan behar du, edo behetik gorakoa. Gure buruaz egiten dugu barre; ez dugu inor zapaltzen, ez diogu inori barrerik egiten».Gaineratu du norbere buruari barre eginda bide batez jendeak bere buruari barre egiten diola, islatuta ikusten baitu bere burua egoera horretan edo pentsamolde horrekin. «Esaten baduzu euskalgintzan aritzen zarela baina gero umeak gaztelaniaz hitz egiten duela, posible da jendea barrez hastea identifikatuta ikusten duelako bere burua egoera horretan».

Agertoki soila darabilte emankizunean; kentzeko eta jartzeko errazak diren bi panel bakarrik dituzte, praktikotasunaren mesedetan, eta ez dute gauza gehiagorik behar. Hitzak du pisua, eta, bertsoetako doinuez aparte, ez dute bestelako musikarik edo ikus-entzunezkorik ere erabiltzen. Erradikalak ginen-erako, alde batera utzi dituzte aurrekoan haien bereizgarri bihurtu ziren buru berokiak ere.

Orain artekoetan, batzuk bertsoak entzuteko gogoz joan dira emanaldira; beste batzuk, berriz, bakarrizketek gehiago erakarrita. Hala ere, Egizabalek uste du lortu dutela osotasun bat, eta jendeariemanaldia bere osotasunean gustatu zaiola, ez bakarrik zati bat edo bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.