Kritika. Literatura

Big Bang argitsu bat

'Irakurketaren aldeko manifestua'.
'Irakurketaren aldeko manifestua'.
2024ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

'IRAKURKETAREN ALDEKO MANIFESTUA'

Idazlea: Irene Vallejo. Itzultzailea: Fernando Rey. Argitaletxea: Pamiela.

«Irakurketak gure neuronen borborra eragiten du: Big Bang argitsu bat da gure adimenaren barrutian». Halaxe diosku Irene Vallejok, Fernando Reyren itzulpen finaren bitartez, Pamiela etxeak argitaratu berri duen bere Irakurketaren aldeko manifestua liburuxkan. Behin baino gehiagotan irakurtzea eta horien inguruan hausnartzea eskatzen duten beste horrenbeste baieztapen biltzen eta aletzen dira bederatzi kapitulu laburretan zehar, guztiak ere literaturaren aldekoak: literatura, eta zehazki, ipuinak, babesleku bezala aurkezten zaizkigu lehenengoan, adibidez; bigarrenean, ostera, literatura perspektiba hartzeko eta bakoitza bere baitara horren bilduta ez egoteko baliabidea dela azaltzen zaigu; hurrengoetan, gizakion hezkuntzaren, historiaren, komunikazioaren, edo are, memoriaren parte dela, besteak beste; izan ere, «irakurtzea ez da entzutea edo ikustea bezain pasiboa; irakurtzeak birsorkuntza eta eferbeszentzia mentala dakartza berekin».  

Hala, Vallejoren obrak, hasi eta buka, irakurketaz dihardu, bai ikuspegi sinkroniko batetik, hemen eta orain irakurtzen dugun heinean; baina, baita ikuspegi diakroniko batetik ere, literaturaren garrantzia baloratzeko historiako zenbait unetara begira jartzen gaituela kontuan izanda. Atzera begiratze horretan, autoreak ipuinak aipatzen ditu bereziki, zentzurik zabalenean, noski, tradizional edo moderno sailkapen problematikoari erreparatu barik, alegia. Literaturaren historiako une horiek hautatzerakoan ipuinak aipatzea estimatu dudan alderdia izan da, inplizituki, generoari berari eta hark egindako bideari nolabaiteko aitortza egiten diolako.

Guztiz dibulgatzailea izan nahi duen lengoaia batekin egin dut topo ideiaz ideia; igartzen da publiko zabal batengana heldu nahi izan duela autoreak, eta guztien esperientzian eta kontzientzian hazka egin. Hala ere, ez dira falta literaturari indarra eta balioa ematen dioten aipamen jasoagoak, ezta testuartekotasuna elikatzen duten keinu literarioak ere. Prosa dibulgatzailea erabili arren, gainera, baliabide estilistikoekin jolas egiten du Vallejok; ideia zehatz bati forma ematen dioten askotariko metaforak eta sinboloak ekartzen ditu etengabe, maiz errenkadan, bata bestearen atzean. Hasieran, ideia beraren hainbat errealizazio eskaintzea interesgarria, are, estetikoa ere egin zaidan arren, bukaera partean, errepikakorra egin zait tonua, zenbaitetan, gehiegitxo aukeran.

Vallejoren hitzak Gustavo Martín Garzoren epigrafeak irekitzen ditu: «Ipuinetako uharte magikoetara bezala iristen gara liburuetara: ez norbaitek eskutik hara garamatzalako, baizik eta haiek bidera ateratzen zaizkigulako». Ez nuke nahi, hortaz, nire hitzekin inor Vallejoren liburuxkara eskutik oratuta eraman; bai, ordea, liburua euskal irakurlearen bidean jartzeko bultzadatxoa izan, edonor, ustekabean, Vallejoren uharteetara iritsi ahal izateko; merezi du harekin estropezu egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.