W'Ellington featuring Kodigo Norte. Big Band klasikoen izpirituari eusteko asmoz, baina modernitateari leku egiteko batere beldurrik gabe. Binilo berri bat kaleratu du Gasteiz Big Bandek, bere ibilbidea 1996an hasi zuenetik laugarrena, eta Kodigo Norte rap taldearekin elkarlanean jardun du horretarako. «Lehengo big band edo orkestra zaharren antzera, baina gaurkotu egin dugu. Lehen, Big Bandek zer egiten zuten? Musika jotzen zuten, jendeak dantza egiteko. Guk filosofia hori berreskuratu nahi izan dugu, gaurko tresnekin lagunduta». Eneko Espino bandako baxu jotzaileak (Gasteiz, 1974) emandako azalpena da, eta horren adibidetzat jarri ditu taldeko DJa—disko jartzailea— eta MCa —rapeatzen eta inprobisatzen jarduten duen abeslaria—, eta baita base elektronikoak erabiltzea ere.
Lau kantarekin osatu du Gasteiz Big Bandek lan berria. StevieWonderren Sir Duke kantaren bertsioa da lehendabizikoa: «Biniloari W'Ellington deitu diogu. Aurten da Gasteizko bataila famatuaren bigarren mendeurrena, eta bertan egon zen Wellington dukea. Duke Ellington konpositoreari Wonderrek eginiko omenaldia da. Hitz joko bat egin dugu horrekin». San Prudentzio erretretaren bertsioa ere egin dute: «2011n, San Prudentzio jaien pregoilari izan zen Gasteiz Big Band, eta abestiaren bertsio bat egin genuen. Aurten, kolaborazio bat egin dugu Kodigo Norte taldearekin, eta hitzak haiek egin dituzte». Coldplay taldearen Clocks abestiaren bertsioa da diskoko hirugarren kanta, eta «kutsu latinoa eta scratch-ak» gehitu dizkiote. Moanin' da azken kanta, «Big Banden kanta klasikoa», Art Blakey & The Jazz Messengersek 1958an grabatutakoa.
Biniloa, CDa baino haratago
Espinok azaldu du lana binilo formatuan kaleratzeak ahalbidetzen duela CDa iristen ez den lekuetara heltzeko: «Aukera eman digu gure lana Erresuma Batuan saldu eta entzuteko; BBCren irratian jarri gaituzte. Japoniatik ere deitu gaituzte, eta esklusiba bat eskatu». Txarli Brownek egin duen biniloaren diseinua ere goraipatu du baxu jotzaileak.
Espinok azaldu duenez, bideoklip «komiko» bat grabatu dute horrekin: «Musikak kanoiek baino soinu hobea ateratzen baitu». Beñat Fontanedak zuzendu du ekainaren 1ean grabatu zuten bideoklipa. Gasteizko Alde Zaharrean hileko lehen asteburuan egiten den Almendraren Feria baliatu zuten girotzeko. «Hemengo eta Donostiako danborradako traje batzuekin jantzi ginen horretarako», azaldu du Espinok. Aurkezpen ofizialik ez dute egin, baina laster egitea espero dute.
Luis Aranburu Gasteizko musika eskolan sortu zen Gasteiz Big Band. Hogei musikarik osatzen dute, eta hamazazpi urteko ibilbidearen ostean, hiruzpalau musikari baino ez daude hasieratik. 2006az geroztik, Jimmy Bidaurretak zuzentzen du taldea; Raul Romo hasi zen zuzendari moduan, eta Iker Sanchez ere aritu zen gero.
Bing Bang! diskoa atera zuten 2010ean, eta grabatuak zeuzkaten biniloko abestietariko bi. Clocks eta San Prudentzio erretreta musika eskolako auditoriumean grabatu dituzte, denek batera joaz. «Gitarra eta baxua beste alde batetik grabatu ditugu, eta estudio batean masterizatu ditugu. Grabaketa denok batera jotzen egiteak freskotasuna ematen dio», Espinoren ustez. Astelehenero elkartzen dira musika eskolan, bi orduko entsegua egiteko: «Beti ezin dugu guztiok elkartu, baina seriotasuna dago. Jendea irrikan dago entseatzeko eta jotzeko; lanetik kanpo hartzen dugu denbora horretarako. Ez da esfortzu handia».
Horrelako talde handi batentzat kontzertu asko ateratzen ez dela-eta kexu da Espino. Dena dela, San Joan bezperan Gasteizko gaztetxean izango dira, gune okupatuaren 25. urtemuga ospatzeko, eta «sorpresatxoren bat» ere iragarri du. Azaroaren 30ean Zurichen (Suitza) izango dira, bertan egiten den Big Banden jaialdian parte hartzeko.
Big Banden izpirituari eusteko
Gasteiz Big Band jazz orkestrak binilo berri bat kaleratu du, ibilbideko laugarrena; bideoklipa ere egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu