KRITIKA. Artea

Bidezidorrak

Zirikaren lana, Gasteizko Montehermosoko erakusketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zirikaren lana, Gasteizko Montehermosoko erakusketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko urtarrilaren 28a
04:00
Entzun

'EGITURAZKO POBREZIA'

Artistak: Ariana Rac, Itxaso Diaz, Itzal Garcia, Gezus Ramirez, Txaro Arrazola, Lucia Jaio, Zaloa Ipiña eta Zirikar. Non: Monehermoso kulturgunean, Gasteizen. Noiz arte: otsailaren 2ra arte.

Gasteizko Montehermoso kulturgunean leku hartzen ari diren erakusketetako bat ikustera joan naiz. Behin eraikinaren atea zeharkatuta, erakusketa aretora bideratzen nauten eskailerak igo, eta horman bertan Egiturazko Pobrezia irakurri dut. Titulu esplizitua, zuzena eta, hein batean, iradokitzailea da. Egitura sozial, instituzional eta kulturalek gure bizitzaren historia zehazten dute, patua balira bezala; nahiz eta patu egituratu hori ez dela existitzen eta dena norbanakoaren sakrifizioaren zein esfortzuaren araberakoa dela sinistarazteko ahaleginak gehiegi diren.

Eta, hain zuzen, pobreziari zuzendutako diskurtso askok horretara garamatzaten arren, jarraian bistaratuko dudan erakusketak horiek barreiatzen ditu. Mostran kokatzen diren artelanek diskurtso meritokratiko eta nekezen koherentzia barreiatzen baitute.

ZAS espazioak Nazioarteko Elkartasuna GKEarekin elkarlanean egindako proiektua da erakusketa; lehena arduratu da mostraren komisariotzaz. Eta horren emaitzarekin egiten dugu topo lehenengo espazioan jada. Bertan azaleratzen baitira jarraian ikusiko dugunaren tripak, ataria zeharkatu bezain pronto agertzen baitzaigu komisariotza proiektuaren mapa. Horman irudiak, testuak, hausnarketak eta dokumentuak tartekatzen dira, eta lanen konstelazio egituratu bat sortzen zaigu. Konstelazio horretan zortzi dira parte hartzen duten artistak: Ariana Rac, Itxaso Diaz, Itzal Garcia, Gezus Ramirez, Txaro Arrazola, Lucia Jaio, Zaloa Ipiña eta Zirika.

Proiektuaren tripak atzean utzi, eta azalerantz desplazatzen naiz. Lehenik, Gesuz Ramirezen instalazioan barneratzen naiz. Argazki serie bat dago horman kokatua, eta bertan agertzen da artista, ekintza bat garatzen. Irudi batetik bestera testu bat deszifratzen da, eta azkenean, honakoa irakurtzen da: «Artista migrante, artista sin papeles, artista irregular, artista sin padrón, artista sin casa» («Artista migratzailea, artista paperik gabea, artista irregularra, artista erroldarik gabea, artista etxegabea»).

Badakit ez dela isilpeko sekretua, baina artista jeinuak ez dira existitzen, eta hau horren enegarren adibidea da. Egiturek ere artista askoren ibilbideak zehazten dituzte, eta, esaterako, ukaezina da Ramirezek idatzitako faktoreek bideak zailtzen dituztela. Izan ere, ibilbide horiek zaildu egiten dira ez denean ulertzen norbanakoaren baldintzak arazo kolektibo baten isla direla.

Hala ere, bide zailak arazo kolektibo baten emaitza direla ondorioztatzen dugunean, errealitatea aldatzeko aukerak biderkatzen dira. Perspektiba horretan kokatzen gaitu Zirikaren lanak, beste gela batean aurkezten den piezarekin. Zuhaitz bat da, baina hostoen ordez Gu hitza ageri da, eta, kontrara, lurzoruan, Ni hitza behin eta berriz errepikatzen da. Lan horrek, gu eta ni kontzeptuen kontrastearen bidez, ikuslea norbanakoaren eta kolektiboaren arteko tentsioaz gogoeta egitera gonbidatzen du.

Nitasun horretatik burua altxatzeko saiakera egiten du, beste alde batetik, Zaloa Ipiñak. Begirada eurozentrikotik at zizelkatutako mapa bat aurkezten du, lurrean kokatuta, eta bertaratu ahala agerian geratzen da edukia: mapa ez da soilik irudikapen geografiko bat, haziak eta lekak gordetzen dituen ontzia ere bada. Ontzi horrek, era berean, egungo egitura mugatzaileak barreiatzeko bideak zabaltzen dituzten ekintzen sinboloak dakartza: Lana, Bakea, Hizkuntza, Burujabetasuna, Lurra, Osasuna...

Hala ere, egiturak ez du beti modu berean eragiten. Egitura patriarkalen bortizkeriak ez ditu guztiak berdin zanpatzen, eta batzuek besteek baino zaurgarritasun handiagoa pairatzen dute. Eredu hori argi geratzen da Itsaso Diazen ikus-entzunezko lanean. Pieza kitzikagarria da goitik behera eta behetik gora: El Salvadorreko emakumeek abortuaren lege bortitzaren bidez jasandako biolentzien inguruan gogoeta egitera garamatza. Eta, kasu honetan ere, pobrezia estrukturala agerian geratzen da, aukera gutxien dituzten emakumeak baitira lege horren gordintasunak gogorren zapaltzen dituenak.

Errealitate ezberdinen haziak ereiteko ezinbestekoa da begirada berriak eraikitzea, eta hauek praktikara eramateko ekimenak hauspotzea ere bai. Erakusketa proiektu honek, haren parte den mediazio programarekin bat, beste errealitateei so egiteko bideak eraikitzen ditu, ohiko botere- eta egitura-harremanak zalantzan jartzen dituzten proposamen artistikoen bidez. Hala, erakusketa espazioa eztabaida areto bihurtzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.