Kritika. Musika

Bidezidor hanpurutsuak

Black Country, New Road taldearen 'Forever Howlong' diskoaren azala.
2025eko apirilaren 13a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

BLACK COUNTRY, NEW ROAD

Britainia Handiko taldeak indie unibertsoa hankaz gora jarri zuen 2020. urtearen bueltan plazaratu zituen bi diskoak tarteko: For the First Time (2021) eta Ants from Up There (2022). Lehenengoa post-hardcore ezaugarri aski ezagunetik loratu izanagatik ere, bandak bigarrenean lortu zuen diskurtso propioa, pop apainduago batera hurbilduz. Bi kasuetan, baina, Isaac Wood abeslariaren eta hitzen idazlearen lana nabarmendu zen, gainerako musikariek erantsitako instrumentazioa kasik maila berean egon arren. Haatik, kantari ofizialak taldea abandonatu zuen supituan, eta taldekideak paralizatu ordez, Live at Bush Hall zuzenekoa plazaratu zuten, jada Wooden laguntzarik gabe, eta mikrofonoetan hiru taldekide kokatu ziren: Georgia Ellery, Tyler Hyde eta May Kershaw.

Nik neuk orriotara ekarritako Ants from Up There diskoaren harira egindako iruzkinean taldearen etorkizuna zalantzan jarri nuen, behin jatorrizko abeslariak ihes egin ondoren: «Isaac Wood abeslariak taldea utzi du diskoa argitaratu eta segidan. (…) baina konturik zailena ahots bereizgarri eta ahaltsu horren ordezkoa bilatzea izango da, ordezkaezina baita. Black Country, New Road ezereztuko delakoan nago».

Bada, Wooden desertzioaren ondotik datorren lehenengo estudioko lana da Forever Howlong, eta britainiarrek argi utzi dute edozein ordezkatzeko gai direla, bandaren proposamena harago eramatea lortu baitute; halere, ni Wooden aldekoa naiz oraindik ere, taldeari bestelako sakontasuna eta nortasuna ematen baitzizkion.

Dena den, eta egiari zor, bandak sekulako ahalegina egin du, jarrera erabat inkonformista erakutsiz eta orain arte egindako ibilbidean sakonduz, bandaren soinua beste esparru batera eramateraino. Eremu horretan kolore guztietako instrumentazioek pop arranditsu baten alde egin dute, soinu bandara edo antzezlan bat janzteko musikara hurbiltzen den proposamen guztiz dotoretua sortzeko, bai eta Arcade Fire eta antzekoen barrokismoarekin bat egiteko.

Hori dela eta, kantuak gehiegi apainduak ateratzen dira bozgorailuetatik, abestiaren beraren egitura erabat lausotu arte: muturreko falsettoak, ornamentazio larregi erakusten duten konponketak…

Ostera, badira une dirdiratsuak grabazioan; esaterako, diskoa zabaltzen duen Beasties eztanda argitsua, zeinak 60ko hamarkadako pop psikodelikotik edaten duen, melodiaz gainezka datorren leherketa eztandarazteko —antza denez, kantu horrek zale amorratuenen muturra okertzea lortu zuen, bere sinpletasuna tarteko—.

Diskoak aurrera egin ahala, kantuak gune lodiagoetan barneratzen dira, eta hor azaleratzen dira doinurik luzeenak: besteak beste, For the Cold Country (pop hanpatua), eta Nancy Tries to Take the Night (folk aurreratua). Biak ala biak sei minututik gorakoak.

Finean, britainiarren estudioko hirugarren disko hau lan oparoa da, erabat barrokoa, edergarri gehiegirekin dekoratua, kantuen esentzia galtzeraino. Halere, taldekideek erakutsitako ausardia nabarmentzekoa da, eta, ondorioz, zaleen ikusmina asebeteko duelakoan nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.