Literatura

Bidegurutzean diren sei emakumeren zebra bidea

Nerea Loiolak ‘Zebrak eta bideak’ narrazio bilduma kaleratu du Erein argitaletxearekin. Sei ipuinez osatu du bilduma, eta giza harremanak ditu jopuntu, besteak beste. Bi hitzordu iragarri ditu idazleak, irakurleekin liburuaz hitz egiteko.

Nerea Loiola idazlea 'Zebrak eta bideak' liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nerea Loiola idazlea 'Zebrak eta bideak' liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko azaroaren 5a
14:04
Entzun

Erronkarik ezean, ez da narrazio libururik Nerea Loiola Pikazarentzat (Deba, Gipuzkoa, 1985). Izan ere, «zailtasun horretatik» idazten du Loiolak: «Orain arte egin gabekoak egin nahi izan ditut. Begirada ezohiko lekuetan jarri dut, eta uste dute beti idazten dudala hortik, niretzat hor hartzen baitu zentzua idazkuntzak. Gai izango al naiz hau egiteko?». Esan daiteke, nolabait, ‘Zebrak eta bideak’ (Erein) kaleratuz erantzun diola idazleak galderari.

Sei zenbakia da narrazio bildumaren epizentroa: sei ipuin, sei emakume, sei bidegurutze eta sei iraultza. Dena den, ez da horiek guztiak lotzen dituen zebra biderik. «Ipuinak autonomoak dira, independenteak; ez dago hari narratiborik», azaldu du idazleak. Edonola ere, Inazio Mujika argitaletxeko editoreak ipuin horien guztien atzean dagoen idazlearen «idazluma» nabarmendu du gaur, Donostian egindako aurkezpenean: «Nerearen [Loiola] kontatzeko modua oso identifikagarria da, eta hori, beste zenbait gauzaren artean, atmosfera sinesgarriak eraikitzeko moduan ikus daiteke». Beraz, editorearen hitzetan, istorioek loturarik izan ez arren, Loiolaren kontatzeko moduak batasuna ematen dio liburuari.

Duela hiru urte hasi zen Loiola lehen ipuinak idazten, eta, prozesu horretan, istorio bakoitzari bere espazioa eskaintzeko aukera izan du, «libre uzteko, izan nahi edo izan behar duenari askatasunez izaten uzteko». Hortaz, liburua ipuin laburrek eta «arnasa luzekoek» osatzen dute, protagonisten ahotsetik ez ezik, kanpo narratzaile batek kontatuak ere badirenak. Era berean, egitura klasikoari jarraitzen diote zenbait pasartek; besteek, berriz, «gehiago edan dute» esperimentaziotik.

Sei ipuin

Maitasuna, desioa, sexua, emakume gorputza, gizarteak ezarritako genero espektatibak, amatasuna eta beste zenbait gai maiz azaldu arren, mami aldetik oso istorio ezberdinak idatzi dituela adierazi du Loiolak. Ardi galduak da lehena, eta bertan, ustez desiratutako bizitza astinduko duen iraganeko gertakari tragiko bat ezagutuko du irakurleak. Ondotik, Egia esan, ez dakit ipuinean, protagonistak bizitzako oreka mantentzeko ahaleginak egingo ditu, jazotakoak ataka estuan jarri baitu. Bestetik, Birentzako ohea atalean, irakurleak ama-emazte eredugarri batekin egingo du topo, desirak, beldurrak eta marra gorriak katramilatu dituenak hoteleko ohean. Jarraian, Terraza narrazioan, gazte baten buruhausteak idatzi ditu Loiolak, zehazki, Ikea altzari enpresak eragindakoak. Inoizko ipuinik onena da hurrena, eta ipuina amaitzeko edozer egiteko prest dagoen idazlearen gorabeherak bildu ditu.

Azkenik, narrazio bildumaren izen bera duen ipuina dago, Zebrak eta bideak. Loiolak esan duenez, ariketa «oso zaila eta ausarta» izan da gai horri buruz idaztea: «Narrazioa 2000. urtean dago kokatua, Euskal Herrian, eta ipuina garai hartako nerabe baten bizitzari buruzkoa bada ere, ezinbestean kontatzen dut euskal gatazka». Bestalde, idazleak azaldu du ipuin guztiak jolasean dabiltzala moduren batean iraganarekin eta orainarekin, eta sei ipuinetatik bost «hemen eta orain» kokatu ditu.

Idazkera estilotik harago

Loiolaren arabera, liburuari osotasuna ematen diote bai giza harremanetan ezarritako ardatzak eta bai sortutako atmosfera narratiboak. Halaber, aitortu du saiatu dela xehetasunei, keinuei eta ekintza txikiei arreta handia jartzen; «xehetasunetik abiatuta, unibertsala den horretara iristeko». Horixe bera azpimarratu du Mujikak, horrek irakurlea pertsonaiengana hurbiltzen duela esanez: «Erraz identifikatu gaitezke pertsonaiekin, bai buruan izan dezaketen pentsamenduagatik, bai sentsazio batengatik, bai iritzi batengatik. Nereak [Loiola] enpatia handiz aurkeztu ditu pertsonaiak, eta horrela lortu ditu pertsonaia konplexuak, autentikoak eta sinesgarriak».

Estiloari dagokionez, esan du Loiola saiatu dela hizkuntza soil, gordin eta neurtua erabiltzen, «makillajerik gabea»: «Denbora asko inbertitu dut une bakoitzean beharrezkoa den hitza zehaztasunez bilatzen». Horrez gain, adierazi du elipsia askotan erabili duela; haren ustez, irekitasuna ematen baitio testuari, eta askatasuna irakurleari. Gaineratu du ere ipuinetako giro eta tonu ilunak zein dramatikoak umorearekin orekatzen saiatu dela.

«Pozik nengoke idazten gozatu dudanaren laurdena disfrutatuko balu irakurleak liburu hau zabaltzen duenean»

NEREA LOIOLAIdazlea

Editoreak, berriz, Loiolaren kontatzeko modu lotsagabeari egin dio erreferentzia; nabarmendu du konplexurik gabea dela, freskoa eta askea. «Baina, hori horrela izateak ez du esan nahi oso pentsatua ez denik; kontrara, ederki landutako eta hausnartutako narrazio bilduma ondu du».

Azala

Loiolak argi zuen Jon Arangurenek egin behar zuela liburuaren azala: «Ezagutu nuenetik miresten dut Jon Arangurenen estiloa, beti halako soiltasun emankor bat transmititzen didalako». Haren hitzek liburuaren azala «hondatuko» duen beldur, erakutsi besterik ez du egin, «bakoitzaren gogamenean aske hegan egin dezan». Lehenago ere egin du lan Arangurenekin, Epizentroa (2021, Erein) liburuan, hain zuzen.

Gaur egin du lehen aurkezpena Donostian, baina datozen egunetan beste hitzaldi batzuk eskainiko ditu liburua irakurri dutenekin hitz egiteko. Lehena Deban (Gipuzkoa) izango da, hilaren 20an. Bi egun geroago, Zarautzen (Gipuzkoa). Azkenik, Durangorako (Bizkaia) deia egin die irakurleei, bertan antolatzen den azokan izango baita.

Azkenik, hauek izan dira idazlearen azken hitzak: «Denbora luzean nire-nirea izan dena orain zuena ere bada. Pozik nengoke idazten gozatu dudanaren laurdena disfrutatuko balu irakurleak liburu hau zabaltzen duenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.