Gaztelarrek Amaiurko gaztelua hartu eta Nafarroa konkistatu zuteneko 500. urteurrenean, gertakari historiko haiek irudien bidez kontatu ditu Asisko Urmeneta marrazkilariak. Konkista gerlaren kronologia eta okupazioaren makineria ilustratzen dituen albuma da Amaiur! Libera State, 1512tik 1522ra arteko Nafarroako historia jorratzen duena, tarteka umorea ere erabiliz. Herrima eta Erroa argitaletxeek plazaratu dute Urmenetaren lan berria.
Historiako gertakari esanguratsu bat eraman du, beraz, komikira. «Bataila bera kontatu nahi nuen, euskaldunon historiaren epika markatzen duena. Iruditzen zait Amaiurko gatazkaren sinboloa hedatu behar dela, baina, aldi berean, zaila da iristea publiko zabal batengana». Hala, kontakizunaren bidez euskal herritar arruntengana iritsi nahi izan du komikigileak, dibulgazio ariketa bat egiteko. «Egia da mundu guztiak ez duela astirik edota gogorik historiako txosten akademikoak irakurtzeko. Komikia sintetizatu eta destilatu dudan jakintza da, eta formatu erakargarriago batean plazaratu dut». Halere, oraindik anitz falta da kontatzeko, haren ustez: «Diru gehiago izan banu, bizpahiru telesail eginen nituzke Netflixen», gehitu du, irriz.
Historiako hainbat protagonistaren gorabeherak agertzen ditu lanak, Urmenetaren ustez, Euskal Herrian «ezezagunak» direnak oraindik ere: Jakue Belatz Medrano, Maria Hotza, Johanes Arremiritz Bakedao, Johanikot Arberoa... Bost atal nagusitan banatu du kontakizuna, eta amaiurtarren bizitza aurkeztuz abiatzen da, dokumentazio lan ugari egin ondotik osatu duena. Haiek protagonistak izan zirela iritzita, gatazkan zehar emakumeek eginiko ekarpena irudikatu du hasierako orrietan. «Neskak ibiltzen ziren zabor eta hondar biltze lanetan errekan, morteroak eraikitzeko edo gaztelua konpontzeko, erasoaldi bakoitzaren ondoren».
Zuri-beltzean ondu du lana Urmenetak, «eroso» sentitzen baita molde horretan, nahiz eta albumaren amaiera aldera, kolorea ere sartu duen orrialde batzuetan. Halaber, azken kapituluan batailari protagonismo osoa eman dio, eta bunbuilo guztiak alde batera utzi ditu, «euskaldunak ez direnek ere uler dezaten zer gertatu zen». Atal bakoitzaren sarreran, egurrezko ate bat irudikatu du, eta, horietan grabaturik, erran zaharrak eta bestelako aipuak tartekatu ditu; Eduardo Galeano, George Orwell eta Joseba Sarrionandiarenak, esate baterako.
Denboran atzera eta aurrera ere egiten du kontakizunak tarteka, batailaren nondik norakoak azaltzeko. Halaber, egilearen ustez, egungo egoerarekin paralelismoak egiteko balio ahal dio istorioak irakurleari.
Iragana eta oraina
Iraganeko narrazio bat 2022ko errealitatean kokatzeko, historiografia lanaren garrantzia azpimarratu du Urmenetak. Hain zuzen ere, azaldu du idazketa prozesuak hiru irizpideren inguruan orbitatu zuela: pertsonaien abenturak, narrazio gurutzatuak, eta trama historikoa. Egilearen hitzetan, albumaren xedea da herri baten historiaren inguruan interesa piztea, orainaldia hobeki ezagutzeko. «Aipatu izan da komedia dela tragedia gehi denbora, eta oso polita iruditzen zait. Nik erranen nuke historia ere badela politika gehi denbora». Gertakari historikoei buruzko hainbat obra plazaratu baditu ere, argi utzi du bera ez dela historialaria, baina iruditzen zaio garai bateko politikek orainaldia baldintzatu dutela.
Alde horretatik, ez du zalantzarik 2022. urteak lotura zuzena duela komikiaren garaiarekin. Hain zuzen, historia ziklikotzat jotzen du: «Euskal gatazkarekin egiten dira paralelismoak sarritan, baina nik, euskal gatazka bainoago, inperialismoaren immoralkeriaren ondorioak aipatuko nituzke. Nazioarteko gatazka baten testuinguruan herri bat zapaldu zuten. Gaur egun, ez da aldatu».
Transmisioaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan du historia gogora ekartzeko ariketaren bidez. «Transmisioa sarritan ez da egiten gure herrian, eta piztu behar zaigu argi gorri bat». Arrazoi anitzengatik, haria eten egiten dela uste du; adibide gisa, bere familiaren kasua aipatu du. Txikitan, ez zekien bere aitak irudiak egiten zituenik Amaiur aldizkarian. «Isilarazi zituzten gauza guztiak, eta seme-alabei ez zitzaigun sekula historia hori heldu».
Urmenetak aitortu du duela erlatiboki gutxi ezagutu zuela bere aitonak bertsoak idatzi eta bere aitak marrazkiak egin zituztela Amaiurko gatazkari buruz. «Artearen bidez, Amaiurko gazteluaren erresistentzia aipatzen zuten, eta guk ehun urte geroago jakin dugu zer gertatu zen». Azaldu du gerora argitalpenak ugaritzen eta zabaltzen joan zirela, eta horrek eraman zuela ondare hori ezagutzera. Alde horretatik, Amaiur! LiberaState sortzea «berezia» izan da harentzat. «Etxean jaso ez nuen transmisioa gero ezagutu dut, ekitaldiei eta amaiurtarrei esker». Haren hitzetan, Amaiurrek «erpin» bat markatzen du euskaldun guztiendako, «bidegabekeriaren erpina».
Halaber, historiaren ezagutzaren inguruko kontraesanak agerian utzi nahi izan ditu argitalpenarekin. «Zergatik ezagutzen dugu hain ongi Ameriketako Estatu Batuetan gertatu zena, edo nolakoa den euren armada? Injekzio ekonomiko oso handiak egin zituztelako zinema industriatik; ezaguna da herri guztietan patriotismoa sustatzen dela kulturaren bidez». Euskal Herrian halakorik ez gertatzeak penatzen du, baina aldi berean ziurtatu du «pasio handiz» egiten duela lan, bertze artista batzuekin batera. «Azken finean, hausnarketa baten fruitua plazaratu dut, eta nire alabei hori ere transmititu nahiko nieke».
Bidegabekeriaren erpina
Asisko Urmenetak 'Amaiur! Libera State' komikia plazaratu du. Gaztelarrek Amaiurko gaztelua hartu zuteneko garaia azaldu du lanean, 500. urteurrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu