Bideetan eta bazterretan

Iñaki Kaperotxipi, Rafael Serras eta Adrian Ruiz de Hierroren erakusketa bana eskaintzen du Zarauzko Argazki BilerakPhotomuseumen '8x seriea, 8 begirada' erakusketa kolektiboa bisita daiteke

Iparralderanzko bazterbidean erakusketako argazkietako bat. ADRIAN RUIZ DE HIERRO.
Juan Luis Zabala
Zarautz
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Erakusketa kolektibo bat eta bakarkako hiru eskaintzen ditu egunotan Zarauzko Photomuseumek antolatutako Argazki Bilerak. Museoaren sorreraz geroztik urtero antolatzen du Argazki Bilera Photomuseumek. Aurtengoa 22. ekitaldia da.

Prozedura zaharrak berreskuratuz

• Izenburua: 8x seriea, 8 begirada.

• Non: Zarauzko Photomuseumen.

• Noiz arte: maiatzaren 11.

Argazkigintzako prozedura eta teknika zaharrak gaur egungo produktuekin uztartu dituzte Photomuseumeko erakusketa kolektibo hau osatzen duten argazkien zortzi egileek: Javier Garcia Blanco, Francisco Tomas Cegarra, Julian Redondo, Jose A. Padin, Javier Miron, Jon Diez Supat, Jontxu Fernandez eta Rafael Garcia Marquez. X serieko Fujifilm argazki kamerak erabili dituzte, forma klasikoak eta eskuzko kontrolak ezarritako aztarna berezia berreskuratuz horri esker, baina argazki film tradizionalaren ordez azken belaunaldiko X-Trans sentsorea erabiliz.

Dokumentalgintza lantzeko da bereziki aproposa erakusketa honetan erabilitako teknika. Kaleko argazkiak egiteko oso gustuko izaten dute erabiltzaileek.

Madagaskar, Libia, Txina eta Yemenen barrena

• Izenburua: Bidean.

• Egilea: Iñaki Kaperotxipi.

• Non: Sanz Enea kultur etxean.

• Noiz arte: abuztuaren 6a.

Iñaki Kaperotxipi (Zarautz, 1958) interiorismoko, arkitekturako, gastronomiako eta oro har publizitateko argazkigintzan dago espezializatua gaur egun. Baina beste geografia eta kultura batzuen inguruko interesa ere jorratu du argazkigintzaren bitartez. Jakin-min hori ase nahirik egindako bidaietakoak dira Bidean erakusketako argazkiak.

Madagaskarren egindakoetan, hondarra, baobabak, mendiak eta arroz soroak ikus daitezke. Libiakoetan, desertuaren indar iradokitzailea da nagusi. Txinako hegoaldekoetan, koloreen bizitasuna egiten da deigarria. Yemenen egindako argazkiek Sokotra uharteko hondartza idilikoak eta arrantzale herrixkak erakusten dituzte, eta baita flora endemikoa ere, bere espezie ezagunenarekin: dragoa.

Film labur baten tripetan

• Izenburua: El testaferro.

• Egilea: Rafael Serras.

• Non: Zarauzko Torre Luzea aretoan.

• Noiz arte: abuztuaren 6a arte.

Rafael Serras Uria (Zarautz, 1960) diseinu grafikoan eta ilustraziogintzan aritu zen lanean 80ko hamarkadan, Elkar argitaletxearentzat eta Elhuyar Zientzia Elkartearentzat besteak beste. Lehiaketa bat irabazita, berak egin zuen Kilometroak 87ko kartela. 1997tik aurrera, zinema eta telebistarako egin du batez ere lan. Urte horretan Alejandro Amenabarren Abre los ojos film arrakastatsuan lan egin zuen, Wolfgang Burman zuzendari artistikoaren laguntzaile gisa. ETBko hainbat telesail eta programatako eszenografien diseinatzailea izan da: Goenkale, Balbemendi, Pilotari, Goazen, Trikitraka-Trikitron

Zarauzko Torre Luzea aretoko erakusketako argazkiak Rafael Serrasek Madrilen egindakoak dira, Gabriel Olivares zinemagilearen El testaferro film laburrean (1999) zuzendari artistiko lanetan aritu zenean. Argazkiek filmatze lanen aurreko prestakuntzen berri ematen dute. Argazkiekin batera, bada prestakuntza horien berri ematen duen taula bat ere, xehetasun ugari ematen dituena. Aretoan horretarako ezarritako pantaila batean filma ikusteko aukera ere badu erakusketa bisitatzen duenak.

Bidearen bazterrekoei erreparatuz

• Izenburua: Iparralderanzko bazterbidean.

• Non: Zazpi galerian.

• Noiz arte: maiatzaren 5a arte.

Adrian Ruiz de Hierro argazkilariak (Gasteiz, 1980) Madril eta Irun batzen dituen N-1 errepidearen bazterreko paisaia ahaztuei erreparatu die bere erakusketako lanetan. Sortu zenean komunikazioaren eta mugikortasunaren sinbolo handi bat izan zenak ahanzturaren bazka diren paisaia ugari sortu du, denborak aurrera egin ahala, bere inguruan. Paisaia horiek harrokeriak izan dezakeen hutsaltasuna eta sor dezakeen dezepzioa uzten dute agerian zenbait kasutan. Denboraren iragateak uzten dituen arrastoak espanturik gabe jasoak daude Ruiz de Hierroren argazkietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.