Aspaldian buruan itzuli-mitzulika zeuzkan ideia, istorio eta kondairak ipuin bihurtu ditu Koldo Ameztoi ipuin kontalariak Biribilketa, luma beltza helduentzako sorkuntzan. «Enigma, sekretu edota zerbait bitxia» zutelakoan garai batean bazter utzitakoak eramango ditu taulara. «Beldur, duda eta harrokeriez» mintzo diren bederatzi istorio dira, eta, biribilketa batean lotuz, obra bakar bat osatu du. Korrika Kulturalaren barruan aurkeztuko du gaur Itsasuko Sanoki aretoan (Lapurdi), 18:30ean.
Dantza mota horrek, alegia, biribilketak tradizioa du Euskal Herria ez den beste herri batzuetan ere, hala nola Hego Ameriketako zenbait herritan. Ameztoik dioenez, Chiapasen, esaterako, Karakolaren dantza esaten diote biribilketari. «Han zein hemen neskek eta mutilek dantzatzen dute, elkarri eskua emanik. Bildu egiten dira, eta berriz atzeratu, beste gune bat sortuz».
Ameztoiren lan berriko pertsonaiak dantza horretara bilduko dira. Hain justu, Hego Ameriketako herri indigena zenbaitzuetan jasotako istorioetako pertsonaiak daude obran. Baita Afrikako eta Europako herri batzuetan jatorri dutenak ere. Nolanahi ere, Ameztoik berak asmaturikoak ere badira.
Neska gazte bat da tartean, eta hark emango dio hasiera Biribilketa, luma beltza lanari, ipuin kontalariak azaldu duenez. «Luma bat aurkituko du lurrean, eta luma horrek gidatu egingo du bere jatorria ezagutzeko asmoz egingo duen bilaketa bidean».
Izan ere, luma horrek «sekretu eta misterioak» izango dituela aurreratu du Ameztoik, eta pertsonaia bakoitzak bere bidea egiteko baliatuko duela. Batzuek dudak izango dituzte; kezkak eta beldurrak bestetzuek. Denek aitortuko dizkiote luma beltzari, honek lagun ditzakeelakoan. Eta, emeki, denen aitortzak entzun ahala joango da askatuz luma beltza.
Ipuina eta dantza
Irudi horrekin, mezu bat landudu Ameztoik: «Bakoitzak bere bidea egin behar du, berea bilatuz. Baina bestearekin batera ibiliaz bada ere bide bat egiterik eta gauzak konpontzerik». Hots, nork bere buruarengan ez ezik, «besteengan ere konfiantza» izan behar dela azaldu nahi du Ameztoik.
Eta Ameztoiren obran, jendearen bat egite eta elkartze horretan biribilketak hainbesteko garrantzia izango du, ezen ipuinak kontatzeaz bat, dantzan ere egingo du sortzaileak. Hartarako, euskal dantzen urrats batzuk ikasi behar izan ditu. Eta, zeregin horretan, Pascale Lazkano koreografoak lagundu dio.
Ameztoi bera baino ez da izango oholtzan, orain arteko lanetan bezala, Biribilketa, luma beltza-n ere. Hitza izango du tresna bakar, tarteka abestuko duen arren, musikarik ez baitu erabiliko. Zuzenekoak daukan «freskotasuna» lortzea da sortzailearen helburua, istorioak ere «sinpleak» direnez. «Esanahi pisuzkoak izan ditzaketen arren, sinpletasun horretan», ohartarazi du.
Gaur Itsasun aurkeztu ondotik, beste toki batzuetan emango duondoko asteetan. Hilaren 17an, Tuterako Castel Ruiz kultur etxean (Nafarroa); hilaren 30ean, Donostiako Koldo Mitxelenan; apirilaren 1ean, Santurtziko Kresala aretoan (Bizkaia), eta apirilaren 8an, Tolosako kultur etxean (Gipuzkoa). Emanaldi horiek guztiak Korrika Kulturalaren barruan egingo ditu Ameztoik.
Bidean batzearen indarraz
Koldo Ameztoik 'Biribilketa, luma beltza' estreinatuko du Itsasun gaur, Korrika Kulturalaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu