Zinema estreinaldiak

Bideak bidaia bat baino gehiago dakarrenean

Levan Akin zinemagile suediar-georgiarraren laugarren film luzeak ilobaren bila dabilen Liaren istorioa kontatzen du. Protagonistak Achi gaztearekin batera Istanbulera eginiko bidaia erretratatzen du lanak.

Levan Akin zuzendariaren 'Crossing' filmeko irudi bat. BERRIA
Levan Akin zuzendariaren 'Crossing' filmeko irudi bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko urriaren 2a
05:10
Entzun

Lia 72 urteko historiako irakasle erretiratua da, eta Batumin bizi da, Georgian. Zorrotza da, eta erraz gaitzesten ditu onartu ezin dituenak. Ezkongabea da, eta duintasunak eta printzipioek gidatzen dute haren bizitza. Lia bere ilobaren bila dabil; Tekla izeneko trans emakumea da hura. Hilzorian zegoen ahizpari hitzeman zion alaba aurkitu eta etxera ekarriko zuela bueltan. Itxura guztien arabera, Teklak Turkiako muga zeharkatu zuen, eta Istanbulen bizi da.

Bilaketan, Liak Achirekin egingo du topo. Ikasle ohi baten anaia da Achi, besteen bizkar bizi den gazte tonto xamarra, eta Liarekin joan nahi du Istanbulera. Tekla non dagoen badakiela eta turkiarrez eta ingelesez mintzatzen dela esanez argudiatuko du harekin joateko nahia. Horrela, bikoteak Istanbulerako bidaia hasiko du, bilaketan lagunduko duten pertsonaia anitzekin egingo dute topo bidean, eta, galdutako emakumeari buruz gehiago jakiteko ez ezik, beren buruak hobeto ezagutzeko ere balioko die bidaiak.

Crossing Levan Akin zinemagile suediar-georgiarraren laugarren film luzea da. 2019an nazioarteko ospea lortu zuen And Then We Danced filmarekin. Georgiako dantza konpainia nazionaleko dantzari bati buruzko istorioa kontatzen zuen hartan, zeinean dantza tradizionalak entseatu bitartean maitemintzen den bikote baten istorioa den muina —gizonezkoak biak—. Azken filmean ere maitasunaz hitz egiten du Akinek, hain justu: familiaren maitasunaz, ertzetan bizi diren horiekiko maitasunaz, norbere buruarekiko maitasunaz.

Road trip eran kontatua, Crossing-ek bidaia bat baino gehiago erretratatuko ditu, eta, road trip guztietan bezala, helmuga bainoago bidea bera izango da garrantzitsua; pertsonaia bakoitzak egiten duen bide hori. Galduta dagoen zerbaiten bila ari diren pertsonaiak dira, eta norberak bere arrazoiak ditu bidaiari ekiteko. Akinek ertzetan —aldirietan— gelditzen diren bizitzak atera nahi izan ditu argitara, tradizioaren pisua kolokan jartzen duten bizitzak. Eta hori guztia manipulaziorik gabe, moraltasunean erori gabe. Sentsibilitatez eta enpatiaz, beren buruaz eta inguruaz ikasten ari diren pertsonaien begiradan oinarrituta eraikiko du kontakizuna, eta izenburuko zeharkatze edo gurutzatze hori maila ugaritan azaltzen duen erretratua bihurtzen du filma.

'Crossing'

Beste estreinaldi batzuk:

I used to be funny filmeko irudi bat
'I used to be funny' filmeko irudi bat. BERRIA

'I Used to Be Funny'

Sam Cowell stand-up komediantea eta umezain gaztea da. Trauma osteko estresaren kontra ari da borrokan, eta erabaki behar du zaintzen zuen eta berriki desagertu den Brooke nerabearen bilaketarekin bat egin edo ez.

'Los destellos'

Isabelen bizitzak ustekabeko bira emango du Madalen alabak eskatzen dionean gaixo dagoen Ramoni bisita egiteko. Hamabost urtez senar ohiarengandik urrun egon ondoren, gainditutzat jotzen zuen erresumina berpizten hasiko zaio Isabeli. Hala ere, Ramoni bere unerik ahulenean laguntzean, Isabelek beste begi batzuekin ikusiko du aurrez bizi izan zuten porrota.

'Los domingos mueren más personas'

David Europatik Buenos Airesera itzuliko da osabaren heriotza dela eta. Erdiko klaseko gazte judu handia da David, eta homosexuala, eta hegan egiteko beldurra du. Etxerako itzulera honetan, Davidek jakingo du amak aitaren arnasgailua deskonektatzea erabaki duela, makina hori izanik ere aita urte luzez bizirik mantendu duena. David bere haurtzaroko etxera itzuliko da, eta aita ikustea ekiditen saiatuko da, baina patuak topaketa hori behartuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.