HILBERRIA. Sidney Poitier

Bidea ireki zuen aktore beltza

PAUL BUCK / EFE.
mikel lizarralde
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Sidney Poitier aktorea (AEB, 1927) aitzindaria izan zen XX. mende erdialdeko Hollywooden, beltzak rol bazterreko eta estereotipoetara mugatuta zeudenean, hark aukera izan zuelako nortasun handiko rol protagonistak betetzeko. Hain zuzen, eskubide zibilen aldeko mugimendua ernatzen ari zenean, 1964an, lortu zuen beltz batentzako lehenengo Oscarra Lillies of the Field filmagatik. 94 urterekin hil da.

1947an egin zuen debuta kameren aurrean, Sepia Cinderella filmean. Extra huts gisa. Hiru urte geroago, ordea, Joseph Leo Mankiewicz zinemagilearentzat egin zuen lan No Way Out draman, eta handik aurrera garatuko zuen pertsonaiaren trazak erakutsi zituen. Izan ere, anaia arrazista bi artatu behar dituen mediku beltz bat izan zen Poitier film horretan.

50eko hamarkadan bere lekua egin zuen Poitierrek hala zineman nola telebistan, eta baita arrakasta handia lortu ere zenbait filmekin. Horietako bat izan zen Blackboard Jungle (1955), eskola bateko borrokak islatzen zituena, eta aktorearen film ezagunenetako bat bilakatu dena denborarekin. Beste bat The Defiant Ones (1958) izan zen, lehenengoz Oscar saria irabazteko hautagaia izan baitzen Poitier.

Berehala, beltz komunitatearen erreferente bilakatu zen Poitier; bai bere komunitatearen borrokaren alde lerratu zelako, bai zinemara ere eraman zuelako borroka hori. Nolanahi ere, kritikak ere jaso zituen, beltz zintzo eta atsegina-ren rolari lotu zitzaiolako sarritan (Guess Who's Coming to Dinner, 1967).

Zuzendari lanak ere egin zituen. Buck and the Preacher westernarekin estreinatu zen 1972an, eta 1990era arte beste zortzi film zuzendu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.