Bide propioaren bila

Alaine Agirrek Txandaka bildumako laugarren eleberria kaleratu du: 'Ane'. Nerabe baten «trantsizioa» kontatu du idazleak liburuan

Alaine Agirrek atzo aurkeztu zuen liburua, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Gaztetan izan nituen memoriak eta zalantzak agertzen dira liburuan». Txandaka bildumako aurreko hiru aleetan egin zuen bezala (Maren, Libe eta Oier), nerabe baten azalean jarri da berriro ere Alaine Agirre (Bermeo, Bizkaia, 1990) bildumako laugarren eleberria idazteko: Ane (Erein).

«Gatazka akademiko batetik abiatzen da liburua, baina gatazka hori zabalduz joango da», azaldu du Agirrek. Institutua bukatu berri duen 18 urteko gaztea da Ane, gero eta hurbilago dagoen etorkizunean zer egin erabaki behar duena. Gurasoek aginduta, unibertsitateko ikasketak egiten hasiko da, baina «ez du bere burua hor ikusten».

Ikasturte hasierarekin batera eman dio Agirrek hasiera liburuari, udazkenean. Anek bere bidea aurkitu nahian, unibertsitateko ikasketak utziko ditu, eta gurasoen etxetik alde egin behar izango du. «Barrura begiratzen hasten den momentuan, agur esango die ikasketei, gurasoei... trantsizio bat emango da». Udazkenetik udara arteko ibilbide horretan, Anek bide «propioa» aurkituko du, «galderak eginez eta erantzunak aurkituz».

Hasieran, «noraezean» egongo da liburuko protagonista, baina berehala hasiko da erabakiak hartzen eta bere bidea egiten. Bide horretan zehar, zenbait esperientzia berri biziko ditu: pisu konpartitu batean elkarrekin bizi beharko dute, lan baldintza prekarioak dituen harategi batean lan egin beharko du... «Azken batean, asko ikasiko du pisuaren bitartez eta lanaren bitartez, bizipen ugari izango ditu, eta irakurleek independizatzearen inguruan sakontzeko aukera izango dute».

Horrez gainera, beldurra, ziurgabetasuna, ausardia eta nortasunaren eraikuntza landu ditu, besteak beste, Agirrek liburuan. «Liburuak ez du gai zentral pisutsu bakarra lantzen; izan ere, asmoa Aneren trantsizio hori erakustea denez, bizitzako hainbat esparru erakutsi nahi izan ditut».

Idazkerari begira, berriz, gazteek hurbil sentituko duten eta haien atentzioa emango duen hizkuntza erabiltzen saiatu da idazlea: «Saiatu naiz, zuzentasunaren barruan, hizkuntza eta idazkera bizia, freskoa... erabiltzen». Horrekin batera, gazteak euskarara hurbiltzea ere lortu nahi du Agirrek.

Txandakako bidaia

Ane-z gainera, bildumako aurreko hiru liburuetan azaldu diren pertsonaiak ere agertzen dira eleberrian, «irakurleak bakoitzaren garapena eta aldaketak ikus ditzan». Izan ere, liburu guztietan pertsonaia berberak agertzen badira ere, liburu bakoitzean protagonista nagusi bakarra dago, «txandakatuz» doaz. «Pertsonaia guztiak nerabezarotik helduarorako zubi horretan daude, baina bakoitzak bidezidor bat hartzen du». Hortaz, Agirrek pertsonaiak hazten ikusteko «nahia» izan du. Maren, Libe eta Oierrez gainera, pertsonaia berriak ere agertuko dira liburuan, Mikel eta Aitziber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.