Euskal Herrian taberna giroan sortutako egitasmoen zerrenda luzeari batu zaio Zutaz kantatzeko (Gaztelupeko Hotsak) liburua: Tolosako (Gipuzkoa) Mescal tabernan egin zuten topo uda gau batez Jon Eskisabel kazetariak eta Imanol eta Joni Ubeda Bide Ertzean taldeko musikariek, eta taldeari buruzko liburu bat egitea proposatu zioten orduan musikariek Eskisabeli. «Proposamen irekia» zen, erabat zehaztugabea, eta kazetariaren lana izan da hura fintzea eta hari itxura ematea. Azkenean, taldearen inguruan ibilitako batzuen eta besteen hitzak jaso eta dokumentazio lana egin ostean, liburua ondu du, Bide Ertzean-en ibilbidearen argazki gisara. Zeren eta, joan da hemezortzi urteko bidea, baina geratu dira aztarnak, bidearen ertzean.
Kazetariak, edonola, bazuen «aurreiritzi» bat edo beste lanari ekiteko orduan. Atzo azaldu zuenez, ez dira ohikoak musika taldeei buruzko liburuak gurean. «Are gutxiago euskaraz, eta are gutxiago ustez liburu batera eramateko baldintzak betetzen ez dituen talde baten kasuan. Musika liburuak nazioarteko birak eman, aretoak bete eta milaka eta milaka disko saltzen dituen taldeei buruzkoak izaten dira». Eta, esan gabe doa, ez da hori Bide Ertzean-en kasua: «Bada talde bat bere ibilbidea egin duena, baina beti izan da talde minoritarioa, bere izena irabazi duena, baina minoritarioa».
Eta, halere, argi zuen Eskisabelek taldeak bazuela kontatzea merezi zuen «alde interesgarri bat». Nabarmentzeko moduko «talde berezia» izan baita beti Bide Ertzean, haren iritziz: «Ez dut esango rara avis bat denik, baina ale bakan bat izan da euskal eszenan». Bereizgarriak asko dira, eta hastapenetatik bertatik datoz. Horregatik, 1998an sortzearekin batera Bide Ertzean-ek pop musikaren eta poesiaren alde egindako «apustu estetikoa» nabarmendu zuen atzo liburuaren egileak, eta apustu horrek ekarritako berrikuntza azpimarratu zuen: «Poparen estereotipoekin hautsi zuen. Ematen zuen pop musika eta poesia ezin zirela ezkondu. Gaur egun, hori oso onartua dago, baina 1998ko Euskal Herrian ez hainbeste». Era berean, taldeak «bere garaiaren argazkia edo kronika» egiteko beti erakutsi duen kezka goratu zuen Eskisabelek. «Ez ditu abesti ederrak bakarrik egiten, beti transmititu nahi izan du mezu bat».
Bada, halere, Eskisabelentzat oraindik garrantzitsuagoa den ekarpen bat; «ideologikoa», nonbait. Eta balioekin du zerikusia: «Iruditzen zait euskal taldeen artean bere garaian oso ohikoak ez ziren balio batzuk transmititu izan dituela beti taldeak: enpatia, afektibitatea, zalantza, hauskortasuna... Munduan kokatzeko modu bat transmititu du». Egilearen arabera, hain justu, horrek ematen dio izaera berezia taldeari.
Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko musikariak egin du liburuaren hitzaurrea —«laburra baina ederra», Eskisabelen hitzetan—, eta hark ere erreparatu dio Bide Ertzean-ekoen aldarte samur eta gertukoari. Hain zuzen ere, horrekin du lotura ere liburuarenZutaz kantatzeko izenburuak, egileak atzo azaldu zuenez: «Ondo laburbiltzen du enpatia eta besteenganako harreman hori». Taldeak bere lehen diskoan grabatutako Bide Ertzean kantaren hitzen zati bat da tituluak jasotzen duena.
Osaketan ere berezia da Bide Ertzean taldea, kazetariaren ustez. Izan ere, amateurrak diraJoni eta Imanol Ubeda «taldeko buruak», baina hasieratik eginzuten «apustua» musikari profesionalekin lan egiteko. Eta, Eskisabelek dioenez, «eredu misto hori ez da oso ohikoa Euskal Herrian». Eta horretan datza taldearen beste balioetako bat: «Talde amateurra izan arren, talde profesionala balitz bezala egin ditu gauza guztiak, detaile guztiak zainduz, grabazioak, arlo teknikoak, non jo... Eta beharbada horrek ere sakrifizio batzuk egitera ere eraman ditu, nahi baino gutxiago jotzera, beharbada».
Liburua osatzeko, batzuekin eta besteekin hitz egin du kazetariak: taldekideekin, soinu teknikariekin eta diskoetxetako arduradunekin. Gainera, taldearen sorreraren testuingurua deskribatu du, bilakaera azaldu, eta egin ditu iruzkinak orain arte kaleratutako diskoen inguruan. Era berean, bost idazlek —Gotzon Barandiaran, Igor Estankona, Castillo Suarez, Jon Benito eta Itxaro Borda— taldeari buruz idatzitakoak jaso dituzte liburuan.
B aldeko kantak
Liburuarekin batera, hamalau kantez osatutako disko berria ere kaleratu du taldeak, liburuaren izen berekoa. Garbiñe Ubedaren diseinuak bildu ditu bi euskarriak, diskoa zein liburua. Orain arteko grabaketatik kanpo geratutako kantek osatzen dute diskoaren zatirik handiena, Imanol Ubeda taldekideak atzo azaldu zuenez: «Taldearen ibilbidean ia konstante bat izan da: estudiora sartu orduko, gehiago ziren eramaten genituen kantuak, gero grabatzen genituenak baino». Hala, «ganbara betetzen» joan zitzaien bazterrean pilatutako konposizioekin. «Egun batean bururatu zitzaigun ganbarara igotzea eta pixka bat ordenatzea».
Ariketa horretatik sortu zen orain aurkeztutako bilduma: diskoetatik kanpo geratutako piezak daude, baina baita argitaratutako batzuen moldaketa bereziak, irratian egindako zuzenekoakedo remixak ere, besteak beste. «B aldeko gauzak» dira orokorrean, «bazterrean geratu direnak». Eta taldearen ibilbide osoko kantak badira ere, Ubedak ez du uste taldearen erakusgarri gisara balio dezaketenik. «Horretarako diskografia dago». Zaleek Bide Ertzean-en «argazki osatuago» bat egin dezaten balio dezake diskoak, ordea.
Taldearen azken lana izango da, 2017arekin batera eten mugagabea egin aurretik. Halere, lau kontzertu emango dituzte hori baino lehen. Bolada batean, behintzat, azkenak izango dira. Eta horregatik ari dira «kariño handiarekin» prestatzen.
Bide ertzeko aztarnak
Bide Ertzean-en 18 urteko ibilbidea bildu du Jon Eskisabelek 'Zutaz kantatzeko' liburuan. Disko berri bat ere ondu du taldeak, orain arte grabatu gabeko kantekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu